“EKUMENISMOA”, INPERIALISMOAREN TRESNA IDEOLOGIKOA? (1968KO AJE BATZUEZ)

Oxandabaratz

Entsegu honetan, “ezkertiar” mozorroarekin dabiltzan ideologia inperialista berriez, honen ideologoez, eta honen eragileez arituko gara.

Ekumenismoa berez, “unibertsaltasunarekin” lotzen den termino gisa, balore unibertsal batzuen aintzatespena deneko akordio gisa ulertzen da. Hau da, erlijioen arloan, erlijio guztiak batzen dizkien gutxieneko sinesmen amankomunean oinarritutako elkarrizketa izango zatekeen, filosofian, humanismoaren balore minimo amankomunetan oinarritutako balore-sistema bat, eta abar. Berez, hauxe, gizateriaren “akordio unibertsal” gisa, aurrerabidean aurrerapauso gisa hartua izan da.

Baina zer da “ekumenismoa” gaur egungo munduan, politikari, beraz, indar-korrelazioei aplikatuta? Izan ere, gaur egun (agian NBE urrutikoa kenduta), ez dago mundu zabaleko biztanleak, Burkina Fason zein Finlandian, sentimentalki eta identifikazio arloan berdin lotzen dituen entitaterik, ezta ere, euren arteko “elkarrizketa politiko-kultural bat” hasteko nahikoa indar edo zilegitasun dituzten bizpahiru entitate indartsu transnazional ere (Mendebaldeak ez ditu onartzen bere “parekide” gisa, ez Eurasiako OCS, ez Latinamerikako ALBA-CELAC).

Hala ere, horrek ez du esan nahi “kultura unibertsalak” edo “unibertsal bokaziokoak” existitzen ez direnik. Zer egiten du kultura bat, hizkuntza arruntean, “kultura global” edo “unibertsal”? Indarrak. Indar ekonomiko, politiko eta militarrak. Hots, kultura jakin bat, “nazioarteko” edo “global” egin duena, honek izan duen iraganeko (edo orainaldiko) nagusitasun inperialista (kolonialismo klasikoa) edota nagusitasun ideologikoa izan da (adibidez, garai batean, grekera edo beste garai batean, alemaniera filosofia arloan; frantsesa hasierako liberalismoaren arloan, errusiera sozialismoaren garaian…). Gaur egun, ordea, mundu mailan “Mendebaldea” edo “Europa” (AEB barne, behintzat kultur arloan hein handi batean) kultura “global” izateko indarra duen kultura bakar delarik,hau da, mundu osoan bere kultura zabaltzeko (inposatzeko?) gai den balio-sistema kultural bakarra. “Mendebaldeko kultura” deritzogun hori batez ere Ilustrazioaren iluminismoa indibidualistatik, liberalismotik, industri iraultzatik (1), merkatu ekonomiatik, kolonialismotik eta Guda Hotzaren garaipenetik edaten du (ez hainbeste, okerbidez hala pentsatzen bada ere, Bigarren Mundu Gudaren bukaeratik, izan ere, Bigarren Mundu Gudaren bukaeraren ondoren ezarri ziren, edo ezartzen saiatu ziren balio unibertsalek, adibidez antikolonialismoak, edota herrien autodeterminazioak, edota eskubide sozialen unibertsalizazioak; gehiago baitzuten SESBen aportaziotik Mendebaldearen aportaziotik baino. Bestalde Domenico Losurdo pentsalari italiarrak frogatu duen bezala, nazismoa ez da Mendebaldeko balioekiko arrotza zen ideologia bat, Mendebaldeko balioen barne sortu zena baizik). Beraz, modu aseptikoan (ez definituan), “ekumenismo” hau inbokatzen denean, kontu handiz hartu beharko genuke ea ez ote ari diren Mendebaldeko kulturaren erabateko nagusitasunaren defentsa egiten. “Ekumenismo” kontzeptua bilorik gabe Bernard Henri Lévy ideologo inperialistak aldarrikatzen du 2014an “El País” egunkarian egindako elkarrizketa honetan.

BHL Poroxenko

Ekumenismoren ideologo Bernard Henri Lévy Poroxenko ukrainar lehendakari kolpistarekin

Guda Hotzean, herrialde sozialistak desegonkortzeko eta ahultzeko aitzakia nagusia “askatasuna” edota “demokrazia” zen; logikoa beste alde batetik alde horrek liberalismoa baitzuen goiburu, “etsaia” antiliberala-antikapitalista den artean. Gaur egun, ordea, “giza eskubideen” barnean sar daitekeen edozer erabiltzen da, edozein moduko kausa aurrerakoi: Jugoslavian autodeterminazioa, beste toki batzuetan “Ustelkeriaren aurkako borroka” edo “autoritarismoaren kontrako borroka”, beste batzuetan “herri iraultzak” eta abar. Gaur egun, eskusartze inperialistak ez dira soilik “antikomunismoaren” (zentzu kontserbakorra duen kontzeptua) egiten, baizik eta zentzu aurrerakoidun hainbat kontzeptu erabiltzen dira esku-sartze hori babesteko. Eta nor hobea eskubide edo aurrerapen horiek babesteko Mendebaldeko potentziak baino? Hortxe datza “ekumenismo” honen funtsa inperialista. Jean Bricmontek esaten duen moduan, “inperialismo gizatiarraren” aroan bizitzen ari gara. Bricmont belgiar kritiko antiinperialistaren arabera, “Inperialismo gizatiarra”, Mendebaldeko Estatuek, euren printzipioen “nagusitasun morala” ustez edonon esku-hartzeko eskubidearen ustea izatean datza.

Jean Bricmont belgiarraren arabera, “humanitarismoa” gudarako erabiltzen XIX mendean hasi zen. Garai horietan ez zen hain argudio nagusia, orduko kolonizazioa babesteko “zibilizazioa” (orduan gainontzekoak “basati” bezala hartuak baitziren) edo zinikoenek (egiazaleenek) “merkataritza” soilik erabiltzeen zuten. Baina “guda gizatiarren” inguruko teorizazioa garai horietako filosofo ilustratu-liberaletan agertzen da, adibidez, John Stuart Mill liberalismoaren aita filosofikoetako batek defendatzen zuen. Britainiar Inperioko politikari garrantzitsuenetako bat izan zen Lord Salisburyk boerren kontrako guda “guda gizatiar” bezala definitu zuen. Halere, “guda gizatiarrek” edota “esku-hartze gizatiarrek”, Guda Hotzaren bukaerarekin izan dute euren puntu gorena. Izan ere, gaur egun bi faktore batzen dira: alde batetik ideologia global bakarra (erresistentzia osatzen duten Estatuek ez dute bloke ideologiko bakar bat osatzen) eta beste alde batetik, gaur egun, deskolonizazioaren ondoren “zibilizatze” gudak esatea ezinezko dela; beraz “zibilizatu” beharrean, “bertako herriei mesede” egitea, “demokraziaranzko bidean laguntzea” erabiltzen da.

Honekin jarraitu aurretik, azalpen labur bat jarriko dugu, 1999koa. 1999an, NATOk Serbiaren kontrako guda hasi zuen, airetik Belgrad eta beste hiri batzuk bonbatuz eta serbiar populazioa zigortuz, Serbiak Kosovon NATOk proposatutako “bakea” (NATOren tropei sarrera askea emango ziena, hau da, subirautza galtzea, 1914an austriar ultimatumak egin bezala) onartu ez zuelako. 70 egun ostean, Serbiak amore eman zuen (Martti Ahtisaari NATOren ordezkariak esan zuen “onartzen ez baduzue, Belgrad itsasoaren mailan utziko dugu”); bonbaketek bost mila bat serbiar (zibilak gehienak) hil zituzten. Guda hori justifikatua izan zen oso Mendebaldetik, “printzipioen aldeko guda bezala”. Adibidez, Václav Havel antikomunismoaren lider izpiritualak eta Txekoslovakiako lehendakari ohiak, 1999an esan zuenez: “Guda honetan, interes materialak ez daude NATOren buruan. Guda hau soilik kezka gizatiarrengatik egin da. Guda honen bidez printzipioak Estatu-subirautzaren ezarriko dira. Horrek egiten du Jugoslavia erasotzea zilegi”. Geroago beste behin esan zuen “pertsonen eskubideak Estatuen gainetik jarri ditugu” (2). Puntua ondo hartu zion horri Miroslav Lazanski kazetari serbiar ospetsuak artikulu honetan (“Gernikatik Parisera”): “supranazionaltasunaren izenean (…) europar hiri zahar bat bonbatu zuen Europak (Belgrad). Europa supranazionalaren izenean, Estatuen muga nazionalak eta subirautza birrindu zituen (…) Europa supranazionala ergelkeria hiltzaile bat da” (3).

NATO Prizren

NATOren omenezko monumentua Prizren hirian, Kosovon. Konkista “demokratikoaren” erakusgarri garbia.

