ISOLAZIONISMOARI AGUR, INPERIALISMOAK BEREAN JARRAITZEN DU

Irakurle gehienek jakingo duten moduan, lehengo asteko ostiral goizaldean AEBk Siriako Aire Aradaren base bat eraso zuten. AEB Siriako gudan buru-belarri sartua dagoela inorentzat sekretua ez baldin bada ere; badaude bi elementu berri eraso honetan: alde batetik lehen aldia izan dela AEBtako armadak zuzenean eta asmoa esplizituki azalduz Siriako Armada eraso izan duela (2016.ean Deir Ez-Zorren Siriako elite-indarretako 100 soldadu hil zituzten, muino batzuk jihadisten esku utziz, baian huraxe “akats” bezala saldu zuten), eta  bigarrena Donald Trump, teorian “antiinterbentzionista” zen lehendakariak agindutako eraso bat izan dela.

White Helmets

White Helmets taldea eszenifikazioan. eskularrurik gabe (!) ustez eraso kimikoen biktima izandako pertsona bat artatzen.

Erasoaren “aitzakia” edo leitmotiv delakoa, Siriako Armadak jihadisten kontrolpeko Idlib hiriaren kontra ustez egindako eraso kimikoa izan da. Eraso honen inguruan hainbat zalantza agertzen zaizkigu, adibidez, White Helmets (Al Qaedaren fronte bat) taldearen eszenifikazioak, edo hildako gehienak erasoa gertatu baino egun bi lehenago Ahrar al-Xam oposizioko taldeak 250 herritar bahitu zituen Majdar eta Khattab herrietakoak izatea, edo oposizioaren aldetik arma kimikoak erabili izanaren aurrekariak izatea. Bestalde Khan Xeikhun ez zen inolako helburu estrategikoa, are gutxiago Siriar Armada Arabiarra Palmirako frontean aurrera egiten dagoenean. Arma Kimikoak debekatzeko Nazioarteko Erakundearen arabera, ere, eraso hori ez zuen Siriako Armadak hegazkinez egin. Honen  aurrean badugu aurrekari bat, 2013an Houtan Siriari antzeko eraso bat egitea leporatu zitzaion (gero jakin zenez, eraso hori ez zuen Siriak egin). Eraso horrek Siria nazioarteko erasoa jasatearen ertzean jarri zuen (eta ez bonbaketa puntual baten ertzean, baizik eta nazioarteko koalizioaren jomugan), azken momentuan, Siriak arma kimikoez armagabetzeko konpomezua hartu behar izan zuelarik, Errusiak bitartekaritza papera eta armagabetzearen berme papera jokatu zituelarik. Eta hain zuzen ere, Houtakoa ezeztatu zuen MITeko irakasle Theodore Postolek ezeztatu egiten du Khan Xeikhunekoa siriar armadaren eraso kimikoa izana: Etxe Zuriak bidalitako txostenean agertzen diren datuekin, aire-bidezko erasoa ezin frogatuzkoa zela dio, eta litekeena denez, lurretik egindako eraso bat izan zen (Khan Xeikhun orduan “oposizioko” terroristen kontrolpean dago). Postolek berak NBEren Khan Xeikhunen gaineko analisi bat eta AEBren inteligentzia zerbitzuen gaineko beste analisi bat eskatu ditu. Bestalde Turkiak (agian Sirian eta guda honetan interes gehien duen kanpo potentziak, eta aldi berean aliantzak gehien aldatzen dituenak), bere burua eskaini zuen “Ikerketa” burutzeko talde bat bidaltzeko, eta are fait accompli bezala ezartzen saiatu zen.

