DONBASSEKO MILIZIANOEN ALDE

Azken urteetan, omen ezkerrekoak garen iritzi emaile eta politikariak, ez gatoz bat nazioarteko egitateak aztertzerakoan. Batzuk Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren inperialismoa alboan uzten dute, zenbait herriek (Irak, Libia, Siria, Ukraina besteak beste) haien askatasunerako duten eskubidea aldarrikatuz (herri askeak izango ez liratekeelakoan) eta inperialismoaren aktore nagusi diren estatuen esku hartzea gutxitu nahian. Beste esparruan gaudenak, Errusiaren aldekoak omen gara, eta faltan dugun ezkerreko bloke sozialistaren nostalgikoak omen gara, “putinzale ganoragabeak”. Eztabaida honek bete betean harrapatzen du Donbass, eta labur ikusiko badugu ere, mundu osoko egoera.

01 no5

Ukraina.

Lehenik eta behin argitu behar dena zera da, Donbassen benetako bonbak jaurtitzen dituztela 2014ko otsailean kolpe faxista eman zutenek. Bonba horiek non nahi erortzen dira, eta batzuk, behin eta berriz ahazten dute bonbek jendea erailtzen dutela, oposiziokoak, gobernukoak, politikaz paso egiten dutenak, langileak, nekazariak, gizon eta emakumeak, haurrak, denak hiltzen dira bonben azpian. Eta Ukrainan bezala, Libian, Sirian ondoren eta Donbassen orain, bonba horiek inperialismoaren aldekoek jaurtitzen dituztela ahazten dute.

Ukrainan estatu kolpe izugarria gertatu zen, indar faxisten sekulako babesa eta bultzada jaso zuena eta egun ere jasotzen duena. Faxistek eta boterea hartu dutenek, Europar Batasunaren oinetan jarri dute nazioa eta NATOren alde lerratu berri dira. Egoera orokor honen aurrean, Krimeako penintsula lehenik eta Donbasseko zonaldean ondoren, herri galdeketak egin ziren (Katalunian edo Eskozian txalotzen ditugunaren antzekoak) eta biztanleen gehiengo izugarri batek Ukrainarekin apurtzea erabaki zuen.

Krimean, Errusiak zituen interesak tarteko, Ukrainako egungo gobernu kolpe emaileak, egoera de facto onartzea besterik ez du izan, eta Krimea eta Sebastopol Errusiako parte dira orain. Baina Donbassen gogor eutsi dio ezezkoari, ehunka lagun erailez eta zaurituz. Inperialismoaren aurkako ohiko ezkerrak, Donbasseko bandera altxatu du(gu) eta ASKAPENA eta ERNAI bezalako erakundeek argi egin dute hautua, bertakoek autodeterminatzeko duten eskubidearen alde eta faxisten aurkako erresistentziaren alde.

01 no2

01 no1

Ezkerrekoa omen den beste korronte batek aldiz, marrazten dudan eskema orokor honen aurka egiten du, eskema berak dituen zenbait kontraesan baliatuz. Errusia ez da estatu ezkertiarra eta bere zonaldean praktikatzen duen inperialismoa da Ukrainaren aurka egiteko duen zioa. Hori dela eta zenbait kontraesan erabiltzen dira, hala nola Errusiako Errusia Batua alderdiaren parte hartzea Frantziako Fronte Nazionalaren ekitaldi batean edo horrez gain, errusiar nazizale batzuk omen daudela Donbassen, Novorrusiaren alde borrokatzen eta horrek nire tesi nagusia (ezkerrak Donbass ehuneko ehunean babestu behar duela) behera botako luke.

Nazioarteko testu ingurua. Hirugarren lehiakidearen aurka.

Balizko tesi hau hain da arina ezein irakurlek ulertzen duela egoera oso nahasietan, kontraesanak non nahi sortzen direla. Egun, nik behintzat ez dut ezagutzen ehuneko ehunean “garbia eta purua” den herrialderik, gogokoen ditudan prozesu politikoek ere bere kontraesanak baitituzte. Baina Donbasseko zonaldeko nagusigoa, errusiazalea, ezkertiarra eta batez ere estatu faxistaren kontrakoa da.