Kontutan izan behar da, Kosovon, NATOk bonbaketa kanpaina hasi aurretik ez zela egon albaniarren kontrako garbiketa etnikorik, OSCEk Kosovon egin zuen misio batek esaten zuen bezala. OSCEren arabera (gogoratu OSCE Mendebaldeko potentzien sustatua dela, batez ere); Kosovon “giza eskubideen urraketa larriak” ematen ziren, baina ez genozidioa, eta giza eskubideeen urraketa horien erantzulek bi aldeak ziren, ez bat bakarrik. 1998an bertan, Erresuma Batuko Gobernuaren arabera, Kosovon albaniar talde armatuek Jugoslaviako eta Serbiako segurtasun publikoko indarrek baino pertsona gehiago hil zituzten, eta 1998ko martxoaren 24an hori baieztatu zuen Erresuma Batuko Defentsa Ministro George Robertsonek. Behin NATOko bonbaketek serbiar tropak Kosovotik atera arazi ondoren, serbiarren kontrako garbiketa etnikoa hasi zen, benetakoa, Independent britainiar egunkariak salatu zuen 1999an, Kosovoko hiriburu Prištinan zeuden 40.000 serbiarretatik 400 geratzen zirela soilik. Kosovoko Eskusartze justifikatzeko, behin eta berriz erabili zen arrazoi gisa serbiar tropek 1999ko urtarrilaren 15ean Raçak herrian egindako “sarraskia” (serbiar tropen arabera, hor ez zen sarraskirik egon, albaniar kide armatuen eta serbiar tropen arteko tiroketa armatua baizik, hamarnaka pertsona hil zirelarik. Raçaken inguruan egin zen finlandiar forentse-taldearen ikerketa –Ebren izenean egindako ikerketa- ez zen publikatu eta sekretupean gorde zen). Baina galdera da, Raçak har daiteke “garbiketa etniko planifikatu” baten adibide gisa? Erantzuna ezezkoa da. Raçaken antzeko beste “sarraskirik” ez zen gertatu. Beraz, 1999ko urtarriletik martxora (bonbaketak hasi ziren egunera) hilketek eta tiroketek Raçak aurretik bezala jarraitu zuten. Alemaniako Kanpo Arazoetarako Ministeritzak berak esan zuen baita “Kosovon ez dago albaniarren, albaniar izatearren, kontrako berezko jazarpen masiborik”. Nicholas Wheelerren arabera, bonbaketen aurretikako urtean Kosovon gertatutako 2000 hilketetatik “serbiarrek 500 bakarrik ez zituzten eragin”.  Bestetik, Robert Hayden Balkanetan aditua denaren arabera “bonbaketek, lehen hiru asteetan, serbiar zibilen artean, aurreko hiru hilabeteetan bi aldetako zibilen artean eragin dutena baino hilketa kopuru handiagoa eragin dute; baina inork ez dio hau hondamendi humanitarioa denik”. Datu guzti hauek “berandu atera dira”, edo ahanzturara kondenatuak izan dira; “inperialismo gizatiarrak” edo ekumenismoak propagandaren bidez bere helburua lortu zuelako “mundu osoak jakitea serbiarrak II Mundu Gudatik gaur arteko etnia-garbiketarik okerrena egiten ari zirela”: Mezu honek behin eta berriz errepikatuta, Goebbelsen eran, bere asmoa lortzen du: “inperialismo gizatiarra” onartua izatea, eta “Herriak berak eskatzea”; Mendebaldeko potentziek “han giza eskubideak ezar daitezela”, “hangoak laguntzea” eta bar. Kosovokoa ez da kasu bakarra izan, Blairrek esan zuen Saddam Husseinek hobi komunetan 400.000 irakiarren gorpuak aurkitu zituztela. Edo esana zen Gaddaffik “bere populazioa bonbatu zuela”. Edo Assadek “eraso kimikoak egin zituela” edo “manifestazio baketsuak tankeak erabiliz zanpatu zituela”. Noski, hori gezurra zen, baina bere momentuan bazuen nolabaiteko zentzua: halako gezurrak errepikatuz, giza eskubideen aldetik egoera jasangaitza zela esaten zen, hortaz eskusartzea “moralki beharrezkoa” zela zioten diskurtsuak zilegiztatzen ziren batetik; eta bigarrenik, okupazio indarrak, “akatsak akats, lehen zegoena bano gizatiarragoak” izango zirenaren sinesmena zabaltzen zen. Bi inpresio edo uste hauek dira ezinbestekoak ekumenismoaren ideologiarendako. Hurrengo kapituluetan ideologia horren aktore nagusiak eta pentsamenua deskribatuko ditugu.

Inperialismo gizatiarraren pentsamenduaren popeak

BHL Ukraina

Iraultza eta antzerkia biak bat eginda: BHL Maidan babeste. “Maidanen” ateratako argazki hau estudio batean atera zuen.

Esan bezala, ekumenismo nagusitzaile horren adierazle nagusia, pentsamolde arloan, Bernard Henri Lévy frantziar filosofoa dugu, Bricmontek kritikatutakoa osorik hartu eta positibotzat hartzeko gai dena (“ekumenismo” hitza berarengandik hartu dut). Bernard Henri Lévy askorentzat ezaguna egin da, azken urteetan Libiaren, Siriaren eta Ukrainaren subirautzen kontrako Mendebaldeko kolpeen sustatzaile gisa.

BHL_Sarajevo-2

Bernard Henri Levyk Sarajevon erantzun zuen elkarrizketa hau “balen azpian” izan zela esan zuen. Eskuineko argazkian ikusten da ezetz (soldaduak lasai daude). Teatralizazioa kontrairaultzaren behikulu gisa.

Hala ere, Bernard Henri Lévyren karrera kolpista nahiko zaharra da. 1985an, adibidez, Nikaraguan sandinisten kontrako interbentzioa deitu izan zuen, sandinistak “alderdi totalitario bat, Latin Amerika osoan entitate marxista-leninista bat inposatu nahi zutena” zirela argudiaturik. Ezaguna da baita 90ko hamarkadan Jugoslavia zatikatzeko eta Bosniako nazionalista musulmanak “ez nazionalista multietniko” gisan aurkezteko egin izan dituen ahaleginak (nahikoa ezaguna izan zen 1992an Sarajevon “bonben azpian” egin zuen elkarrizketa, eskenatokia faltsua zela frogatu zen gero (4)). Henri Lévyk ondo azaltzen du bere ideia inperialista aipatutako 2014ko elkarrizketa honetan: argi eta garbi erakusten du “Europa, zibilizazio ekumeniko bakar gisa” kontsideratzen duela, beraz “Mundu mailako politikan esku-hartzera” behartua dagoela, “Europaren ideia” mantendu nahi badu (5). Hots, Henri-Lévyren arabera Europak “ekumenismoaren” izenean edozein Estatutan esku hartzeko eskubidea eta are betebeharra du. Izan ere Bernard Henri Lévy sionistaren arabera, “europar ideologia ekumenikoaren” mugez at dagoen balio-sistema oro, totalitarioa da.

BHL Siria

Siriako jihadistak, agente demokratizatzailea? Edo helburu geopolitikoetarako tresna baliagarria?

“Ekumenismoaren” ideologiaren inperialismoarekiko beste ustelkeria bat, askoz hobeto ikusten da kontraesan honi so eginez gero: balioak unibertsalak eta “unibertsalgarriak” dira, baina balio horien “unibertsalizatzaileak” ez; horiek soilik indar militarra dutenak dira (hots, “nazioarteko komunitatea”, hots, Marxek esan bezala “gizarte batetako nagusitzaileak”, hau da, kasu honetan Mendebaldeko botereak). Hauen esku geratzen da balio unibertsal hauek definitzeko botere

BHL Libia

Bernard Henri Levy Libiako errebeldeekin bat egiten.

ideologikoa (Guda Hotzaren ostean “ez baitago beste sistema posiblerik” eta Bernard Henri Lévyren ahotan “gurea baita zibilizazio ekumeniko bakarra”) eta baita botere militarra. Hau da, Kubak Giza Eskubideez duen ikuspegia ez da gaur egun, eskenatoki honetan “nazioarteko komunitatean” nagusi den ikuspegia (osasuna debalde, hezkuntza debalde, ekonomia sozialista…). Eta era berean, Brasilek edo Txadek ezin dituzte “balio unibertsalak” zer diren definitu, ezta ere definitu ostean hauek beste edonon inposatu, botererik ez dutelako.

BHL libia 2

Hemen ere konpromezua faltsua da: Libaian atera zuen argazki hau “fabrikatua” da.

Beraz, “ekumenismoa”, balio unibertsalak hedatzea, BHLk goratu bezala eta Bricmontek eta Lazanskik salatu bezala, (klase nagusitzailearen) Estatuaren bortizkeria-monopolioa barne mugetatik kanpo mugetara eramatea da; nazioarteko bortizkeria nagusitzaile horren kontrako azken balazta izan zitekeen subirautza nazionala birrindu eta geroko ondorio logikoa.

“Ekumenismo” inperialistaren Makiavelo (edo Stuart Mill) BHL bada, orduan bere Medici (edo Lord Salisbury) George Soros hungariar jatorriko estatubatuar magnatea da (6). Sorosek, hasiera batean finantza espekulatzaile bezala karrera egin ondoren (beste balentria batzuen artean, Tailandiako ekonomia hondoratu zuen bhat txanponaren kontra), orain filantropo gisa dabil, mundu osoan “kausa onak” lagunduz. Sorosek, batez ere Open Society institutua eta OpenDemocracy eztabaida-webgunea zuzentzen baditu ere (OpenDemocracyren sustatzaile zerrenda hemen ikus daiteke: Rockefeller fundazioa, Ford Fundazioa, Europako hainbat Estatu…) bere atzaparrak hainbat eta hainbat mundu osoko GKE, pentsaera-zentru, “ekintza zibilerako talde” eta abarretan sartu ditu.