Ikusi dugun bezala, badaude elementu asko eraso hori Siriako armadak egin ez zuela pentsatzek, edota kasurik “onenean” zalantzan jartzeko. Zergatik orduan jo du Trumpek erasora, zergatik jo du larrera belarrik zegoenik jakin gabe? Honen aurrean, komunikabideetan aurkitu izan ditugun azalpenik errepikatuenen arabera, dena Trumpen pertsonalitate “gorabeheratsu” edo “inkoherentearen” gauza izan da: antza denez, Trumpek benetan “ez daki zer egiten duen” edo “epe motzeko interesen arabera” mugitzen da. Hala ere, norbanakoen izaeraren gainetik arrazoi politikoak daudela sinesten dugunok, halako errazkeriez haratago jo behar dugu; batez ere, kontutan izanik hau ez dela izan gizon bakar baten kontua. Rex Tillerson AEBtako Estatu-Idazkariak Moskura egindako bisitaren aurretik (“Assadek ez du tokirik Siriaren etorkizunean”) eta are Moskun erabili duen doinu gogorra (“Errusiak AEB eta Assaden artean aukeratu behar du”), Trumpen Administrazioak izendatutako NBEren aurreko enbaxadore Nikki Haleyren adierazpenak  entzunda (“bonbaketa gehiago” eskatzen zuen, eta are gehiago, aste honetako astelehenean Baxar al Assad kanporatzeko beharraz ere mintzatu da)L; Trumpen administrazio osoa “Assad ez da gure etsaia” esatetik “Assad gure etsaia da” ahobatez esatera pasa dela ematenn du. Trumpek lehendakaritzara eraman zuten hauteskundeen kanpainan, erabilienetako leloak “interbentzio eza” eta isolamendua (bai Bushen zein Obamaren garaian nagusi izan ziren eta Clinton babesten zuten neo-con delakoekin distantzia markatuz) izan zirela jakinda, ildo aldaketa hau oso esanguratsua dela argi geratzen zaigu. Zerk eragin du halako aldaketa? (bide batez, AEBtako establishment osoak babestu du eraso hau, Hillary Clintonek barne, Bernie Sandersen adierazpenak aurpegibikoak izan direlarik).

tillerson-lavrov

Lavrov eta Tillersonen arteko bilerak Errusiaren eta AEBren arteko harremanak ezin okerrago daudela baieztatu zuen.

Lehen aipatu izan dugun moduan Siriak Errusiak bermea emandako plan baten ostean desegin edo entregatu zituen haren arma kimikoak, aurrekari izan zitekeen Houtako erasoaren (egun nahiko argi dago eraso hori oposizioak egin zuela) ostean. Beraz, Errusia beraren hitza zalantzan uzten du honek, Trumpek erabaki hori hartzeko arrazoiak egiazkoak izango balira, horrek esan nahi du Errusiak emandako hitza kolokan geratzen dela. Eraso honek, Errusia eta AEBren arteko harremanak oso egoera txarrean utzi ditu. Sergei Lavrov bezalako politikari zuhur, hitzak neurtzearen zale eta buru-argi batek esan duen moduan, “AEBren eta Errusiaren arteko harremanak, Guda Hotzetik hona, inoizko egoerarik okerrenean daude”. Eta jabetu gaitezen baita ere eraso honek Siriaz gain Errusia bera jo duela, Siriako hegazkin-basea defendatu duen defentsa antiaereoko trenak errusiarrak izan baitira, eta  bi potentzien artean Sirian elkar ez kolpatzeko itun bat baitago (hori eraso hau Siriaren subirautza urratzea dela ere kontutan izanik). Errusiar airezko erasoen kontrako defentsa-sistemek nahiko lan ona egin omen zuten, AEBk botatako 59 misiletatik 36 geldiarazi edo desbideratu baitzituzten.

