RED-WASHER BATEN ADIBIDEA: SLAVOJ ŽIŽEK

Slavoj Žižek filosofoa gaur egungo ezkerreko mugimenduetan oso ezaguna egin izan da. Oso ezagunak dira bere “zanpaketaren normaltasunaren” inguruko teoriak, edota Europako ezker berria eraikitzeko proposamenak. Askok, egungo ideologo marxistarik garrantzitsuentzat ere jotzen dute.

slavoj-zizek-yemek-felsefe 2

                   Hala ere, guri askoz ere gehiago interesatzen zaigu (eta kezkatzen gaitu) beste gauza batek, nazioarteko politikarekiko bere posizioak. Eta hemen ezin daiteke esan Žižek ezkerraren erreferente bezala jokatzen ari denik. Edo bai, baina soilik ezker mota baten erreferente gisa, hau da, ezker liberalaren edo ezker eurozentristaren ordezkari tipiko bat izango litzateke. Ezker mota hau batez ere, atlantismoaren jomugan jarritako Estatu edota Gobernuekiko herraz bereizten da, eta baita ere, posizio hau justifikatzen dituen zenbait zantzu erakusten ditu (gehienetan errepikatu egiten direnak): norbanako eskubideen goraipamena, edozein protestaren goraipamena, batez ere Estatu horietan ematen bada (protestaren izaera edota konposaketa sozialari begiratu gabe), 1968ko maiatzaren estiloan ustezko “iraultzaren” ospakizuna (baina ez antolaketa, ezta ere jarraipena), toki konkretu bateko Gobernu aldaketa batek (partikularrak), egoera orokorrean (unibertsalean) izan dezakeen eragina ez aztertzea, edota Estatu baten eta bere etsaien arteko borrokaren klase-harremana ahaztea, beste mota batzuetako borrokei buruz aritzeko.

                Azken bosturtekoan, bi fronte zabaldu dira batez ere nazioarteko politikan, bata arabiar munduan, “arabiar udaberria”  (bai Mendebaldearekin lerratutako Estatuetan sinesgarritasunik gabeko gobernariak beste batzuez aldatzea, printzipio lanpedusianoaren arabera; eta baita ere Mendebaldearen aurka lerratutako herrialdeetan erabateko Gobernu zein norabide aldaketa proposatuz) eta bestea eslaviar munduan, Errusiaren ildo berriaren kontra (bai Errusian bertan oposizio mendebaldarzalea zein “intsurgentea” bultzatuz, zein honen mugetan, Ukrainan adibidez Gobernu aldaketak bultzatuz -Maidan-). Bietan Žižeken portaera Mendebaldeko potentzien agenda babestea izan da.

                Arabiar munduaren inguruan, batez ere bi gertakarik markatu dute munduaren parte honen norabide aldaketa; Libian Gaddafi Estatu-kolpe bidez botatzeak, eta Siriako guda zibilak, momentuz Assadek Siriaren tokirik populatuenei eusten dielarik. Bietan, Žižeken posizioa oso makurra izan da. Gaddafiri hainbat aldiz “diktadore” deitu badio ere, Siriaren kontra manifestu bat eta guzti sinatu zuen, Siriako Gobernuak gudan “siriar oposizioak kontrolatutako hiriak gosez ito arazten zituela” esanaz, eta kanpoko eskusartze “humanitarioa” (noski!) eskatuz. Manifestu horren sinatzaileen artean inperialismoaren benetako apologistak aurkitzen ditugu, adibidez Gaddafi botatzeko nazioarteko interbentzio armatua eskatu zuen Gilbert Achcar edo koloreetako iraultzen ideologo Gene Sharpen laguntzaile eta ikasle Stephen Zunes.

                Eslaviar munduaren kasuan, Žižek oso ezaguna izan zen iruzur “anarko-punk-feminista” Pussy Rioten performanceen babesle gisa, kartzelan zegoen Nadezhda Tolokonnikovarekin karta-trukaketa bat izateraino (eta zergatik ez kartzelan zegoen beste aktibistarekin, Maria Aliokhinarekin?). Pussy Riot mendebaldearen proiektu ideologikoaren Troiako zaldia zela argi geratu zen aspaldi, ez soilik Hillary Clintonen ondoan agertzearren, baizik eta Mendebaldeak bezala, Putinen proiektu ideokratikoa 90ko liberalismoa ordeztearen aldeko apustua egitearren. Pussy Riotek behin baino gehiagotan erasotu du Putin “sobietar sistema totalitarioaren antzeko sistema eraikitzearren”; eta euren kontrako zigor “Politikoa”, “Sobietar garaiari dagokiona” bezala jo izan dute. Horri, euren indibidualismoa eta klase-ertainetan tipikoa den “kreatibitate” eta “sormenarekiko gustua” batuz gero, ideologikoki muturreko liberalismoa babesten duen talde baten aurrean gaude. Antikomunismo porrokatua. Mendebaldean inork azaldu ez badu ere, Pussy Riotek, eskuineko liberal-nazionalista Aleksei Navalni babesten du, eta euren abokatua Mark Feigin da, Nadezhda Savtxenko ukrainar guda-kriminala edota Roman Zheleznov edo Ilia Gorieatxev errusiar naziak defendatu izan dituen berbera. Žižek “marxista” edo “stalinista” kutsatu du “adiskidetasun” honek, Tolokonnikovari bidalitako kartetan “stalinismoa” hartzen baitu jomugan esloveniarrak.

