27 urte

-Oye, ábreme la celda cinco un momentico.

La zelda zinko? Euskal ahoskera hori non aditu du, uniforme urdinarekin garitako leihatilan ijito-tropel zaratatsuari korrespondentzia banatzen ari zaion kartzelariak? Terrorista batek agindu bat eman al dio? Ala irudipena izan da?

-Oye tú, ábreme la celda cinco.

Buru guztien artean etarra zikin horren aurpegia bilatzeko begiak jaso dituenerako lehen planoan du, haserre antzera.

Jitxa sumindu egin da. Ez dute nire txapa ikusten paparrean ala zer! Zer uste du zabor honek? Zibilizatu gabe bidaltzen dizkigute, jainkoarren! Baina zer uste du honek?

-A mí, para empezar, me habla de USTED.

Euskalduna pentsakor utzi du lipar batez.

-A! Usted, me abres la celda cinco?

Urdina bere onetik atera da:

-QUERRÁ DECIR ME ABRE.

Eta honek, zur eta lur:

-¿Me abre quién? ¿A pero, no abrís vosotras?

Bai, zehazki berak. Eta bosgarren ziega irekitzeko botoiari sakatu dio. El de la zelda zinko.

Ziegak sekula irekitzen ez diren tenorean eta gisan, horrela eta orduantxe.

Sasoi hartan 14 urte zeramatzan espetxean, eta gure artera diligentzia batzuk zirela-eta ekarri zuten. Milaka egun Puerto II-ko isolamenduan emanak. Sekula kontatuko ez lizukeena pairatua. Bakardadera ohitua, gosera, hotzera, era guztietako babesgabetasunetara. Tiene parte, por…mira, por tener una miga en el lavabo, no hay patio.

No hay vis. No procede. No consta. Negativo. Recurra. Jódase.

Baina Joxepak ez zizkizun halakoak kontatuko batere. Inoiz ez. Beste kontakizun batzuetatik atera beharko zenituen ondorioak.

Kontaidazu Joxepa, nola joaten zinen aitari bazkaria eramatera txingurritan.

-Aiiiii, ba botak jantzi eta berokia eta amak prestatutako babarrun beroak saskitxoan sartu eta jatekoak eta horiek eta mendian barrena, Txanogorritxu bezala!

-Baina zenbat kilometro?

-Asko! Eta gero eskolara.

-Elurretan?

-Neguan bai!

-Baina zenbat urterekin?

-Aiiiiiii, ba txiki-txikitan!

Esaldi guztiak ‘aiiiiiiii’ batekin hasten zituen. Bihurrikeria bat egin berri duenak bezala egingo zizun irribarre, beti irribarrez. Bertso surrealistak botako zizkigun leihotik punttuka. Barrez lehertuko ginen bere txisparekin. Soto del Realeko patioa infinitua irudituko zitzaion; belarritik helduak aterako gintuen bertara, elur maluta artera, patio nano ilun bakarti nazkagarri bat egokituko zitzaigunean -hari bezala- aprobetxatu izanaren kontsolamendua gera zekigun, eta berehala sartuko gintuen barrura, ekonomatoko arto erreak jatera, halako ekonomakorik ez geneukanerako, eta paketea erdi janda geneukanean gordeko zigun, ez gintezen sobera ohitu halako gutizia eta luxuetara. Eta azalduko zizun nola kentzen diren zangoetako biloak josteko hari batekin; nola mozten den ilea azazkalak moztekoarekin; nola mantentzen diren arropak dotore urteetan eta urteetan, fundamentuz garbitu ezkero, etxekoak bakean uzteko, alajaina!

Nola moldatzen den giza-xomorroa, bere soiltasunean, bakardaderik totalenean, giza duintasunaren lubakitxoa eskutxo txiki batzuekin defendatzeko. Hil ala biziko borrokan, gau eta egun, kosta zer kosta, erraldoi anonimoen xumetasun antologikoarekin.

Esan gabe bezala baitzihoan, ereduan, portaeran, begietako txinpartan, jakin minez eta galdetzeko beldurrez dagoenak erantzunak airean harrapatu behar dituelako: Nola egiten zaion aurre minari. Nola eromenari. Distantziari, herrari, gabeziei, horroreari. Nola horrenbesteko eskuzabaltasunez, halako maitasunez, eta garraz, eta umorez.

Mentalki galdetuko zenion: Nola ostia, Joxepa?

Irribarre bat itzuliko zizun, arto aletxo bat kraskatzen, “Autobia? Erokeria!” zioen kamiseta zahar zuri-nuklear bat jantzita.

Hogeita zazpi urteren buruan atera zara Jaeneko espetxetik, tente eta politt-politt. Orduan bezainbeste eta gehiago matte zaitugu Joxepa.

Ongi etorri Meskiriz!

joxepa

Advertisements