EUROPAKO EZKERRAK: ANTIINPERIALISMOA ALA HIL

[I. Larrearen kolaborazio artikulua]

Urtarrilak 7ko Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak eta gero gertatutakoak azterketa egitera eta ondorio batzuk ateratzera behartzen gaituzte.

Alde batetik Europar Batasunak bultzatzen duen inperialismoa eta bestetik berak indartu duen jihadismoaren ekintzak oinarri ezin hobea dira Europan xenofobia eta islamofobia zabaltzeko, baita eskuin muturraren eta sozial demokrazia inperialistaren interesak indartzeko ere. Halaber, munduko musulmanen artean jihadisten eragina handitzen jarraitzeko ere.

hipokrisia

Ohikoa den bezala, atentatu horren ostean gaitzespen mezua nagusitu da, inolako azterketa autokritikorik egin gabe. Ahots gutxik, oso gutxik aipatu dute Europar Batasunak, eta preseski Frantziak, anabasa honetan daukaten ardura hiltzailea.

Ezkerreko alderdi eta erakunde gehienek gutxi gorabehera gidoi ofiziala jarraitu dute; adierazpen askatasunaren eta tolerantziaren alde eta fanatismoaren, xenofobiaren eta obskurantismoaren aurka zentratu dute haien mezua. Oso gutxi ausartu dira sakoneko arrazoiak aipatzen.

 

Azken urteetako dinamikaren ondorioa

Azken hamarkadetan Europan eta espresuki Euskal Herriko gizarteetan nagusitu dira Europar Batasunaren eliteen mezuak Mendebaleko Inperialismoak gauzatzen dituen erasoak zuritu aldera. Horren aurrean ezkerreko alderdi eta talde gehienek ahulezia ideologiko izugarria, konplizitatea izan ez denean, erakutsi dute; Irak eta Afganistanen inbasioen aurka erakutsi zuten kemenaren alderantzizkoa.

irak umea

Natura eta gizartean ez dago gunerik erabat hutsik; ezkerrek betetzen ez duten gune ideologikoa eskumak eta inperialismoak betetzen dute.

Azken hamarkadetan AEBk eta Europar Batasunak biderkatu dituzten erasoen, inbasioen eta sarraskien aurrean jarrera epela edota konplizea hartu dute ezkerreko talde askok. Batzuetan erasotutako Estatuaren gobernua tiranoa omen zelako, beste batzuetan gutxiengo etniko batzuk zapalduei onura ekartzen zietelako, beste batzuetan matxinoak islamistak akabatu beharra zegoelako… gehienetan aitzakiaren bat izan dugu ni-nismoan erortzeko edota zuzenean inbasioak zuritzeko. Maliren inbasioan Frantziako Alderdi Komunistak egin zuen bezala.

Eta guzti horrek inperialismoaren aitzakia, gezur eta manipulazioen eragin ideologikoa indartu du gure gizarteetan. Eta baita xenofobia ere.

Urte guzti hauetan herri batzuen borroka zehatz batzuei gure elkartasuna adieraztera mugatu da gehienbat: palestinarrak, kurduak, sahararrei, berberei … Ondo dago eta ezinbestekoa deritzot, baina kasualitatez borroka horiekiko elkartasunak ez du behartzen EBaren inperialismoa eta sarraskien salaketa irmoa egitera. Eta horrela lasai asko jarrai dezake bere indartze ideologikoa.

Orain, Afrika eta Ekialde Hurbilaz gain Europa bera guda atakan sartu dute AEB eta EBak Errusiaren aurka Ukrainan zabaldu duten frontearekin.

Islamofobiaz gain orain errusofobia zabaltzen ari dira gure eliteak, eta horren aurrean ustezko ekidistantzia negargarri bat da ezkerreko talde gehienek agertzen dutena, EBaren diskurtso ideologikoari erraztasun guztiak emanez. Europan bertan eskala handiko guda berri bat hasteko baldintzak jartzen ari dira, eta Europako ezkerrak zilborrari begira.

Soberazko argudioak salaketarako

Bere inbasio, eraso eta sarraskiekin Afrikan eta herri arabiar eta musulmanetan oinazea, miseria eta gorrotoa zabaltzea eta jihadismoaren indartzea ekarri du Europar Batasunak. Ez soilik hori, hainbatetan talde jihadistak eta islamistak bultzatu eta lagundu ditu ezkerreko indarrak kaltetzeko edo deserosoak ziren gobernuak botatzeko, eta Frantziak ardura itzela dauka besteak beste Libia eta Sirian gertatukoan. Beste batzuetan, Malin bezala, islamistak aitzakia gisa erabili ditu inbasioak justifikatzeko.

john-mccainmccain2

'mairuak kanpora'Eta anabasa odoltsu horren ondorioek Europako herri xumea kolpatzen dutenean Parisen bezala, o paradoxa, inperialismoa bera, eskuin muturra eta xenobofia indartuak ateratzen dira. Eta arrazoi garbi bat bururatzen zait: ezkerrek ez dute lan ideologiko irmoa egin gizarteari erakusteko errudunik handienak nortzuk diren: AEBak eta Europar Batasuna.

Antiinperialismoa ala hil

Charlie Hebdoren aurkako ekintzak Europan bizi dugun egoera leherkorra ikusarazi digu berriro ere. Horren aurrean, nire ustez, gure eliteen interesak, krimenak eta eraso militarrak irmo, publikoki eta etengabe salatzea da antidotorik eraginkorrena. Piztiaren bihotzean bizi gara, gure zorrekin ordaintzen ditugu Armadak eta gure botoekin aukeratzen ditugu inperialismoa gidatzen duten gobernuak. Ardura berezia daukagu bizi garen lekuan bizitzeagatik.

Ideologikoki puntu hauek ikusten ditut garrantzitsu:

  • Erasoa jasotzen duten Gobernua edo talde matxinoa gure gustukoa izan ala ez, beti lehentasunez salatu eraso inperialista eta atzean dauden interesak agerian utzi.
  • AEBk eta EBak jihadismoaren indartzean daukaten ardura, baita eman eta ematen dioten laguntza publikoki salatu ere.
  • Inperialismo honek gure bizitza maila altuagoa ekartzeaz gain herri askotara miseria eramaten duela ere, emigrazioaren beharra sortuz.

Nire ustez, edo lan pedagogiko eta ideologiko antiinperialista etengabea egiten dugu gure gizarteetan edo inperialismoaren propagandak eta xenofobiak irentsiko gaituzte, dakarzkiguten gudetarako kanoi bazka bilakatzeaz gain.

Baina hori egiteko Europar Batasunarekiko menpekotasun ideologikoa gainditu behar dugu eta agian, Euskal Herriaz ari naiz orain, zentzurik gabeko itxaropenak albo batera utzi beharko genituzke ere.

Advertisements