Beraz, Errusia, zurrumurruen eta gaizki-esanen arabera Trump lehendakaritzara eraman duen, edo lehendakaritzara eramateko lan gehien egin duen potentzia izan da hain zuzen AEBk harekiko harremanak gehien okertu dituen herrialdea. Kontuan izan behar da Trump lehendakari izendatu berritan gertatu zena: alde batetik CIAk, FBIk eta NSAk “errusiar hackerren” inguruko ikerketa hasi zuten, eta bestetik kalean “Koloreetako iraultzen” antza handia zuten protestak hasi ziren “zilegitasunik gabeko lehendakariaren” aurka. Kaleko protesta horien helburua zein zen oso argi ez zegoen (kontuan izanik barne-ekonomiari dagokionez Clintonek Trumpen antzeko ildoa defendatzen zuela, eta kanpo-politikari dagokionez, ildo gogorragoa hartu zuela), baina antza zenez, beste mugimendu garrantzitsuago baten “Mugimendu osagarri” bezala funtzionatu izan zuen; hain zuzen ere, “barneko Estatuan” Trumpen ustezko isolazionismoaren kontrako fakzioaren mugimenduez ari gara. Egun horietan, goi-instantzietatik Trumpen kontra egiten zen akusazio nagusia “Errusiarekiko hurbilekoegia” zela izan zen. Bai protestek zein “zerbitzu sekretuen ikerketek”, Trump “zilegitasunik gabekoa” zenaren ustean bat egin zuten.

Flynn

Michael Flynn kargugabetzea neo-kontserbakorren mugarri-garaipena izan zen.

Baina bi faktoreetan, azkenean, helburuak argi eta botere handiagoa duena, hau da “barne-Estatua” izan zen erabakigarria. Otsailean izan zen kolpe erabakigarria, Michael Flynn jenerala postutik kentzea behartu zutenean. Destituzio hau ez zen edozelakoa izan, hain zuzen ere Flynn izan baitzen Trumpen inguruan Errusiarekiko hurbilketa gehien proposatzen zuena, eta ez hori bakarrik, zerbitzu sekretuen “autonomia” bukatu nahi izan zuena eta lehendakariaren kontrolpean ezarri nahi zituena. Flynn botatzearekin batera, Trumpek, bere postua balizko impeachment delakoaren kontra ziurtatu zuen, baina (ustez) berea zuen politika sakrifikatuz, neo-kontserbakorren politikara makurtuz (Mike Pence lehendakariordea du buru egun fakzio horrek). Trumpek segituan egin zituen “ildo zuzenean” zegoela frogatzen zuten adierazpenak: “Errusiak Krimea Ukrainari itzuli behar dio”. Flynnen argugabetzerako aitzakia aldi berean, funtsik gabekoa eta esanguratsua izan zen” errusiarrekiko izan zituen zenbait elkarrizketa modu egokian ez komunikatu izana”. Denis Kucinich kroaziar jatorriko AEBtako kongresista ezkertiarrak berak ere esan zuen halako kargugabetzea “Estatu-kolpea” izan zela. Baina argigarria izan zen baita “aferan inplikatutako beste aldearen”, hau da, Errusiaren erreakzioa: Dmitrii Peskov Kremlinaren bozeramaileak esan zuenez, “Hau euren arteko barne arazo bat da”, hau da, AEBren barnek indar-korrelazioen aldaketa bat. Eta honela iristen gara “jauregiko kolpe” (Estatu-kolpe baketsue ta oharkabekoa, finean) honen ondoriora: Trump zerbitzu sekretuen (isolamendu-politikaren kontrakoek kontrolatutakoak) programaren zerbitzura ezarri izan da, Pablo Sapagek esaten duen moduan: Trumepk ez du lortu elementu hauek zerbitzuetatik purgatzea, eta hauek euren interesen defentsan aritu izan dira. Eta hain zuzen ere Flynn (hau da Errusiarekiko hurbilketa) zian da Trumpen neokontserbakorren kontrako hesi bakarra, kontuan izanik hain mediatikoa ez den Jemengo gudan Trumpen politika Obamaren jarraipena izan dela, Saudi Arabia laguntzea (eta baita ere Txinarekiko eta Ipar Korearekiko politika).

