HAUTESKUNDEAK VENEZUELAN, CHAVISMOAK BIZIRIK DARRAI!

chavez eta maduroHugo Chavez Presidentea hil eta gero (2013ko martxoaren 5ean), eskuineko politikariak eta prentsak, eta baita ezkerrekoak omen diren zenbait analista ere, chavismoaren ordez madurismoaz hitz egiten hasi ziren. Maduro presidenteak berak esan zuen bera chavista zela eta ez zegoela madurismorik inon. Chavismoa XXI. Mendean sozialismora heltzeko bidea da, itxaropena, utopia nahi bada, baina utopiak, Eduardo Galeanok zioen bezala, ibiltzeko balio du eta ez da gutxi.

Abenduaren 6an chavismoak 17 urteetako hauteskunde-ezustekorik handiena jaso du. Nozitu behar izan dituen 2002ko estatu kolpearen, 2003ko petrolio paroaren edo 2014eko guarimben ostean, intentsitate baxuko baina oso ondorio larrietako gerra baten jo-puntuan, Venezuelak une zaila bizi duela agerikoa da. AEBek -ohikoa duten zinismoaz-, Estatu Batuetako segurtasunaren mehatxu larritzat jo du ofizialki, Iraultza Bolibartarra abian jarri zenetik berau uzkailtzeko daraman politikaren logika inperialistaren ildotik. Guarinba hiltzaile haiek iraun zuten 2 hilabete eskasetan, lagin gisa, 15.000 milioi dolarreko galera ekonomikoa eragin zioten herriari. 2 hilabeteetan! Eta testuinguru honetan bada azkarregi atera denik chavismoaren heriotza aurreratzea, edota Venezuelako prozesuaren 17 urteotako lorpen guztiak ahaztera. “Chavismoa hilurren” irakurri dugu kazeta batean eta tira, zerbait esan beharrean ere aurkitu gara Venezuelaren bilakaera jarraitu eta goitik behera chavistak garenok. Ea asmatzen dugun, Chavez Komandanteak utzitako lorratza aztertzeko hamarkadetako perspektiba historikoa beharko baita, hain izan zen bere bizitza erabakigarria mila esanahietan. Baina ezer ez da alferrik, atzeraezina da, haren aztarna historiak jasoa du jada. Ezer ez da berdin munduan Chavezen ostean.

Apokalipsia heldu omen baita, oposizioak beti erabili duen diskurtsoa behera erori den egunean hain justu: Chavismoak hauteskundeetan iruzurra egiten zuela zioena, 20 hauteskunde prozesuetatik 19tan gailendu ostean azken 17 urteetan. Baina badirudi oraingo honetan, irabaztea lortu dutenean, ez dagoela iruzurrik. Venezuelako sistema elektoralaren nagusitasuna eta zuzentasuna azpimarratu behar dira lehenik, urteak eman baititugu mendebaldeko hedabide handi guztietan egundoko gezur mordoa entzuten gai honen inguruan. Gera dadila beraz nola toxikatzen duten hedabideek, herriak herritik gobernatzen duenean (eta ez Washingtonetik) iritzi publikoa kontra egon dadin, edo behintzat susmo txarra eduki dezan.

Miami-Venezuela-Miami hegaldi subentzionatuak hauteskundeetan bozkatzeko

MIamiko oposizioa Miamira itzultzen bozkatu eta gero

Oposizioa

Venezuelako oposizioaren ospakizunak

Aztertu beharreko bigarren elementua da ze hauteskunde mota izan diren: Venezuelako legebiltzarra aukeratzen zen. Oposizioak hainbat eskualde eta udal irabazi ditu urte hauetan, Miranda edo Zuliako estatuetako Gobernuak edota Caracaseko alkatetza, esaterako. 2007an Chavez presidenteak konbokatutako erreferenduma ere irabazi zuen oposizioak. Orduan ere entzun eta irakurri ziren apokalipsiaren iragarpenak eta haren zantzurik ez 8 urteotan. Oposizioak oraingoan ere irabazi du, eta legebiltzar nazionala bere esku egongo da datozen urteetan. Alta, oroitu behar dugu AEBetako Presidenteak, Obamak ere, galdu egin dituela bere bi mandatuen erdian egindako legebiltzarrerako hauteskundeak, eta horrek ez duela galbidera eraman; areago, bigarren mandatu bat berresteaz gain, badirudi Alderdi Demokratak erraz irabaziko dituela hurrengo presidentzialak. Beraientzat ez dago apokalipsi iragarpenik, yes you can.