Finantzaketa

Sorosen GKEen finantzaketa-eskema.

Sorosen berezitasun bat, “kausa on” bat defendatzerakoan, inperialismoarentzat ere “ona” edo antiinperialisten artean higadura edo arrakala sortzeko modukoa dela ziurtatu ondoren defendatzea da (adibidez, Sirian, Siriako “Kasko Zuriak” finantzatzen ditu Sorosek, “gorpuak erreskatatzen” omen dituen erakundea hau, Al Nusra frontearen “erakunde zibil” bat da… baina publikoari begira “gorpuak eta zaurituak erreskatatzea” besterik ez den gauza on bat egiten dute). Sorosen lana, praktikan AEBko Estatu Departamenduan martxan jarri zuen NED (Demokraziaren Sustapen Nazionala), “CIAk ezkutuan egiteen duen lana argitan egiten duen erakundearen” antzeko lana egitea da, baina “independenteki” edo “filantropiaz” (hala kontsideratzen du bere burua berak, halere CIAren eta Sorosen arteko harremanak ez dira soilik ideologikoak, eta gainera aspaldikoak dira, 80ko hamarkadan Estatu Sozialisten kontrako subertsioa lagundu baitzuen). Sorosen kumeak nahiko bereziak dira: adibidez bere kume dira bai “International Crisis Group” deitutako taldea, zeinak nazioarteko “goi-mailako aditu” politikari, kazetari, ekonomialari eta abar biltzen dituena (Europa-AEB ingurukoak, ikus hemen, hemen eta hemen); eta beste alde batetik hainbat talde “disidente” edo “aurrerakoi” finantzatzen ditu, ia denak Open Society Fundazioaren bitartez (bere finantzapekoak dira, adibidez, Arabiar Udaberria delakoaren barneko mugimendu asko, zenbait talde ustez “Israelekiko kritiko” (praktikan Palestinaren arazoa 1967ko mugen arazo bihurtu nahi dutenak, 1948ko okupazioa eta garbiketa etnikoa ahantziz), talde ekologistak, giza eskubideen aldeko taldeak eta abar). Egia esan, Sorosek benetako Internazional bat zuzentzen du; hau da, nazioartean dotrina baten kausaren alde koordinatuta dagoen sare bat (kasu honetan, Alderdi bat izan gabe hainbat “mugimendu sozial” dira, eta sozialismoa defendatu gabe, antisozialismoa eta Munduko Ordena berriarekin bat ez datozen Estatuen subirautzaren suntsipena defendatzen dute).

Sorosen Internazional honen zutarria, “ekintza ez biolentoaren” zentru ezberdinak dira. Jakina denez “ekintza ez biolentoaren” aldeko ekintzaile guzti hauek “koloreetako iraultzen” abangoardian egon zirela. “Iraultza demokratiko” hauen eta Sorosen harremana zabala eta agerikoa da. Sorosek aspaldidanik finantzatzen du “ekintza ez biolentoaren” teorialari Gene Sharpen Albert Einstein Institutua (Gene Sharp “koloreetako iraultzak” burutzeko bi eskulibururen egilea da, eskuliburuok hainbat hizkuntzetara izan dira itzuliak). Subertsio mendebaldarzalearen aldeko talde “ez biolento” guzti hauek, Serbiako Otpor! taldeak inspiratu zituen (eta hasiera batetik zeuden bai Soros bera, zein Albert Einstein Institutua Otpor! finantzatzen). Sorosek 2000ko Otpor!-ren iraultzaren ostean, ondoko “koloreetako iraultza” guztiak, finantzatu ditu, 2003n Georgian, adibidez, edo Ukrainan bai 2004ko “Iraultza Laranjan” edo berriki gertatu den Euromaidanen (Euromaidanari buruz, baina hemen). Iraultzen ostean, Soros, lehen Otpor! osatzen zuen taldearekin harremanetan jarraitzen du,

OTPOR - Egipto - Kiev

Otpor!/CANVASek egindako eskuliburuak bai Udaberri Arabiarrean zein Maidanen erabili izan ziren.

talde hori orain “CANVAS “Estrategia eta Ekintza Ez Biolentoak Aplikatzeko Zentrua) deitutakoa. CANVAS, Otpor!-reko buruzagi ohi Srdja Popovićek eta Slobodan Djinovićek gidatua da, eta orain “Koloreen iraultzak” egin nahi dituzten aktibista berriak “entrenatzen” dihardute, adibidez Venezuelan (7), Bielorrusian edo Vietnamen. CANVAS delakoak 50 Estatu baino gehiagoko “ekintzaileekin” lan egin du; tartean, Egipton(2011n) edo Libanon (2008an). CANVASeko kideak Occupy Wall Street protesta mugimenduan ere agertu izan dira. (8)

Horrez gain, Sorosek bultzatutako azken kanpainen artean, Siriako Gobernuaren kontrako desestabilizazio kanpainetatik hasita. Lehenik “giza eskubideak” aipatu ditugu esku-hartze inperialistetarako aitzakia gisa, eta Sorosek adibide paregabea ematen digu: adibidez, 2010an, Siriako guda hasi baino pixka bat lehen, 100 milioi dolar eman zizkion Human Rights Watch taldeari (2008an HRWk donazioan jaso zituen 128 milioi dolarretatik 100 Soros Fundazioak emanikoak dira).Eta ez hori bakarrik, baizik eta antzeko erakunde Amnesty International ere babesten du “Sorosen Internazionalak”. Bi erakunde hauek paper handia jokatu dute Siriaren kontrako probokazioan, Baxar Al Assaden kontrako esku-sartze militarra probokatzeko asmoz.

Amnesty International 3

Sorosek finantzatutako Amnesty International Siriaren kontrako arma-bahimendua eskatzen.

Adibidez, Amnesty International taldeak, 2012an Sirian “errepresioa bukatzeko” (Gobernuaren errepresioa, Mendebaldeak babestutako mertzenario salafisten buru-mozketez ez du ezer ere esaten) sinadura bilketa hasi zuen, eta horrez gain, “Siriako kartzeletan hildako” (eta gero bizirik agertutako) pertsonen inguruko kanpainak hasi zituen (Zeinab al-Hosni kasua), erietxeetan “Assaden kontrako manifestari zaurituak jotzen omen zirela, edota protesten hasieran Gobernuaren segurtasun indarrak eragin zituzten hildakoen zifrak puztu egiten zituztelarik, edo Errusiari Assaden kontrako postura hartzea eskatzen ziotelarik (honi buruzko informazioa hemen).

Human Rights Watch ere bide berdinetik abiatu da adibidez, Houtako eraso kimikoa Siriako Gobernuaren Armadak burutu zuela esanez (beste iturri bat hemen); edo, Siriako bonbaketei buruz informazio faltsua ematen. Agertu den azken “giza eskubideen aldeko taldea”; Kasko Zuriak (edo Siriako Defentsa Zibila, jada hauei buruz idatzi dugu hemen), ere Sorosek babestua da, noski, beste bien moduan propaganda zabaltzaile bikaina dugu tresna hau. Kasko Zuriek egindakoen artean, Al Nusra Frontearen beso zibila izateaz gain, argazkiak manipulatzea eta Homseko bonbaketari buruzko txosten faltsuak idaztea ere badago (honez gain, kanpo interbentziorako deiak ere egiteen dituzte).

SUzanne Nossel

Amnesty Internationalen bozeramailea Hilary Clintonen gertuko aholkulari Suzanne Nossel da.

Gaur egun, Siria ez da Sorosen jomugan dagoen Estatu bakarra. Ezta gia eskubideetako erakundeak Sorosen Troiako Zaldi bakarra. Magnate honek askotariko presio-taldeak erabiltzen ditu, betiere “ekumenismoaren” aldetan eta “erresistentziaren” kontra (hauek Estatuak edota mugimenduak direlarik). Aipatu dugu baita lehen Euromaidanen inguruan izan zuen inplikazioa; baina Ukrainan egin duen karrera ez da hor geratu. 2014ko urriaren 29an, Herri Errepublikak mehatxupean zeudenean, Sorosek “Europa batzeko” deia egin zuen “Errusiari aurre egin diezaiogun”… ekonomikoki zein militarki Poroxenkoren Junta babestuz. Sorosen Errusiaren kontrako herra ez da Ukrainako gatazkara soilik mugatzen, baizik eta Errusian bertan Gobernua aldatzeko saiakera hainbat egin ditu pertsona honek. Errusian, oposizioko politikari liberalak (Khodorkovski oligarka, adibidez), nazionalistak (Aleksei Navalni) edota

Amnistia Pussy Riot

Endogamia: Sorosek babestutako Amnesty International Sorosek babestutako Pussy Rioten aldeko kanpaina egiten.