AEBren eta Errusiaren arteko antagonismo gogor honek, beste ondorio bat izan dezake Siriako indar militarren arteko orekan. Historiko, bi potentziok Assadekiko (zein ez dezagun ahaztu Siriako lehendakari zilegizkoa dena) duen posizioa erabat kontrajarria da, baina ez da hala gertatzen Sirian dauden indar guztiekiko. Adibidez, kurduen YPG miliziak eta hauek babestutako indarrek, “Siriako Indar Demokratikoak” deitutakoek bi potentzien erabateko laguntza izan dute, beren lurraldean base militarrak izateraino. Arrazoiak ezberdinak izan daitezke, batzuen ustez, agian kurduek Sirian Baathen kontrako papera joka dezakete, Siriaren batasuna apurtzeko, edota ISISek lehen momentuan hartutako lurretan “oposizio onargarri” gisa erreleboa hartzeko. Besteen ustez, Estatu baathistak, modu erreformatu batean, bere oinarri soziala handitzeko, eta nork daki, agian oposiziokoak izan zitezkeen sektore batzuen eta Gobernuaren arteko elkarrizketak errazteko asmoz. Azken asteetan, kurduek eraso oso arrakastatsu bat burutu dute “Estatu Islamikoaren hiriburu” omen den Raqqa (kurdua ez den zonaldea) hiria setiatuz. Bi potentzia hauen arteko ika-mikek agian kurduekiko babesa higa dezakete, kontuan izanik azken eraso honek AEBren eta Errusiaren “elkar ez kolpatzeko” ituna bertan behera utzi dezakeela.

Ideologi arloan eraso militar honek badu baita bere garrantzia. Azken urteetan, zenbait zirkulutan, batez ere Aleksandr Dugin errusiar pentsalariaren jarraitzaileen artean sortu den teoria bitxia baten arabera, egungo inperialismoarekiko, edota “globalismoaren” edo “mundialismoaren” aurkako alternatiba nagusia eta are bakarra, nazionalismo identitarioa zatekeen. Duginen arabera, beste faktore batzuen artean (Eurasiaren batasun geopolitikoa, adibidez), inperialismoa balio “internazionalista” eta “aurrerakoiekin” (aurreko artikulu batean azaldu genuen “Sorosen internazionala” izango zatekeen “balio ekumenikoen internazionalismoaren” bultzatzaile nagusia) lotuta omen dagoenez gero, balio “tradizionalekin” borrokatu beharra dago; berez, kontserbakortasunarekin bat eginez, “betiereko” muga edota sistema ekonomiko eta ideologikoak defendatuz, eta balio “aurrerakoiak” berez inperialistak “beti” izango bailiran salatuz (Europako alderdi eskuindarren artean ideologia honek entzuten handia izan du). Honela, disoziazio bat eta are antagonismo bat irudikatzen du Duginek nazionalismoaren (identitarismoaren) eta inperialismoaren artean, bi fenomeno antagoniko bailiran. Ikuskera honek, inperialismoaren azken bi mendeetako historia, nazionalismoari lotua dagoena ahazten du, eta bestetik, bere “balio ideologiko” batzuk (zeintzuek, dena dela azken hamarkadan inperialismoaren tresna bezala erabiliak izan direla egia den) gainestimatzen ditu inperialismoaren funts bezala, hauxe kapitalismoaren eboluzio monopolista eta interes ekonomikoak direla ahaztuz. Narratiba honek eraman ditu zenbait Trumpengan, “nazionalista” eta “identitario atzerakoi” gisa, antiinperialista edo subiranista bat ikustera, AEBren egitura ekonomikoari eta honek elikatzen duen eta sustengatzen duen Inperio-sistemari garrantziarik eman gabe. Narratiba hau eskuin muturreko zenbait alderdiren gustukoa bada ere, errealitatetik urrun dago. Kontuan izan behar da, Soros berak, “inperialismo aurrerakoiaren” ideologoak, lehen etsaia Ekialdeko Bloke Sozialista izan zuela, lehen  “koloretako iraultza” Milosevicen Gobernu “ezkertiarraren” aurkakoa izan zela, eta Ukrainako gudan bertako eskuin identitarioak jokatu izan duela Sorosen laguntzaile papera. Trump “identitarioak” egindako eraso honek ez du duginismoa errefutatzen, baina bai duginistek ardatz gisa duten dikotomia horren (“Inperialismo progresista vs subiranismo antiinperialista kontserbakorra”, edo “sorosismoa vs duginismoa”) baliozkotasun unibertsala bertan behera geratzen da.

Oxandabaratz

Advertisements