Chavismoak kolpe handia jaso du, baiki. Eta min ematen digu munduko ezkertiarroi. Venezuela irauli egin delako 1998tik hona: Hezkuntzan, elikaduran, osasungintzan, unibertsitate mailan, industrian, eta hainbat eta hainbat politiketan sekulako emaitzak eskuratu ditu chavismoak urteotan. Nazio Batuen sariak jaso ditu, analfabetismoa desagertu da, herrialdeko bazter urrunetaraino iritsi dira etxebizitza edo osasun eskubideak. 2004ean Miren Egigurenek jaso zuen euskal kooperante bati ematen zaion urteko saria, eta BERRIAk bere igandeko gehigarrian jaso zuen elkarrizketa gogoangarrian, chavismoa defendatu zuen tinko. Miren Egiguren jende xumearekin lana egitera ohitua zegoen eta ez handikerietan edo bestelako interesetan.

mision vivienda

900.000. etxebizitza entregatu du aurten Venezuelako Iraultzak

Azken hauteskunde hauek oposizioak azken urteetan piztu zuen gerra ekonomikoaren gordinean eman dira gainera. Chavismoak herri xumeari laguntzeko ezarritako neurriak, primeran baliatu dituzte monetaren balioa zanpatzeko, elikagaien banaketan desoreka sortzeko eta beste. AEBek fracking-aren bitartez lortu duten abantaila estrategikoa ere bikain baliatu dute: John Kerryk Saudi Arabiarekin tratua egin zuen petrolioaren prezioa jaitsi eta inperialismoaren etsaiei gerra ekonomikoa egiteko; Errusia, Brasil edo Iran bezala, Venezuela ere gogor kolpatzeko. Eta badakigu, azken urteetan Amerikako hegoaldean eman diren hainbat prozesu iraultzaile lehengaien prezio naturalak bultzatuta eman direla. Lehengaien prezio horiek artifizialki merkatu dituztenean, plan sozialak murriztu behar izan dira eta oligarkiak, oposizio bezala antolatutako Washingtonen aliatuak alegia, zirrikitua topatu du kalteaz baliatzeko.

Baina hau dena aurreikusia zegoen ere. 2009an La Habanan elkartu ginen hango juristen elkarteak gonbidatuta eta bertan aztertzen genituen faktore eta aldagai hauek. Venezuelako Iraultzak egin dituen akatsen artean, egoera honi aurre egitea kostatu zaiona aipatu daiteke, egoera benetan zaila eman baita herritarrentzat, eta horra emaitza. Txilen Allenderi 1972an eta 1973an gertatu bezala, inperialismoak berriro ere topatu du herri soberano bat jipoitzeko bidea. Eskandalagarria da benetan egun Europako ezkerra ikustea Venezuelak bizi duen gerra ekonomikoaren eragina gutxiesten.

Chavismoa hilurren esatea gehiegitxo esatea da. Irango presidente izandako Ahmadinejaden hitzak ekarriko ditugu gogora: ‘Chávez ez da pertsona fisiko bat, kultura bat da, bide bat da, mundu osoa salbatzeko plan bat da”. Plan hori indarrean dago, aurrera doa bide horretatik, herriak aparateroak bota ditu, Chavezek berak egingo zukeen bezala, utikan! Baina malkorik ez, gaurkoan, chavismoa bizi-bizirik dago eta hauteskunde batzuen galeragatik ez da ez dena amaitu ez eta historiaren zabortegira bota behar XXI. Mende hasierak eman duen esperientzia ederrena.

la patria no se negocia

Advertisements