WHITE HELMETS, “ERAKUNDE ZIBILEN” AZKEN TROIAKO ZALDIA?

Aspaldi honetan, nazioarteko medio ezberdinetan maiz agertu zaigu Sirian dabilen GKE bitxi baten iharduera: GKE horrek White Helmets (Kasko Zuriak) du izena, eta erakundeak esaten duen moduan, “Sirian bonbak zibilen gainean erortzearen kontrako kontzientzia-lana” egiten du horretarako “NBEren inplikazioa” eskatuz. Erakundeak dio 24.000 zibil baino gehiago salbatu dituela, eta 2.709 boluntario dituela Sirian. Erakunde hau, “Siriako Defentsa Zibila” (Syran Civil Defense) ere deitua dena, Siria Kanpaina (Syria Campaign) delakoan barnebilduta dago.

Baina zer da benetan eta nondik ateratzen da talde hau? Taldearen web orrialdera joaten bagara (https://www.whitehelmets.org), bertan ez dugu ikusiko ia batere diskurtso politikorik, “zibilen” inguruko aseptibitatea baizik. Asko jota, euren burua “zibil eta neutral” aldarrikatzen duen adierazpen bat eta NBEri zuzendutako guda petizio soil bat, besterik ez. Beraz, badirudi, Siriako Kasko Zuriek guda honetan, gudaren ondorioei begiratzen dietela, gudaren kausei baino. Hori dela eta “guda bukatzeko” edota “gudaren desastrea leuntzeko” deitzen du ia momentu guztietan. Ikusten da filo-NBE ideologia nabarmena dela erretolika humanitarioan, eta baita erakundearen izenean ere, NBEren “misio huanitarioetako” Kasko Urdinak gogorarazten baititu. Hala ere, eskaera konkretu bat soilik egiten du: Siriako Airezko Indarrei hegan egitea debekatzea. Hau, “No-fly zone” delakoa, Estatu baten burujabetasun eta defentsa-eskubidearen kontrako eraso bat izateaz gain, Libian inperialismoaren bosgarren zutabeari garaipena eman zionekoaren gogorarazpena da.

001WH

Baina aseptikotasunaren atzean beti dago zerbait edo norbait, aseptikotasun hori edo “normaltasun” hori definitzen duena (hots, guda nork sortu duela, beraz, gudaren sufrimenduaren luzapenaz nor errudun egin behar duela dioena). White Helmets taldeak argi eta garbi esaten ez badu ere, pixka bat arakatu daiteke. Esan dugun bezala, White Helmets taldeak NBE du mintzakide nagusi, hau interpelatzen du. Bere ihardun guztian, nazioarteko zuzenbidearen arabera Siriako subirautza duen Siriako Arabiar Errepublikako Gobernua ez da aipatu ere egiten. Hots, Sirian NBEk “interbentzio humanitario zibil” bat egitea nahi du… Siriako Gobernuaren baimenik gabe? Zalantza izan daiteke, baina hala ematen du, izan ere, joan den ekainaren 2an Syrian Civil Defenseko buru Raed Al Salehk, Roman Oiartzun NBEren Segurtasun Kontseiluan NBEn Espainiaren ordezkariari eta François Delattre Frantziaren ordezkariari egin zien interpelazioan “Siriar Aire Indarra” identifikatzen zuen soilik erasotzailetzat. Al Salehren arabera, Siriar “erregimenak” (hitzak ez dira neutral), “bere kontroletik at dauden zonaldeak infernu” bilakatu nahi ditu. Gizon honen hitzaldia “siriar abertzale moduan, nire herrialdearen kontrako kanpoko interbentzio bat eskatuko nukeenik ez nuen espero (…) baina Baxar Al Assad barbaroa geratu behar da”.