baita ere ekintza-talde “anarko-feministak” (Pussy Riot). Errusiak Soros fundazioaren elkarteak debekatu behar izan ditu. Soros bera aditu da “ezkerreko”; “aurrerakoi” edo “eskubideen aldeko” taldeak batzen; adibidez Bolivian edo Ekuadorren indigenisten edota ekologisten ustezko taldeak babestu ditu hango Gobernu subiranistan garapen-asmoen kontra (“indigenen defentsa”… indigenek garapen teknologikorik izan ez dezaten, hots, “Inperialismo berdea”), Euromaidan osteko Ukrainan, Juntaren aldeko, zenbait sasi-anarkista (Denis Gorbatx kasu) edota sindikalista publizitatzen ditu; oraindik Maidanaren Ukrainan “ezkertiarrak badaudela” frogatzen saiatzeko (eta horrela guda hau desideologizatzea lortzen du “errusiar espantsionismoak” eragindako guda soila izango balitz bezala). Sorosen kooptazio lan hauetan honetan, paradigmatikoa da “Palestinaren aldeko” BDS eta Electronic intifada taldeekin egindakoa: sionista honek ustez palestinar-zaleak diren taldeak erabiltzen ditu, Palestinaren erresistentziaren benetako helburuak desbideratzeko eta Palestinaren borroka “apartheidaren” auzira mugitzeko (1948ko okupazioaren zilegitasuna kolokan jarri ordez), 1948ko errefuxiatuen itzuleraren eskaera iluntzeko eta “bi Estatuen konponbidea” lehenesteko. “Ezkerreko” edo “eskubideen aldeko” irudi hori ezinbestekoa da “ebanjelizazio ekumeniko” horretarako, “balio aurrerakoiak” soilik inperialismoak ekarriko omen dituelako: “Mundoko aurrerakoiok, zatozte Mendebaldera, guk babestuko zaituztegu, zuek bakarrik ezin duzue eta!”

BDS(3)

BDS kanpainan inplikatutako erakundea askok Sorosen finantzaketa zuzena jasotzen dute.

Sorosek bultzatutako kanpainetan, ezinbestekoa da, kanpainok edota “ekintzaile” taldeek aurpegi “aurrerakoi” bat izatea eta mugimendu horiek Mendebaldearen interes geopolitikoen kontrakoak izan ez daitezen (hots, kanpaina benetan subertsiboak, Bolivia, Venezuela edo Errusia bezalako Estatuen kontra joango dira kanpainok Beste alde batetik ikusi dugu “kausa zuzenen” aldeko mugimenduak kooptatzen saiatzen dela Soros, “erreforma” batetara bideratu daitezen, zorroztarria kamustu daiten. Eta honela, bai mundu mailako zuzendari eta boteretsuen topaketak finantzatuz, zein ekintzaile “aurrerakoi” askotarikoen kanpainak eta plataformak finantzatzean, praktikan bi gauza lortzen ditu: alde batetik Mendebaldartasunaren inguruko kontsentsua (Mendebaldeko demokrazia mundura hedatzea, edo Hirugarren Munduko ekintzaileek Mendebaldea eredu gisa izatea), eta beste batetik klase-borrokaren anulatzea, izan ere, bai klase nagusitzaileak (elite finantzarioa eta burgesia handiak, Soros bera Davoseko Forum Ekonomikoaren partaide da) eta bai potentzialki iraultzaileek (kaleko “ekintzaileak”, “protestariak”) helburu politiko berdinetan, hots “baloreen ekumenismoan” (non klase borrokarentzat tokirik ez dagoen) bat egingo luketen.

Avaaz, “ekumenismo inperialistaren” fase gorena

Avaaz Onak eta Gaiztoak

Avaazen kimaren inguruko kanpaina honetan argi markatzen dituzte eurentzat “Onak” (Cameron) eta “gaiztoak” (Chavez, Putin) nortzuk diren.

“Ekumenismo” hau burura eramaten duen azken saiakera, eta berez perbertsioaren punturi gorena, Avaaz Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Avaazek (Avaaz pertsieraz “Ahotsa” da), bere webak esaten duen bezala, “munduko herritarrak mobilizatu nahi ditu munduaren eta berri herritarren arteko zanga gainditzeko (…) Interneten bidez hainbat ahalegin txiki amankomunean jarriz”. Kanpaina hauen objektua munduko zuzendari ezberdinak edota instituzioak presionatzea da, erabaki bart har dezaten edo “kausa” bat defendatu dezaten. Hala ere, Avaaz berak onartzen du “talde profesional global eta bakar bat dagoela kanpaina guztiak inpultsatzen”. Hau, da “kideek” nahiz eta kanpaina zibernetikoak “hasteko” edo hauetan “ahotsa” (edo tekla) dutenaren ilusioa baduten

Economist.jpg

Avaazek Ricken Patel “The Economist” kapitalismoaren ikur den aldizkariko azalean agertu zen. Arraroa “aktibista” honek duen ospea…

ere, talde profesional batek kontrolatzen, aukeratzen eta filtratzen ditu kanpaina “parte-hartzaile” hauek (gero luzatuko gara “parte-hartze” horren esanahiaz). Izan ere, Avaazek berak esaten duen bezala “Interneti esker (…) talde globala” denez “Munduko edozein herrialdeetan” parte-hartu dezake (berriz ere ekumenismoa eta nazio-subirautzaren deuseztapena?). Bestetik, nahiz eta Avaazek esan “bere dirua bere kideengandik soilik datorrela” eta “Avaazi dirua ematen dioten emaileek ezin duten Avaazengan eraginik izan” edota are “enpresen dirurik jasotzen ez dugula”; hauxe tranpa hutsa da. Avaazen finantzak etengabe gora doaz (beraz, norbaitek tresna baliagarri bezala ikusten du): 2010ean 6,7 milioi dolar jaso zituen, 2013an ordea 14,5 bat milioi dolar eta ezinezkoa da diru hori soilik crowdfunding kanpaina baten bidez lortu izana (Avaazek datuak desglosatzen ez baditu ere), hain “Komunitate” handia izanda ere. Avaazen finantzatzaileak, “GKEak” eta “aktibismoa laguntzeko elkarteak” dira, hots, enpresa eta Estatu handien eranskinak. Hots, Sorosen Open Society Fundazioak –eta antzeko taldeek- babestutako talde bat da, hauxe ofizialki “enpresa” ba ez bada ere (Sorosek MoveOn.org eta Res Publica “ekintza taldeak” jada babesten zituen, hauek Avaaz sortu aurretik). Hala, Avaazi hertsiki lotuta dago Purpose Inc. publizisten enpresa (Avaaz fundatu zuten Ricken Patel eta David Madden dira honen sortzaileak), zeinak Sorosen Open Society fundazioarekin batera The Syria Campaign (non Kasko Zuriek/Sirako Defentsa Zibilak garrantzia handia duten) antolatu zuen –jada aipatu ditugu Kasko Zurien faltsukeriak-. (9) Avaazeko buru Ricken Patelek garbi azaldu zuen 2008an “Birmaniarako kanpainarako topatu dutgun bidelaguna… Open Society Foundation da”.

Siria Obama

The Syria Campaign eta Obama, Sirian eskusatze militarraren alde!

Avaaz “kliktibismoan” oinarritutako talde bat da. Hori dela eta, edonon dagoen pertsona batek “Klik” batekin, bere ahotsa entzunarazten omen du. Horrela, edozeinek Avaazen orrialdean online dagoen eskaera batekin bat egin dezake, edo beste bat has dezake (jazarpen konkretu bat geratzea, gutxiengo konkretu baten eskubideen alde, askatasun konkretu baten alde baso bat salbatzearen alde edo kutsaduraren kontra…). Baina horrek ez du esan nahi denei garrantzia ematen zaienik. Avaazeko zuzendari Rocken Patelek esan badionez “guk ez dugu ideologiarik, munduaren nahien eta boteregunearen arteko zanga ixteko jaio gara”, egia esan, ideologia izan badute. Eta “zanga ixte” horrek ere bere esanahia du: Avaazek eskaera eta abar asko egiten ditu “agintariak presionatzeko”; baina egia esan, bere “interlokutore” bakarrak Mendebaldeko zuzendariak dira (hauei zuzentzen zaizkie “asmo oneko” eskaera horek). Venezuelakoa, Irangoa, Siriakoa… ez dira inongo “Interlokutore” Avaazentzat, sekula ez dituzte nor direlarik tratatuko, baizik eta uzkaili beharreko gisan. Baliteke Avaazek “klimaren aldeko”, edo “X enpresaren pribatizazioaren kontrako” kanpaina bat abiatzea (agenda erreformistara atxikiko zaienak), “kontsentsu soziala” dagoen gaietan, betiere ez Inperioa uzkaili nahian, edota Estatuen edota klasseen arteko harreman sozioekonomikoak aldatu nahian, baizik munduko sistema nagusitzailearen “bizrziklapena” lortzeko (oposizio faltsua, eta “irudi garbiketa” kanpaina). Borroka politiko-ideologikoa ageri den gaietan, ordea, sistematikoki atzerakoien alde egiten du. “Kausa onen alde, kausa horiek inperialismoa laguntzen baldin badute”.

Perriollo Obama

Avvazen fundatzaile eta Alderdi demokratako kongresista Tom Perriello Obamaren aholkulari gertuko eta gerrazalea da.