Zizek- Pussy Riot - Clinton

                Eta hori Žižekek Maidanaren alde sinatutako manifestua ez aipatzearren (laguntzaile are ilunagoak: Adam Michnik antikomunista eta Basta Ya! Talde espainolistaren jarraitzailea, Irak bonbardatzen lagundu zuen Ana Palacio Espainiako Kanpo Arazoetarako ministrari ohia, Timoxenkoren aholkulari Alexander Motyl,  George Sorosen soldatapeko Ivan Krastev bulgariarra, serbobosniarren kontrako kanpainaren sustatzaile Bernard Kouchner, André Glucksmann sionista fanatikoa eta, gehiago ez luzatzearren, Katalunian Sorosen agente nagusi den Jordi Vaquer). Norbaitek Žižeken defentsan esan dezake hau “Maidanen” hasieran sinatutako manifestu bat zela, Maidanen norakoa zein izango zen jakin ez zekiela sinatutakoa. Maidanaren hasierako ultraeskuineko joerak ez atzematea halako intelektual batentzat akats handia bada ere, akatsik larriena ez da hori, baizik eta gerora posizio hori ez zuzentzea eta autokritika ez egitea. Izan ere, badirudi Ukrainan (eta Libian, eta Sirian, eta…) ezkertiar hauek behin “iraultza” gertatuta, “iraultza” horren ondorioak jarraitzeari utzi izan diotela. Bietatik bat: edo “iraultza” aitzakia besterik ez da helburua aurreko agintariak (kasualitatez, Mendebaldearen kontrakoak) botatzera mugatzen direlarik; edo “iraultza” momentum baten bezala irudikatzen dute, prozesu baten bezala irudikatu ordez, tradizio ideologiko marxistari (eta Žižekek berak behin baino gehiagotan hartutako posizioari) bizkar emanez, eta iraultza “jaialdi” bezala hartuz (edo “jaialdi” baten mailara beheratuz).

                Latinoamerikaren inguruan (ezkerraren barruan kontsentsu handiagoa sortzen duen gai bat aipatzearren), Žižeken posizioa ere ez da guztiz argia. Podemosen alde egiteko, Chavez eta Maduro hauekin negatiboki konparatzen ditu, azken hauek biak “Populista” direla egotzita. Bide batez, esan beharra dago Podemos bera Žižekentzat antzinako lagun susmagarriekin biltzeko beste aitzakia bat dela: 2014an Podemosen alde sinatutako manifestu honetan, Gilbert Achcar edota Noam Chomsky, Europar Konstituzioaren aldeko Michael Hardt, Sorosen GKEekin lotura estua izan duen Naomi Klein edo Judith Butler aurkitzen ditugu beste batzuen artean (Podemosek berriki Libiaren bonbardaketan ardura izan duen Julio Rodriguez jenerala, edo “espainiar BHL” Santiago Alba Rico fitxatu ditu). Noski, Žižeken podemizazioak badu eskuineranzko segida handiagoa, 2015ean Occupy Wall Street mugimenduan parte hartu zuen esloveniarrak. OWS: AEBetan “ezkerra” bahitzeko disidentzia kontrolatuaren enegarren saiakera da, metodologia “Koloreetako iraultzetatik” hartu duten “iraultzaren ludifikazioa” delarik (noski, kasu honetan, ez dute boterea hartuko, hauen patroiei interesatzen ez zaielako). OWSen “aditu bezala” Serbian Miloševićen kontrako Estatu-kolpea prestatu zuen Otpor taldeko jendea aurkitzen dugu. Azken hau ez da berrikuntza bat zirkulu baten ixtea baino, Žižek jada NATOk Serbia bonbardatzearen aldeko jarrera izan baitzuen. (NATOren Balkanen gaineko ideologia ofizial den serbofobia Žižekek nola onartzen duenari buruz Emir Kusturicak zenbait arrasto ematen dizkigu, eta baita ere Svetlana Slapsakek).

2011-Occupy-Wall-Street079

Zizek - Tsipras

Zizek - Podemos

                Ikusten dugun bezala, nazioarteko politikan Žižekek beste aspektu batzuetan hainbeste kritikatzen duen 1968ko maiatzeko ezkerraren tik guztiak gordetzen ditu, batez ere, mugimendu hauen buru ohiak izan zirenen (BHL, Cohn-Bendit, Bernard Kouchner) atlantizismoa. Garai batean, feministek “pinkwashing” terminoa ekoitzi zuten, emakumeen edota LGBTen aldeko eskubideen bestelako agenda zanpatzaile batzuen aldeko erabilera politikoa deitoratuz. Kasu honetan Žižekek bere entzute “marxista” inperialismoaren alde egiten erabiltzen du, ezkerreko entzuleak tronpatuz, “redwasher” papera jokatuz.

Slavoj Žižek, slovenian philosopher in his flat in the center of Ljubljana

Advertisements