AMESGAIZTO BILAKATU ZEN AMETS BATEN KRONIKA

[Joakin Arregi Goenaga, Txe]

Zalantza asko izan ditut bertso hauek kantatzera ausartzeko, baina buruari itzuli batzuk eman ondoren kantatzea erabaki dut.
Bertsoak pentsatu eta sortzeko unea, gertakizuna gertatu aitzinean kokatu behar da (abenduaren 5ean edo). Gertakizun hori gauzatzen ari zen une berean (abenduaren 6ko gauean eta 7ko egunsentian), nire baitan zer bizipen edo nola biziko nuen, amets batean irudikatu nuen.
Gero errealitatean, gertatu zenean, amesgaizto bat bilakatu zen nire ametsa.

I
Karibe aldetik dator
bertso hauentzako gaia
bi mila eta hamabost
ez da izan urte lasaia
oroimenean gordeko
dut abenduaren seia
ametsaren erdigune
hauteskunde baten lehia
kokagune berriz bi ertz
Venezuela ta Hendaia
partekatzen genituen
desioa eta nahia
gau luzearen ondoren
heldu zait berri alaia
emandako jauziekin
ia ukitu dut sabaia

II
Gaua luzea izan da
izugarri intentsoa
jabetu nintzen ez zela
izango hain erosoa
emaitzaren kolorea
zegoelako lausoa
nazioarteko kanpaina
Madurori erasoa
baina chavistek prestatu
zuten kontraerasoa
hor irudikatu nuen
ilargi bete osoa
hainbeste eman zuenak
zerbait behar du jasoa

III
Emaitzak jakin orduko
oihuka eta jauzika
erabat espresiboa
nire aurpegiko irrika
honen lekuko izan da
Txingudi aldeko karrika
“Chávez bizi da karajo!”
behin ta berriz errepika
taupadaz taupada zer poz
haizez beteta birika
metroz metro egin ditut
bost kilometro korrika
gero etxera itzuli
bertsoz idatzi kronika
ezin daiteke deskriba
Chavezek daukan kimika

IV
Zenbat aldiz entzun dugu
chavismoa bukatu da
hamazazpi urte hauetan
horixe dute jomuga
azpijoko eta asmo
txarrez kanpotik barrura
herri xehea suntsitzeko
sortu ekonomi guda
majuntxe madarikatuk
doazela infernura
itxaropen hauxe daukat
zertarako egin duda
horiek ez dira gehiago
helduko azken helmuga
chavisten lubakietan
topatuko dute muga

V
Goazen Maduro ‘palante’
han esaten den bezala
gorri-gorria margotuz
asanblea nazionala
Chavez izango da beti
horko enbor printzipala
Bolivarren sustraietan
Maduro bere ezpala
Venezuelak izan dezan
etorkizun integrala
nahiz eta jakin ez dela
lortuko hau berehala
iraultza horren zuhaitzak
fruituak eman ditzala
eta gauzatu artean
ametsak jarrai dezala

VI

Felix, María, Daniel,
Vanesa, Henrique, Sandra,
Mirentxu, Pedro, Vizente,
koronel Tovar-en txanda
izena daukaten beste
hainbat gizon eta andra
xahutu zarete grinez
duzuen dena emanda
nahiz iraingarria izan
munduaren propaganda
ametsak ez du mugarik
gainditu ezkero langa
honek ez du parekorik
egia osoa esanda
bizitako bizipena
izugarria izan da.

Hendaia, 2015ko Abenduaren 05
Neurri Berezia: HABANERA doinuan)


Abenduaren 7an benetan gertatu zenaz jabetu nintzenean, amesgaiztoaren zulorik ilunenean nengoela, bertso hauxe sortu nuen.

Aitortzen dut ahul nagola
heldulekuz ta osagaiz.
zergaitik disimulatu
bada ta nahiko zorigaitz.
hala ere barruak dit hi!
hori baino gehiago haiz!
ta honi buelta emateko
oraindik gaude bai garaiz.
chavismoen sustraietan
daudelako mila zuhaitz.
ametsa lortuko dela
pentsatu beharko dut maiz.
nire lubakitik inoiz
baino chavistagoa naiz.

Hendaia, 2015ko Abenduaren 07
(Neurri Berezia: ETA-ren su etenetik doinuan)

adaxkak

 

Advertisements