 

Perriello Wolfowitz

Perriello orduan Munduko Bankuko zuzendari zen Paul Wolfowitz errepublikanoaren kontrako protesta batetan. Ikus bezala ez da eskatzen Munduko Bankuaren disoluzioa edo politika aldaketa, baizik eta “auregi gorrotagarri” bat kentzea, Munduko Bankuak sinesgarritasuna berreskura dezan.

Honen hainbat adibide ditugu. Avaaz, azken urteotan oso aktiboa izan da Libiaren eta Siriaren aurkako protestak egitean. Libiaren kasuan milioi bat sinadura bildu zituzten NBEk Libia “hegaldirik gabeko zonalde” bezala izenda zezan. Eskaera horrek, Libian, bertako zilegizko gobernuari defendatzeko aukera ukatzen zion, eta ikusi zen bezala, kanpoko gobernuek babestutako armaden garaipena (eta gaur egungo kaosa) ekarri dute. Noski, Avaazek ez du erantzukizunik onartu. Siriaren kasuan, “Assaden armadaren eraso kimikoak” izeneko gezurra hartu dute hizpide Siriaren aurkako probokazio kanpaina hasteko (2012an, “nazioarteko eskusartzea” eskatzen zuten, bilorik gabe), eta Siriarako ere “hegaldirik gabeko zonaldea” ezartzea eskatzeko (10). Siriaren kontra, “armadak egindako bortxaketa masiboak” ere erabili izan dituzte (ez dugu bortxaketa masibo hauen berririk; ezta ere Avaazek inperialistei Sirian ez sartzeko eskaeren berririk). Huraxe, 2013ko ekainean izan zen. (11) 2014an, Avaazek Siriaren kontrako, arma bahimendua ezartzea ere eskatu zuen. Latin Amerikan ere “jokatu” izan du Avaazek, Moralesen Gobernuaren kontrako protestak hauspotuz.

AVAAZ - Lybia

Avaazek Libiaren kontrako kanpaina hasi zueneko erabili zuen irudi bat.

Avaaz Siria

Libiarekin bezala Siriaren kontrako “erreferendum” inperialistak antolatzen ditu Avaazek.

Eta zentzuk dira Avaazen “talde global bakar” hura osatzen duten pertsonak? Hasteko esan beharra dago, Avaazek 16 “langile” soilik dituela (hau da “klik” batez haratago doazen “militante” kopurua horixe da). Hauek dira benetan ildoa markatzen dutenak, komunitate erraldoi hori “Kliktibismora” soilik mugatzen delarik. Avaazen fundatzaile eta buru Ricken Patelek urtean 190.000 dolar kobratzen zituen, beraz, “kliktibismoaren” atzeko negozioa zein den argi geratzen zaigu. Patel, Sorosesk fundatutako International Crisis Froup delakoaren kidea da, eta horrez gain, Gates Fundazioarentzat, zein Rockefeller Fundazioarentzat, zein Ford Fundazioarentzat ere lan egina izan da (Iturria: Wikipedia). Bete bat, Tom Perriello da, AEBtako kongresista (Alderdi demokrata) izandakoa Virginiako Estatuaren partetik. Perriello AEBtako Estatu-Departamentuan eta Nazioarteko Krimenen Epaitegiaren Fiskaltzan ere ibili izan da. Kongresista bezala Irakeko eta Afganistango gudak luzatzearen alde egin du. Horrez gain, Perriellok, Afganistanen, okupazio armadarentzat aholkularitza lana ere egin du. Hemen esaten den bezala, Avaazek bere jatorria Obamaren kanpaina babesteko fundatu ziren (eta Sorosek babestu zituen) MoveOn eta Res Publica erakundeetan du (bi erakunde hauek batuz fundatu zen Avaaz). Beraz, esan dezakegu, Avaaz %100ean Alderdi Demokratak sortutako edota bultzatutako erakunde bat dela, betiere, sistema barruan eragiten duena. Beste alde batetik, kontutan izan behar da, Obamaren aldian, mandatari demokrata honek, Bushen arako kargu neokon eta gerrazale guztiak mantendu dituela. Hots, Obamaren aroan, “eskubideen internazionalizazioaren” dotrina zaharrera itzuli da Alderdi Demokrata (noizbait utzi bazuen), hau da eskusartzerako joera erabat handitzea. Avaaz horretan kokatzen da, halako itxura “aurrerakoi” bat duen eskusartzearen handizkatze horretan laguntzen baitu. Benetan liluragarria da “demokrazia global” hau, boteretsuen ordezkari politikoek filtratutakoa!!

Ban Ki Moon

Avaazeko zuzendair Ricken Patel Ban Ki Mooonekin.

Avaazen militantzia ereduak, bere “kideengatik” ez du klik bat besterik eskatzen. Itxura demokratikoa duen sistema honek, praktikoki axolagabekeria bultzatzen du, hau da, mundu mailako kanpaina batetan parte hartzeko, ez da besterik behar; ez militantzia aktiborik, ez ideologia-formakuntzarik, ez inolako ardurarik; izan ere, “masa amorfo batek besterik ez du dena erabakitzen”. Avaaz beraren datuen arabera, bere komunitatearen parte-hartzaile gehienak Lehen Munduko ekonomia indartsuetako Estatuetako pertsonak (Interneten egoteko baliabide gehien dituzten herrialdeetakoak) eta erdi-mailako edo erdi-goi-mailako klaseetako pertsonak (Avaazen komunitateko pertsona gehienak, ordena honetan, irakasleak, ikasleak, teknologiako sektorekoa, medikuak eta GKEetako langileak dira; muntaketa langileak, jornalariak, taberna-zerbitzariak edota garbitzaileak oso urruti aurkitzen ditugu). “Avaaz” hitzak ahotsa esan nahi du, baina horrela jada ahotsa dutenei (Mendebaldeko erdi-goi-mailako klaseei) ahots handiagoa eskaintzean, besteen ahotsak ixilarazteko tresna besterik ez da. Hots, “kanpo harremanen demokratizazio” hori, praktikan, nazioarteko mugak ezabatu eta Lehen Munduko gizon aberats edo “ekonomikoki egonkortu” zurien komunitateak dena erabaki ahal izateko ariketa politiko bat baino ez da. Hau da, demokraziaren perbertsioa, “ekumenismo” inperialistaren fase gorena, betiko interes inperialistek “zilegitasun demokratikoa” lortzen dutenekoa bihurtuta. Adibide bat jartzearren, lehen aipatu izan dugu Avaazek Libiaren subirautzaren kontrako kanpaina bat hasi zuela, Libia “hegaldirik gabeko zonaldea” izendatzeko presionatuz. 2012ko irailean, Gaddafi hil eta urtebetera, Avaazek AEBn 923.968 kide zituen, eta Libian 3.167 soilik. Gaur egun, Avaazek AEBtan 2.263.179 kide ditu, eta Libian 31.798. Avaazek proposatutako “demokrazia global ekintzailearen” ondorioz, AEBtako gehiengo batek, Libiari buruz erabaki dezake… libiarren gainetik!! Kasu honetan ez da bakarrik “demokrazia” eta “Balio aurrerakoiak” Mendebaldeak soilik ekarriko dituela, Sorosek uste bezala; baizik eta momentuan dakartzatela, bozkatuz… zure herrialdea nola arpilatu edota suntsituko duten bozkatuz bada ere.

Avaazen, Otpor! (orain, CANVAS) ereduaren arabera egindako “koloreetako iraultzaren” antzekotasunak ikusten ditugu. Biak dira praktikoki laugarren belaunaldiaren gerraren teoriako peoi nagusietako batzuk. Laugarren belaunaldietako gudaren teoriaren arabera, guda asimetriko hauetan (non armada erregularrez at dauden faktoreek orain arte baino askoz gehiago kontatzen duten, guden “asimetrikotasunagatik”), populazioak eta bere “oniritziak” (edo “axolagabekeria onberak”). erabateko garrantzia dute. Kasu honetan, potentzia inperialista ezberdinek, behin erabaki bat hartu eta aktiboki eragin ondoren berau justifikatzen saiatu ordez, askotan euren ekintzak “demokraziaren”, “bakearen” edota “balioen” izenean aurretik dagoen “borroka” baten defentsarako ekintza bezala justifikatuz Kasu honetan, Otpor! taldearen estiloko “Koloreen iraultzek” zein Avaazen kanpainek paper bera jokatzen dute. Hala ere, badaude bien artean ezberdintasunen batzuk: koloreetako iraultzek herrialde bakar batean aritzen dira, Avaazek mundu osoa bere borroka eremutzat duen artean. Beste elementu bat, “koloreetako iraultzen” iruditeria intsurrekzioarena izatean, Avaazena “eztabaida askearena”; “hitza hartzearena” eta “Interneteko agorarena” da (12). Baina azken finean biek dute helburu bera: inperialismoaren zabalkundea, eta honen “salmenta” erraza, hots, kontzientzia anti-inperialisten manipulazioa inperialismoaren itxuraldaketa “ideologikoari” esker.

                Ezkerraren krisi ideologikoa, ekumenismoa eta inperialismoa.

Gainera, hemen arazo berri baten aurrean kokatu ahal gaitezke. Arazo hau, 1968ko maiatzaren osteko ideologiak, ezkerrean nagusitasuna lortu duenak dakar. Ideologia honen arabera, “mundu zaharrari” zegokion dena, nazio-subirautza barne eraustea izan da… trukean alternatibarik ekarri gabe. Hots, praktikoki nihilismo ideologiko bati bidea egin dio.