Are gehiago arakatu dezakegu. White Helmets delakoak, bere web-orrian, Dundar Sahin deitutako turkiar baten adierazpenak biltzen ditu. Nor da Dundar Sahin? Berez, Turkiako AKUT Institutuaren zuzendaria da. AKUT institutuak “larrialdien aurrean pertsonal entrenamendua” hobesten du, euren hitzen arabera, eta euren twitter kontua arakatuz, badirudi Siriako Defentsa Zibila (Kasko Zuriak) taldearekin harreman estua duela. AKUT Institutua ez da tokiko erakunde bat, euren lana “globala” dela esaten dute. Hala ere, ematen du NBEren inguruan, eta batez ere, NBEren inguruan ibiltzen diren potentzien inguruan. Honela, bada, Kasko Zurien eta NBEren “Interbentzio humanitario” baten arteko harremana gero eta argiago agertzen zaigu. Erakunde hauen eta Turkiaren arteko lotura gehiago agertzen zaizkigu, Siriako Defentsa Zibilaren web-orrialdearen kontaktu artean, Turkiako mobilbat aurkitzen baita. Honek erakusten du erakunde hauen basea ez dagoela Sirian, Turkian baizik. Erdoganen Gobernuaren proiektu neotomanoa kontutan izanda, GKE turkiar honen asmoen inguruan mesfidantza sortzea ez zen batera arraroa izango.

002 akut

GKE “zibilak” guda asimetriko edo hibridoetan jokatu izan duten papera ezaguna da, eta White Helmets delako hauek horretan sartzen dira. Euren lan humanitarioa, lan propagandistikoa besterik ez da, benetako helburu politikoa (Siriaren kontrako interbentzioa) prestatzeko edo prestigiatzeko. Eta helburu politikoa nagusi denez, horretarako edozer baliatzen dute. Azkeneko kanpaina, arma kimikoen ingurukoa izan da, non Siriar defentsa Zibilak (Kasko Zuriek, beraz), napalma erabiltzearen Siriar Gobernuaren kontrako akusazioetara batu egin diren (bide batez Ukrainan Poroxenkoren Gobernuaren propaganda-tresna den Conflict News  “analisi-taldearen” bidez boza goratuz).

003 WH napalm004 Conflict News

Horretan, Siriako Defentsa Zibila beste talde batzuekin aritzen da elkarlanean, adibidez, Amnesty International bezalako “giza eskubideen defentsako” zilegiztatzaile inperialista erraldoiarekin. Napalmaren kontu horrekin, Siriaren gainean “no fly zone” bat ezarri nahi duen beste GKE bat Avaaz GKE artxi-sionista da, “online ekaeran plataforma” gisa funtzionatuz, “agintari politikoak” erabakiak hartzeko (erabaki asko nazioarteko politikari dagozkionak) presionatzen biltzen dena. Avaazen logika zitala da oso, izan ere, “kanpo politikaren demokratizazioa” bezala aurkezten den honek, praktikan, herri subiranoen etorkizuna, “lehen munduko” (Mendebaldeko) internauten esku uztea esan nahi baitu; herritarrak inperialismora batuz (George Soros eta Gene Sharpen ideologiarekin bat etortzen da erabat “kanpo politikaren demokratizazioaren” kontzeptu hau: herritarrak dira –konturatu gabe, agian- inperialismoaren motorra, “borondate oneko inperialismoa” saltzen baita).

005 soros

Hala ere, Kasko Zuriaren eta siriar “oposizioko” talde takfiriarren arteko elkarlaguntza ez da soilik propaganda arlora mugatzen. Ekintzara ere mugatzen da. Kasko Zurien buru Haj Abu Ahmadek behin esan zuen Al Nusra (Siriako Al Kaeda, Siriako Armada Askea-FSA delako “oposizio moderatuan”) taldea eta bere borrokalariak Kasko Zurien “anaiak” zirela.

006

Ez da kasu bakarra izan. Adibidez, Al Nusraren exekuzio baten ostean, exekuzioaren eskenan bertan Kasko Zurien agerpena ikusi zen. Euren militantean armaturik ere agertu dira, Al Nusrakoekin batera (argazkiak behean). Beraz, oso ezberdinak dira errealitatea eta hasieran aurkeztu zaigun “talde humanitarioa).

007 al Qaeda

008 Islamistak

Beraz, talde honek, beste GKE askoren eskema jarraitzen du: nahiz eta lan propagandistikoa gai humanitarioen inguruan egin, benetako lana helburu politikoarekin bukatzen da; Siriako Errepublika Arabiarraren suntsipenarekin, eta horretarako nahiz eta ideologian urrun dauden taldeak (Avaaz eta Mendebaldeko liberalak batetik, eta Al Kaeda bestetik), hauen arteko elkarlan luzean beste zintzarri bat osatzen dute.

Advertisements