Nire uste apalean, AEBek eta EBak, herrialde inperialistak izaki, munduan hirugarren lehiakidea sortzearen kontra egiten dute etengabe. Honela, hego-hego harremana da apurtu nahi dena mundu osoan. Azter dezagun ideia hau oso gainetik bada ere.

Iranek, Siriak, Libanok eta Palestinak osatzen duten “herri harresia”, inperialismoaren jomuga da ekialde hurbilean eta ez hainbeste aldiz errepikatzen diguten “demokrazia gehiago egoteko” zonaldean, baizik eta inperialismoari aurre egiten diotelako. Demokrazia baldin bada irabazi beharreko eremua, joan daitezela ezkertiar hauek Saudi Arabia eta Katar estatu kriminaletara demokrazia eskatzera.

Errusiak, Txinarekin batera, interes handiak ditu ALBAko herrietan eta ALBAko herriak Errusian eta Txinan. Eta guztiek zituzten harreman bikainak Libiarekin, Iranekin, Belarusekin, Ukrainarekin, … Belaruseko teknologia ikusi dugu Venezuelan, errusiar ingenieriak daude lanean Nikaraguan obra itzelak egiten, hegoaldeko nazioak hegoaldeko nazioekin harremanetan ikusi ditugu. Chavez hil zenean Palestina eta Libanoko herritarrak ikusi genituen haren aurpegia zuten posterrekin kalean negarrez. Siriako soldaduak ikusi ditugu ere Che Guevara eta PKKren banderak eskuetan.

Inperialismoak hori dena du jomugan. Petrolioaren gerra pil-pilean da orain, Errusia, Iran eta Venezuela hondoratzeko. AEBak, fracking teknikaren bidez, bere autokontsumoa bermatzen dute eta esportatzen ere hasi daitezke. Petrolio upel gehiago daude merkatuan behar direnak baino, baina Saudi Arabiak ez du ekoizpena jaitsi nahi, Venezuelak eta Ekuadorrek eskatu duten arren, Saudi Arabian petrolio upel bakoitza lortzeko behar den dirua oso baxua izanik (sei dolar) mozkinak izaten jarraitzen dituelako eta honela, bere bazkide nagusiari mesedea egiten diolako, AEBei alegia (mesede, petrolio upela hain baxu egonik Errusia, Iran eta Venezuela direlako kaltetuenak, hirugarren lehiakidea zokoratuz).

Donbasseko gudariak eta bertako herria bonben azpian ikusteak mina eragiten ez dieten ustezko ezkertiarrak, ez dira ohartzen egiten duten akatsaz. Edo ohartuta badaude ez dute onartu nahi haien hausnarketetan dituzten akats nagusiak. Egia da Errusian, Venezuelan eta Iranen, edo Ekuadorren, Bolivian eta Kuban, egoera anitz direla hobetzeko, eta herri hauek ez dituztela ez sistema politiko berdinak, ez eta herritarren sostengu bera.

Baina egiazkoagoa da, azken urteetan ikusi ditugun koloretako iraultzak, gehiago izan dutela CIA eta antzekoen gida liburuetatik, ezein prozesu herritar askatzailetik baino. Akats hori onartu ez, eta aurrera doaz zenbait ustezko ezkertiar ihesi, Errusia, Siria edota beste herrialde subiranoen akatsak edo kontraesanak behin eta berriz azpimarratuz inperialismoaren odolez beteriko eskuaren garrantzia gutxietsiz, eta sekulako kaltea eginaz haien komunikabide edo alderdietara hurbiltzen den jendeari.

Nazioarteko egoeraren irakurketa zuzenak egitea, askeago izaten laguntzen gaitu eta horretan segituko dugu, Donbasseko herritarren alde eta munduan inperialismoari aurre egiten dioten guztien alde.

JOSEBA AGUDO MANZISIDOR

ABOKATUA, ANTINPERIALISTAK SAREKO KIDEA

MEXIKOtik

Advertisements