Aurreko artikulu batean, bi gauza esan genituen. Alde batetik, Sorosek bultzatutako “koloreetako iraultzek” ezkerrarengan nahaste ideologikoa eragiten zutela, Estatu-kolpe bat modu abilean iraultzaz enmaskaratzean, hau da iraultzaren inguruko iruditeria erabiltzean –barrikadak kaleetan, abestiak, esloganak, poliziaren kontrako oldarraldiak., ezkerreko aktibisten parte bat liluratu egiten duelako, ezkerra iruditeria horretan identifikatua sentitzea. Beste alde batetik, gaur egun ezkerraren parte batek, XX. mende hasieran errusiar mentxebikeek egin zuten akats bera errepikatzea, hau da “Europarik gabe ez dago iraultzarik (aldaketarik)” ustea. Hots, iraultza guztiak Europatik etorriko dira, edota gizarte jakin bat europartzean, ez sekula Mendebaldetik edo bere kultur balioen sistematik aparte dagoen herri batetan (“Kultura atzerakoietan ezin daiteke proiektu politiko aurrerakoirik egin”, eta asko sinetsita daude Mendebaldeko zibilizazioan ez dauden kulturak atzerakoiak direla). Beraz hor, nahi ala ez, praktikan herri horien “europartzea” justifikatzeko bide ideologikoa egiten da.

Jean Bricmont inperialismoaren aurkako kritikoak esan duen moduan, 60ko hamarkadatik aurrera, ezkerraren baitan, “aberastasunaren birbanaketa eta jabetza soziala” eta baita “inperialismoaren kontrako jarrera” jada ez direla lehentasunen artean kokatzen, eta bai ordea “demokrazia, giza eskubideak edota gutxiengoen aldeko jarrera”. Honek bi arazoren aurrean jartzen gaitu: alde batetik giza eskubideen aldeko edo gutxiengoen aldeko jarrera hori askotan abstraktua (eta beraz estetikoa) dela, eta beste alde batetik, erretolika honek “giza eskubideen” inguruko edota giza eskubide ezberdinen arteko hierarkizazioaren inguruko Mendebaldearen erretolika irenstera garamatzala. Bricmonten arabera, adibidez, gaur egungo europar kapitalismoan, industri iraultza eta eraldaketa ekonomikoa, (giza eskubideen ideologiaren arabera) “Estatu guztiz demokratikoak” lortu aurretik egin izan zen. Hots, gaur egun kapitalismoaren zilegitasunaren zutabe nagusia den oparotasunaren oinarriak, demokratizazioa baino aurretik jarri ziren. Orduan, zergatik gaitzetsi behar dira Siria, Libia, Ipar Korea eta Kuba bezalako Estatuak eta hauen lorpen sozialak “giza eskubideen” ideologiaren izenean? Nor da nor Estatu hauei uren lehentasunen artean zer jarri behar duen esateko? (13)

Kontutan izan behar dugu, batez ere, 1968aren ostean (epe luzera esan nahi dut, ez momentu horretan harira sortutako erresistentzia taldeez edo momentuko borroka-eferbeszentziaz), Europako ezker erradikalak bi joera esperimentatu zituela: alde batetik, klase-borroka beste borroka batzuekin “osatzea” (azkenean bigarrengoratze batetara eraman duena), eta beste batetik, “Kontzientzien iraultza”. Hau da, norberaren “koherentziaren” goratzea, proiektu sozialen edota egitate materialen gainetik. Honek ezkerrari hainbat arazo ekarri dizkio, batez ere inperialismoak halako “Kontzientzien tranpa” plantatzen duenean: zer egin X Estatu subiranoan Y taldearen eskubideak “gutxietsiak” direnean? (Eta inperialismoak “gutxietsiak” direla badioenean, oso neurri handiak ditu hori sinestarazteko).

Honi, 1968ko mugimenduaren beste “tik” ideologiko bat gehitu geniezaioke: bere antisobietartasuna. Behin gazte horiek heldu egin zirenean, eta euren maoismo, trotskismo edo dena delakoak utzita, “tik” honek iraun egiten du, hain zuzen “gure ezkerrera ere krimenak burutu izan dira”: Eta hortik bigarrena dator: “kontuz boterea hartzen duen mugimendu erradikal batekin, ziurrenik totalitarioak izango dira eta”. Utopien heriotzak utopikoak munstro bihurtu zituen. Azkenean, halako jendeak bere iraganeko “bekatuak” garbitzeko modu bat topatu du inperialismo “gizatiarrean”: “gure konpromezuarekin jarraitzen dugu, baina gure etsaiari etiketak aldatzen dizkiogu”. Beren buruak “aurrerakoitzat” hartzeko modua da hori, antiinperialismoari “atzerakoi” deituz, modu berean iraultzaile eta sistema-zale izan daitezke (eta berdina ere esan daiteke marxismo-leninismoa gaitzesten duen gaur egungo ezker erradikalaz: “stalinismoari” dioten beldurrak, edo hau kritikatzeko beharrak, eskuinarekin bat egitera eraman ditu).

Géaroid Ó Colmáin pentsalari irlandar-frantziarrak artikulu honetan esaten duenez, Marxi jarraituz, agian “giza eskubideak” defendatu ordez, gizarte-eskubideak edo eskubide sozialak defendatzeko jo beharko luze ezkerrak. Ó Colmáinen arabera, ez dago “gizakia” bezalako kontzeptu abstrakturik, beraz, “giza eskubideak” bera abstraktua da (eta klase-borrokaz haraindikoa), gizakia klaseaz at edo taldeez at existitzen ez delako. Beraz, “giza eskubideen” atzean, praktikoki “gizartearentzat, gizartea egun ulertzen den bezala, ezinbestekoak diren eskubideez” ari gara (hots, gizaki indibidualaren eskubideez, gizarte burgesaren arabera… berriz ere burgesiaren gorakadan sortu zen liberalismoan aurkitzen gara, hain zuzen Mendebaldeko “ekumenismoak” goratu nahi duen klase berberaren gorakadan). “Eskubide sozialak”, ordea klase sozial batendako eskubide konkretuak dira. Adibide bat jartzearren, Siriako parlamentuak eta bere konstituzioak gutxieneko eskubide sozial batzuk babesten ditu (adibidez, Siriako Konstituzioaren arabera, sektore estrategikoak Estatuaren esku egon behar dira, Siriako parlamentuan langile eta nekazarien gutxieneko kopuru bat egon behar da, eta abar). Siriaren kontrako interbentzio militar batek, Siria azpiratzeaz gain, gaur egun Siriako Estatuak defendatutako klase sozial horien onura bat ekarriko al du? Kuban kapitalismoa ezartzeak nori egingo dio on? Novorossija antiliberal eta antioligarkikoa suntsitzeak eslaviar langileentzat onurarik ekarriko al du?

Beraz, klase ikuspuntu bat berreskuratu behar dugu, hori baita “giza eskubideen” ideologia tranpatiaren kontrako defentsarik onena. Zoltan Zigedyren arabera, hasera batetik zegoen “eskubideen” arazo honetan, “jabetzarako eskubidea”; klase nagusitzaileek ezarritakoa, askotan bestelako eskubide sozialen gainetik ezartzen da (XIX mendeko “demokrazia liberaletan”, jabeek soilik bozkatu ahal izatea nahiko ohikoa zen). Zigedyren arabera, “eskubideen indibidualizatze” hori, burgesiaren gorakadaren produktu da; hots, feudalismoarekin erorketarekin batera gizakien nolabaiteko “berdintasun juridikoa” aplikatzerakoan, “gizakia” hartzen da eskubide indibidual batzuen hartzekodun, “gizakia” izatearren (eta ez estamentu batean jaiotzearren). Noski, “jabetzaren eskubidea” eta honen deribatuak (oinordekotza eskubidea) barne. Zigedyren arabera, prezeski giza eskubideen arazoa honetan datza, eskubide horiek norbanakoarenak badira, nola batu daitezke, edo ezkondu daitezke “kontratu sozial” batekin, edota kolektiboarekiko zentzuarekin? Giza eskubideak indibidualak eta unibertsalak badira, nola ezkon daitezke momentuko egoeraren aurrean Gobernu ezberdinek har ditzazketen erabakiekin? Adibidez, gudan edo mehatxupean dagoen Estatu batentzako, bere jabetza soziala babesten eta hezkuntzaren edota kulturaren eskubide soziala (adibidez) ematen saiatzen ari den Estatu batentzat, ezinbestekoa izan daiteke Estatu horren kontrako iritzi batzuk argitaratzen uztea. Jabetza pribaturako “giza eskubideak” jabetza sozialerako eskubidea urratzen du eta alderantziz (agian horrexegatik giza eskubideen inguruko talde askok jartzen dituzte “erreforma ekonomikoak” sine qua non baldintza gisa) (14). Gaur egun, batere kuestionamendurik ez duen “inperialismo “gizatiarraren” giza eskubideen inguruko ideologiak, sistematikoki giza eskubide batzuk beste batzuen gainetik jartzen ditu. Zigedyren arabera, hemen “giza eskubideen” ideologiak beste tranpa bat planteatzen du, hain zuzen ere, “giza eskubide” guztiek (bizitzarenak izan ezik) ezinbesteko dute “antolakuntza sozial” bat eskubide hauek indarrean egon daitezen. Eta antolakuntza sozial mota guztiek (gizartea klaseetan banatzen den artean, behintzat), ezinezko dute klase errealitate hauen gainetik egotea. Leninek esan zuen bezala: “zanpatzailearen eta zanpatuaren artean ez dago berdintasunik, batek ala besteak agintzen du”. Klase gatazka dagoen toki batean, klase ezberdinen “giza eskubideen” ikusmoldeek talka egitea guztiz normala da. Jule Goikoetxeak hemen azaltzen duen moduan, eskubideak eta zuzenbideak egungo klase borrokaren borroka-zelaia, hots kapitalismoa, arautzen dute. Hori dela eta, ez da batere sinesgarria Europan “giza eskubideen” inguruan egiten den totemizazioa, errealitatetik at kokatzen delako eta erabat onartezina da “giza eskubide aratzen” aberria Europa dela dioen baieztapena eta hauek “esportatzeko” asmo inperialista hori. Ez daude “giza eskubide” unibertsal, klaseez eta nazioez haraindiko eta denboran ukronikoak direnik; kolektibo sozial ezberdinen eboluzioaren produktu baitira.

