HAUTESKUNDEAK MEXIKON, EMAITZAK ALDE BATERA EDO BESTERA, EZER EZ DA ALDATUKO

[Joseba Agudo Manzisidor]

John Womack Jr. Idazleak, “Zapata y la revolución mexicana” liburuko lehen atalean Emiliano Zapataren sorleku eta bizileku izan zen Morelos estatuaren XX. mende hasierako egoera aztertzen du. Urte luzez boterean egondako Alarcon gobernadorea hil eta haren ordezko bezala, Porfirio Diaz presidenteak Pablo Escandon proposatu zuen Moreloseko gobernadore izateko. Escandon ez zen hautagai egokia, ez baitzuen bertakoen babesik eta gainera aristokratatzat gehiago zuen bere burua politikotzat baino. Hau dela eta, lur jabeak, eta bestelako aberatsak elkartu ziren, Francisco Leyva generalaren babesa lortu eta haren seme Patricio Leyva hautagai bezala proposatzeko. Leyva jeneralak, bilera izan zuen Diaz presidentearekin eta azken honek hitza eman zion ez zuela kanpainan bata edo bestearen alde egingo. Leyvak hitza eman zien nekazariei, haien artean lurrak banatuko zituela, Mexikoko agintariek hori onartu ez eta sekulako errepresioaren ondoren, 1909ko martxoaren 9an, Pablo Escandon izendatu zuten Moreloseko gobernadore.

Ondorengo historia ezagunagoa da, Zapata buru zutela nekazarien matxinada piztu baitzen, Mexikoko Iraultza bezala ezagutzen dugun kapitulua osatzeko.

Historiaren kapitulu hau gogora dakarkigu, ezer gutxi aldatu delako XXI. mendean Mexikon. Duela ehun urtetako konspirazio, akordio ez beteak, ezkutuko hitzemateak eta bestelakoak berriro errepikatzen dira, historiak ziklismorako duen joeran tematuta.

Mexikoko alderdi gehienek barne hauteskundeak dituzte haien hautagaiak aukeratzeko. Alderdi barruko familia ezberdinek, presioa egiten dute gora eta behera, ezkerrera eta eskuinera, haien hautagaiak lehenesteko. Borroka hauek, ez dira ideologia jakin batengatik ematen, baizik eta botere nahiagatik soilik.

Ohikoa da, errutina kasik bihurtua, alderdi batean galtzaile denak beste alderdi bat bilatzea lehiatzeko. Sinaloako estatuan gertatu zen, PRIren barne hauteskundeak galdu zituenak, PANekin lerratu zela eta ezkerreko PRDrekin batuta, PRIri gailendu zitzaizkiola haren lurralde tradizionalean. Mario Lopez Valdezek, ultraeskuina eta ezkerra batu zituen 2010ean estatua bere esku hartzeko eta geroztik Sinaloako gobernadorea da.

Aurtengo ekainaren zazpian egingo diren hauteskundeetan, hamarnaka dira hautagai paraxutistak, haien alderdietan lekurik topatu ez eta beste alderdietara jauzi egin dutenak.

Hauteskundeetako kanpainek ere badituzte hainbat ezaugarri urtez urte errepikatzen direnak. Hautagaiek xahutu ohi dituzten milioika pesoei muga jartzearren (normala izan daiteke hautagai batek seiehun mila euro xahutzea bere herriko alkate izateko), gastuaren gaineko kontrola handitu dela irakurriko dugu prentsa ofizialean. Baina hori onartuta, hautagaiak hasi dira kontrol horri buelta emateko mota guztietako azpikeriak asmatzen. Zenbait herrietan, hautagaiek, lagunen artean galdetu dute ea nork betetzen dituen urteak hauteskundeen aurreko egunetan. Urtebetetze festak handiak izan ohi direnez, kanpaina ekitaldiak egiteko baliatu nahi baitituzte, ospakizunaren aitzakiaren pean haien diskurtsoa emateko eta botoak erosteko.

Gainera, PRIk estatu osoko boterea hartu duenetik, “prinosauroaren” itzulera nabari da. Herri txikietan, PRIk bakarrik du egitura kanpaina politiko handia egiteko, eta ohiko argazkia osatu ohi dute, herriko musika banda, hautagai zuriena –Mexikon arrazakeria izugarria da, eta nekez topatuko dira azal beltzarana duten hautagaiak-, herritar txiroenak auzoetatik zentrora jaitsi direnak PRIko hautagaia babestea ogitarteko baten truke, etab.

Nazioak bizi duen segurtasun eza gehitu behar zaio egoera honi. Hainbat hautagai erailak, droga kartelak nonahi istiluak sortzen eta gerra ekintzak egiten, Peña Nieto presidentearen diskurtso ahulak, etb. Mexikoko Presidenteak eta jokoa jarraitzen dion prentsak, autismoak jota ematen dute, Mexikori buruzko irudi ezin lirainagoa eman nahian, noiz eta milaka eraildako daudenean, droga kartelek nazioa goitik behera kontrolpean dutenean, biztanleen ehuneko hirurogeiak gosea pasatzen duenean…

Atzo maiatzaren batean, Peña Nieto presidenteak harro esaten zuen Mexikon bake soziala dagoela, greba orokorrik egin ez delako urte luzeetan. Egun berean, Jaliscoko kaleak sutan daudela, misil bat jaurti ondoren armadako helikoptero bat bota eta hiru militar hil direnean, PRIko hautagai bat Guerreroko Chilapa herrian erail dutenean, … Bake soziala … Itsukeria, itxurakeria, batek daki baina bertako albistegiak ikusi eta bosgarren edo seigarren albiste bezala presidentearen mezuak ikusten ditugunean, benetan dirudi beste herrialde batez ari dela.

Klase gatazkak eragindako biolentzia omen zen historiaren motorra. Mexikon, biolentzia da motorra, klase borrokak eragindakoa, nahiz eta aztertzekoa den zein klaseetakoak diren ezer izan ez eta egun droga trafikatzaile bezala dabiltzanak, edo dena izan eta politikari mizkin bezala dabiltzanak. Bietan, mexikarrek PRI, PAN, PRD, MORENA edo beste alderdi txikiagoren bat bozkatuko dute, geroz eta gehiagok ez bozkatzearen alde egingo duten artean.

DSC02811DSC02812DSC02814

Advertisements