GARA egunkariaren jukutria

Iturria: Drina Zubia Elkartea

                Herenegun, UNESCOko Biltzar Nagusiak, partzialki aintzatetsia den Kosovoko Errepublika bere barnean ez onartzeko erabakia hartu zuen, kide izateko proposamenak gutxienekoak diren bi herenak bildu ez zituela eta. Kosovoko Errepublikak (Serbiak aintzatesten ez duenak) UNESCOn NBEn sartzeko urrats bezala ikusten zuen, baina Serbiaren aburuz, Kosovo gobernu albaniar baten pean Estatu “Independente” (praktikan Mendebaldearen menpeko protektoratu) bihurtu zenetik Kosovoko ondare historikoa, sustrai serbiar eta ortodoxoak dituena, ez dute behar bezala zaindu (Serbiak Kosovoko Gobernuari zaintza-axolagabekeria horretan asmo politikoak, Kosovoko aztarna serbiarrak ezabatzea, eta garbiketa kulturala burutzea leporatzen dio).

                Berri honen inguruan, atzo, azaroaren 10ean, GARA egunkariak “Serbia y España se alegran de que Kosovo quede a las puertas de la UNESCO” titulatu du. Kontutan izan behar dugu 50 Estatuk bozkatu dutela Kosovo UNESCOn sartzearen kontra, ez soilik Espainiak. Baina GARAk Espainia jarri du titularrean, ez adibidez, Palestina, Venezuela edo Bielorrusia. Are gehiago, berriaren gorputzean soilik serbiar, albanokosovar eta errusiar ordezkarien adierazpenak jaso dituzte, Espainiaz aipatu duten bakarra, esaldi bakarrean Gobernuaren komunikatu aseptiko bat izan da, hor “behartuta” eta trakeski sartu izanaren sentsazio erabatekoa dariola. Hots, titularra eta edukia ez datoz bat, titularrean Espainia nabarmentzen baita, baina berrian ez da agertzen nabarmentze hori justifikatzen duen ezer. Argi dago GARAren nahia izan dela, besterik ez, Espainia titularrean jartzea, eta nahi hori informazioaren gainetik ezarri dutela. Zergatik? Badirudi Kosovo “Independentziarako eredutzat” jotzen dutelako izan daitekela, eta hala, irakurleari (euskal independentista denari), Serbia eta Espainia parekatzeko edo erkatzeko parada erraz jartzeko asmoa agertu du.

                Manipulazio hori politikoki zuzendua dela argi azaltzen zaigu gero Dabid Lazkanoiturbururen iruzkina ikusterakoan. Hemen, lotsarik gabe, Espainiak Kataluniarekin izan duen jarrera eta Serbiak Kosovorekin ustez izan duena konparatzen ditu, irakurketa erraz bat egiteko: “Kosovo albaniarra=Katalunia=nazio-askapena” eta “Serbia=Espainia=nazio-zanpaketa”. Konparaketa erraz eta interesatu honek gauza asko ahanzten ditu, adibidez, Kosovon serbiarrak ez direla inongo okupatzaile (mendeak daramatzate bertan bizitzen eta Kosovoko toponimia gehiena serbiarra da), Kosovoren “Independentzia” NATOren guda baten ondorio zela (Espainia guda horren parte zen Serbiaren aurka) eta azkenik, halako trikimailu errazen sinesgarritasuna hutsa dela nazio arazoetan eskema unibertsal bat ez dagoelako (adibidez, Serbiar nazioa katalana baino txikiagoa da eta bere XIX eta XX. Mendeetako historia askapen nazionaleko historia bat izan da inperioen aurka).

                Bukatzeko, “jarrera espainiar edota balkanikoak ez dira batere katalanak” dio Lazkanoiturburuk. Esaldiari darion xenofobiaz ez dugu ezer esango… Akaso Albanian galdetu beharko luke katalan almogavarrez duten oroitzapenei buruz.

Advertisements