Gaur egun, klase sozialak eta nazioa (Estatua) dira norbanakoaren identifikazio kolektiborako adskripzio nagusiak. Bi adskripzio hauek 1968tik aurrera ahulduak izan dira, alde batetik klase sozialetan oinarritutako ideologia “zaharkitutzat” edota “totalitariotzat” eman izan delako, eta bestetik, gaur egun, ezkerraren parte handi batek “Europa batuaren “ideologia bere egin duelako. Ezker ilustratu mota batentzat, nazioak ez nazio-arazoak existitzen ez direnez, edozein nazioren existentzia oztopo da, eta berez, nazio-subiranotasuna kontzeptu negatibo bat da. “Internazionalizazioa” gainera “balio demokratikoen” izenean egiten bada, ba hobeto (noski, hemen ezinbesteko ariketa da “erakunde supranazionalak” eta “Nazioarteko komunitatea” noren nagusitzapean egongo ziratekeen). Ez da harritzekoa gaur egungo ideologo “ekumenistarik” garrantzitsuenak (Daniel Cohn Bendit, André Glucksmann, Daniel Cohn Bendit, Joschka Fischer) 68ko belaunaldiko kide izatea. Pertsona hauek, 68tik datorren bi kontzepzio hartu dituzte; bata subirautzen erabateko gaitzespena, “nazionalismo atzerakoia” delakoan, eta bestetik, “Internazionalismo” desitxuratu bat, euren ideiak (orain klase nagusitzaileak ordezkatzen badituzte ere), munduan barna hedatzeko grina “Internazionalista” bat. Ideia hauek, “entitate supranazionalen” aldekoak, nahiz eta ekonomikoki aberastasunaren kontzentrazioa ekarri, praktikan “ezker akademikoan” eta “mediatikoan” nagusi dira Jule Goikoetxeak salatzen duen gisan; eta bertatik, errealitatearen gaineko kontaktu osoa galdu dute (globaltasunaren idealizazio horrek, globaltasun liberalari mugak izan zitzazkeenak ezabatzearen alde, edo onean, axolagabetasunaz ikuste ekarri du). Beste alde batetik, gaur egungo ezkerra halako ideologia baten aurrean defentsarik gabe dago, hain zuzen ere, askotan ezker erradikala bera ere eskusartze-festa horretara gehitzen delarik (bere optikatik, noski, baina festan parte hartuz).

Ezker erradikal honek, klase-politikaren zentzua galduz, eta eurozentrismoz blai, “balio unibertsal” hauen zenean, tokiko agintari subiranisten edo antiinperialisten (hau da, Mendebaldeak erasotutakoen) difamazioarekin bat egiten du; bai araztasun ideologikoaren izenean batzutan, beste batzuetan eurozentrismoak eramanda, eta gehienetan klase-aspektuak ahaztuta, inkontzienteki bat egiten dutelako “giza eskubideen” erretolika abstraktu horrekin. Ezker erradikal “kooptatu” honek zenbait ezaugarri izaten ditu: A) Ezker erradikal hau Mendebaldeko pope mediatiko eta politikoen arrastoan aritzen da. Hau da, Mendebaldeak demagun Assad jomugan jartzen duenean, bien arteko ekidistantzia publiko egiten du, edo Assadekiko kritikak azalerazten ditu “ez NATO, ez Assad” leloa erabiliz. NATOk zuzenean eta zeharka, Sirian interbenitu ondoren, eta (espero dugu ezetz!) Siriako Goernua bota izango balu, segituan ahaztuko ziren ezkertiar hauek Sirian Mendebaldeak utzi duenaz, edota NATOren boroka jarraitzen, Asier Blasek artikulu honetan azaldu bezala. B) Ezker erradikalak, 1990tik aurrera Europan garaipen bat bera lortu ez duenak (agian Novorossija, zeina ez den ezker erradikal osoak aintzatetsia), jada proiektu bat bera izateko gaitasunik ere ez du; hori dela eta “kontrako” ideologia batean buru-belarri sartua dago. Analisia desioaz ordeztu du. Eta beste modu batean “boterea”; botere oro, txarra edo susmagarria denaren nozioa barneratu. Hori dela eta, proiektu enpiriko eta errealekin kontaktua galduta, aurkakotasun idealista batean sartu da, hau da, nahikoa da zerbaiten kontra protestatzea, edo haren aurka aritzea, edo “ez inperialismoa ez X: iraultza” esatea horrek agintari horren uzkailtzea edo ahultzea edo “Mendebaldeak lagundua izango ez den benetako iraultza” ekarriko duelakoan, edota eragin bat izango duelakoan. Egia esan, halako “neutraltasunak”, edo “alde biak gaiztoak dira” esateak ez du laguntzen ezker erradikalak desiatzen duen iraultzari (zein indarretan oinarrituko da? Auskalo!); baina bai Mendebaldean gudaren kontra mobilizatutako taldeengan; hauen potentzialitatea muga dezakeelako (eztabaidetan sartu araziz, sinesgarritasuna galaraziz eta abar). Perspektiba galdu duen ezker erradikal horri oso erraza egiten zaio edozer erasotzea eta erantzukizunik gabeko sentitzea. D) Ezker erradikal honek klase ikuspuntua galdu du. Hori dela eta, eskusartze inperialista baten aurrean, eskusartze honen atzean dauden potentzia inperialistak eta honen elite finantzariak eta erasotuek, ez dute klase interes ezberdinik, baizik eta dena “botere borroka” batetara mugatzen da. E) Internazionalismoaren benetako zantzua zein den galdu dutelako. Hau da, internazionalismoa ez da norbere ideiak beste bati inposatzea, baizik eta nazioen berdintasunaren alde eta emantzipazioaren alde borrokatzea. Internazionalismoa, herri guztietako langile klasearen borroka norbere borroka gisa hartzean datza. Hori dela eta, mundu mailako balantzeari (adibidez Iraultza Bolibartarrari, Kuba Sozialistari), aldeko izan ditzazkeen Estatuak uzkailtzeak zertan lagun dieziokeen ere itaundu beharko genuke.

Ezkerraren politikan, gaur egun, bere ardatza izan den klase-borroka falta da (edo bigarrengoratua dago). Bestetik, tradizionalki babestu den “internazionalismoa”, BHLren eta Sorosen “ekumenismoaz” ordeztua izan da. Klase-borrokaren tradizioa berreskuratzea (alde batetik) eta nazioen autodeterminazioa (bere zentzurik beteenean) berreskuratzea behar-beharrezkoa zaigu.

Oharrak:

  1. “Hegaldirik gabeko zonaldea”; beste eskusartzeko mota bat da, bake-izpirituko hitzen atzean gordetzen bada ere. Izan ere, honek, Estatu baten subiranotasuna urratzeaz gain (nor da komunitate internazionala Estatu zilegizko bati bere lurraldea zer debekatzeko, batez ere guda garaian?), operazio-arloan, Estatu horretako gaineko aire-espazioaren gaineko kontrola ezarri beharko zatekeen; eta horretarako Estatu horren airezko eta anti-airezko defentsak suntsitu beharko ziratekeen.; eta huraxe eskusartze militarraz (eta biktima kopuru handi bat eraginez) soilik lor daiteke. Hemen adibidez, Libia “hegaldirik gabeko zonaldea” izendatzeko Avaazen kanpainaren zuzendari Ben Wiklerrek idatzitako iruzkin bat; non, “Gaddafi zibilak hiltzen ari da” edo “guda krimenak egiten ari da” eta garbi “subirautza nazionala ezin da guda krimenak egiten ari diren toki batean eskusartzearen kontrako oztopo izan”. Honen ostean, lotsarik gabe “eskusartze militar hau petrolioagatik bada, Avaaz kontra egingo duen lehen taldeen artean izango da” esaten duen. Libiaren kontrako eskusartze militarrak ez du ematen ez bake, ez demokrazia, ez ongizate handiegirik ekarri dienik libiarrei. Avaazek gaur egungo Libiako egoeraren aurka egi duen protesten berririk ez dugu bada…
  2. Honek erakusten du hasiera batetik Occupy Wall Street mugimendu kooptatua izan dela, eta praktikan ez zela izan kapitalismoaren aurkako protesta bat, baizik eta kapitalismoaren kontrako haserrea baretzeko protesta-antzezte bat (protestaren ludifikazioa, praktikan protesten despolitizazioa da: OWSk zerbait okupatu al du?). Bestetik, OWSren Libaren gaineko iritzia, hemen.
  3. CANVASen bideo honetan, Venezuela hartzen dute jomugan.
  4. Sorosek eta BHLk Ukrainari buruz batera sinatutako artikulua, hemen.
  5. Henri Lévyren manipulazioa izugarria da “ekumenismo” horren defentsan; “Europak” hainbat herrialde “faxismotik askatu” zituela esaten baitu (tartean Espainia, zeina ez zen askatua izan). Ahaztu egiten du faxismoa Europak ernaldu zuela eta askapen antifaxista parte handi batean berak gorroto duen SESBi esker izan zela. Europaren Ukrainako esku-hartzea (“Ukraina laguntzea”) Brigada Internazionalekin konparatzen du, adibidez, eta abar.
    Hala ere, komeni zaionean, BHLk, “ekumenismoa” alde batera utzi eta diskurtsu nazionalistarik gogorrena egin dezake… betiere interes geopolitiko inperialisten alde aritzen bada. Adibidez, Kieveko Maidanen eman zuen diskurtsu honetan, ukrainar muturreko nazionalismoaren oinarriak eta errusofobia arrazista bere eginez.
  6. Henri Lévyren serbofobia patologikoa da (1993an Parisen serbiar zentru kultural bat fisikoki erasotzera iritsi zen), baina diskurtsu faltsu bat sortu eta hura sinestarazteko aukera eman dio. Diskurtsu horren arabera, Bosniako guda “multikulturalismoa –hots, “Europa”- vs muturreko nazionalismoa” izango zatekeen, berak babestutako Izetbegovićen nazionalista musulmana “unibertsalista” eta “Bosnia multietnikoaren aldekoa” balitz bezala, “serbiar etnikoen” aurka borrokan (eta are gehiago, “Bosnia kanpoko inbaditzaileen kontra”, Bosnian aspaldidanik bizi ziren serbiarrak bertakoak izango ez balira moduan). Galdera argia agertzen zaigu: “Bosnia multietnikoa” defendatu behar bada, zergatik ez defendatu lehenago zegoen Jugoslavia (sozialista) multietnikoa? Bosniar musulmanek nortasunerako eta autodeterminaziorako eskubidea badute, zergatik ez dute hori Bosniako serbiarrek? Henri Lévyren lotsa falta hain da handia ezen nazionalista bosniakiarrak 40. hamarkadako partisano antifaxisten ondorengo bezala ezartzen ditu. BHLk berriz desitxuratzen du: 40. hamarkadakoa ez zen izan etnia ezberdinen arteko borroka bat, baizik eta Alemania faxistaren ( “Europaren” esan genezake?) inbasioaren aurkako erresistentzia guda komunista bat, partisanoen artean etnia guztietako kideak zeudelarik, serbiarrak batez ere, haiek izan baitziren Alemania naziaren eta tokiko kolaboratzaileen genozidioaren biktimak. Hona hemen BHLren Bosniarekiko ikuspegia salatzen duen artikulu bat.
  7. Nahiz eta alde batetik (Havel) zein bestetik (Lazanski), NATOk Jugoslavian “nazio-Estatuaren gainditzea” ekarri duen esan, kontutan hartu behar da maila diskurtsiboan, 1991tik aurrera, Jugoslavia nazioanitz sozialistaren kontra “nazio-Estatuaren ideologia” erabili zuen, hots, Jugoslavia Sozialistak hainbat nazio barnebiltzen zuen Estatu gisa, ezin zuen iraun omen.
  8. Havelek jada 1990an El Salvadorreko eskuindarren eta hauei emandako babesaren alde agertu zen (hauek Ellakuria eta beste jesuitak hil ostean). Hala ere, Havel ez zen izan orduan eskusartzea defendatu zuen Mendebaldeko politikari edo intelektual bakarra, “historiaren bukaera” iragartzen zuen Francis Fukuyamak “AEBk, Estatu boteretsu gisa, giza eskubideak edonon babesteko eantzukizuna du” ere esan zuen.
  9. Hemendik ez da ulertu behar artikulu honen sinatzailea Industri Iraultzaren kontrako posizioa mantentzen duenik, ez eta ekologismo neo-malthustarrari atxiki zaionik. Hala ere, ezin da ukatu Mendebaldeko herrialdeetan gaur egun dagoen kapitalismoa eta ekonomi moldea ezinezkoak ziratekeela Industri Iraultza gabe. Honek ez du esan nahi kapitalismoak ekarri duen guztiaren kontra dagoenik sinatzailea, edota sozialismoa “antikapitalismo” hutsera mugatzearen alde dagoenik. Hauxe, Industri Iraultza, hirugarren mundu guztira zabaltzearen aldekoa eta garapen bide autonomoen aldekoa da, eta beraz, herri sozialistak, aurrerakoiek eta antiinperialistek beren garapen industriala aurrera eramatearen aldekoa. Bat dator Leninekin kapitalismoak ekarri dituen aurrerapen teknikoak sozialismoarentzat onuragarri direla baloratzean. Argudia badaiteke Industri Iraultza bada “Mendebaldeko balioen” oinarrietako bat, eta Mendebaldeko inperialismoaren oinarri ideologikoa “ekumenismoa” bada, ea zergatik Mendebaldea ez den saiatu Industri Iraultza hori Hirugarren Munduko herrietan eramaten saiatu. Hemen, ideologia “tresna” denaz ohartzen gara: galdera berdina egin dezakegu, adibidez, demokraziaz (Mendebaldeak Hirugarren Munduan diktadura anitz babestu ditu), oparotasunaz eta bestez…
  10. Purpose eta Syria Campaign taldeen arteko loturak, hemen. Syria Campaignek Purpose kontsultorak eginiko kartelak erabiltzen ditu propaganda egiteko, horien artean, Obamaren apologia bortitza egiten duten kartelak daude Bestalde, lotura honetan ikusi ahal da Avaaz fundatzeko erabili zen diru kopurua nondik zetorren. Adibidez, 200an 150.000 dolar eman zion Sorosek Avaazi, eta 2009an, 600.000 dolar.
  11. Avaazek bideo faltsuak ere ekoitzi izan ditu Siriaren kasuan.
  12. Klik! bakar batekin guda bat piztu dezake edonork… hori bai, etxetik urrun.
  13. Beste gai bat zatekeen, AEBk eta Mendebaldeak “giza eskubideak babesterakoan” duten hipokresia; adibidez, “Kosovon aktuatu bazen, zergatik ez Kurdistanen Turkiaren kontra?” edota “interbentzio militarrek azkenean ez dute lortuko demokrazia ekartzea” bezalako argudioak. Artikulu honetan ez dugu bat egingo halako argudioekin, izan ere ihardeste partzial bat dela uste baitugu, praktikan “giza eskubideen” inguruko ideologia ekumeniko inperialista ihardetsi gabe hauxe “indartu” egin dezaketelako; hain zuzen ere, eskaera hauek “eskusartze gizatiarra” zuzena edo hipokresiarik gabekoa (hots, aurrerakoien lagun) izan daitekeenaren esperantza sendotzen dute. Hala ere, hau ontzat emanez gero, erantzun genezake Mendebaldean unibertsalki gaitzetsiak izan ziren SESBek sozialismoa babesteko Hungarian edota Txekoslovakian egin zituen eskusartzeek oso biktima gutxi eragin zituztela gaur egungo Mendebaldearen eskusartzeekin konparatuz.
  14. Zigedyk jartzen digun adibidez, Guda Hotzarena da izan ere, Guda Hotzaren garaian ere, “giza eskubideen” bi kontzepzio ezberdin ere aurrez-aurre jarri ziren, batek “gizabanakoaren eskubideak” lehenesten zituen eta besteak “eskubide kolektiboak” (antikolonialismoa, edo, gaur egun Kuban, ongizatea, osasuna eta abar) . Adibide konkretu bat hartzearren Zigedyren arabera Alemaniako Errepublika Demokratikoak profesional eta teknikari trebe asko hezi zituen “hezkuntza eskubidea” zela eta, baina sistema berdinkide batean hauek ez zeuden herrialde kapitalista batean izango ziren bezain ondo ordainduta. Alemaniako Errepublika Federalak, ordea, sistema ez hain berdinkide bat izaki, profesional horiei soldata hobeak eskaini ahal zizkien. Hori dela eta halako teknikari askok AEDtik AEFra egin zuten ihes; Estatuak euren heziketan inbertitutako guztia antzu eginez. Zeinen giza eskubideak dira lehenago: ihes egindako teknikari horienak nahi zuten tokian lan egiteko, edota AEDko Estatuarenak eta herriarenak beren heziketa sistema bikainaz (AEFn hianbete teknikari ezin zituzten hezi) hezitako ingeniari horiek sor dezaketen lana eta aurrerapenak profitatzeko?
Advertisements