EZKER “ERRADIKAL” EUROPARRA ETA INPERIALISMOA ELKARLANEAN: EREDU PRAKTIKO BAT (ALLIBERAMENT99)

Oxandabaratz

Orain dela aste eta erdi gutxi gora-behera Alliberament99 (alliberament99.wordpress.com) deitutako manifestu batekin egin nuen topo. Manifestu hau ezker “erradikaleko” zenbait pertsonek idazten dute, gehienak Kataluniakoak, tartean CUPeko hainbat kide (David Fernandez eleduna barne), ICV-EUiAko beste zenbait (David Companyon Kataluniar Legebiltzarreko diputatua barne) (1); eta baita aktibista ezagun batzuk ere, adibidez, KaosEnLaRed berri-atariaren fundatzaile Manel Marquez, UCFR Faxismoa eta Arrazakeriaren Kontrako Batasuneko buru David Karvala eta ziur aski manifestuaren inspiratzailea izan den Espainiako Bernard Henri-Lévy, hots, Santiago Alba Rico.

 Alliberament 99

Manifestu ustez internazionalista bat dugu hau; zehazki, Udaberri Arabiarrak, Sirian Assad uzkaltzea, kurduen independentziarako eskubidea, Sahararen independentzia, Txinako “gutxiengoen borrokak” –Hong Kongekoa espresuki aipatuz-, Latin Amerikako gobernu aurrerakoiak baina baita ere aldi berean gobernu hauen kontrako protestak eta Ukrainaren “independentzia, bi aldeetako oligarken eta faxisten kontra (?) eta mendeetako errusiar dominaziotik at” defendatzen duena. Horrez gain, Latin Amerikako bolibartar prozesuaren kontra sortu litezkeen protestak defendatzea ere iradokitzen du, eta guztiz argi ageri ez bada ere, txetxeniar independentzia baita ere.

Manifestua ideia batetik abiatzen da: “gehiengoaren askapena gutxiengoaren interes geopolitikoen gainetik” ezarri behar omen dela. Inork gutxik egingo lioke aurre halako baieztapenari. Baina hain zuzen ere, manifestu honen bigarren orrialdean agertzen dira jomugan “ezkerreko zenbait aktibista, batzuk tokiko borroketan edota Ekialde Hurbileko herrien aldeko elkartasunean paper nabarmena izan dutenak” ez omen dute ulertzen ezkertiar on batek ikasi beharko zituzkeen hasi-masiak. Hots, manifestu honen sinatzaileek aurrez aldetik erabaki dute, batere eztabaidarik gabe, zein posizio diren “gehiengoaren askapen borrokaren parte” eta zein diren “gutxiengoaren interes geopolitikoen parte”, euren irizpide partikularren arabera, noski. Eta gainera, zalantzarik balego, esaldi borobil bat botatzen dute “guzti honek jakina izan behar zuen, baina maleruski, gutako (ezkerreko) zenbaitek…”. Beraz, ez da hainbeste geopolitikaren kontrako edota borroka espontaneoen aldeko manifestu bat, baizik eta aurretik diktatutako patroi ideologiko baten aldeko adierazpen bat. Hori dela eta, azterketa ideialista baten aurrean gaude, hots, errealitatea kontzientziaren arabera eraldatu nahi edo posible usten duen ariketa ideologiko baten aurrean, nahikeriak eramandako politikaren aurrean. Analisi konkretua bigarren maila batean uzten dute.

Manifestu osoan nabarmentzen dira, adibidez, Europako ezkerraren zenbait gutizia edo bizio politiko-kultural, ezker europarraren (iraultzaileena eta muturrekoena baita ere) nortasun propioa definitzen dutenak; adibidez, espontaneismoaren kultua eta botere-eraikitzailearen ukazioa, ikuskera antidialektikoa (borroka bat unibertsalean ikusi gabe partikularrean ikusteko joera), internazionalismo selektiboa (nire lagunak bai, besteak ez) eta zenbait borrokaren, feminismoa edo gutxiengo etnikoak esaterako, ariete-gisako erabilera arranditsu baina selektiboa (eta ez defentsa); eta denaren gainetik, norbere kausaren defentsei ematen zaien joera ikonikoa edo eztabaidaezina. Hau da, Alliberament99ren “etsaiei” egiten zaizkien kritikak ez omen dira existitzen aintzatetsitako kausekiko autokritika gisa. Eta ez alferrik, izan ere lehen ere aipatu dugu manifestu hau ezkerreko europar batzuei zuzenduta dagoela, manifestuaren sinatzaileek “geopolitiko” deitzen dioten horiei, berez manifestuak aipatutako herriei baino gehiago. Hots, manifestu honek bilatzen duena, identitate politiko horren (Europako post-68 ezkerra azken finean ekintza, estrategia edo programa politika baino identitate politikoa baita) arabera, kritikoak (edo ideologi-mugaz bestaldeko ezkertiarrak) interpelatzea –kasurik onenean- edo eskumikatzea –txarrenean- da. Berriz ere ezker europarraren betiereko paradoxan erortzen gara: heterodoxiaren izenean kanona ezartzen da, antiautoritarismoaren izenean autoritarismoa.

Jean Bricmontek esan bezala, “ziurrenik, ezker purista honen esanek ez dute batere eraginik izango potentzia ezberdinen aginte-bulegoetan, euren zaratak iristeko aukerarik ez duen tokietan. Baina horrek ez du esan nahi “tout-court” tokiko ezkerrarengan eraginik ez duenik. Izan ere, eragin handia du ezkerrarengan, plan inperialisten edo belizisten aurkari antolatu posible bakarra nahasten, eta berez anulatzen”. Hau da, propaganda hain garrantzitsua den guda asimetrikoen garaian, Alliberament99rena bezalako posizioek, inkontzienteki (kontutan hartu behar dugu 1991tik hona ezkerraren egoera ezin ahulagoa dela, eta ahuldade hau ekarri duen faktorea, 1989-91ko gertakariak halako manifestuen sinatzaileen kide ideologikoek txalotu edota ondo hartu zituztela), militarki indartsuak diren potentzia edo potentzia-koalizioaren baitan, potentzialki antibelizistak diren sektoreak neutralizatzen ditu, ez sektore belizistak. Alliberament99 manifestuaren hizkeran hori erakusten da etengabe; hasieran “gu beti egon gara AEBren eta aliatuen guda-planen kontra” bezalako intentzio-adierazpen xalo batekin hasten da, baina azterketa konkretuetara jaisterakoan, “pekatu” guztiak (zanpaketa, homofobia, burokratismoa, matxismoa eta abar), subiranotasuna mantentzen duten herrien bizkar ezartzen dira. Hala ere, kuriosoa da Europan ezkerrak 1991tik hona AEBren edota NATOren kontrako kanpaina antibelizista indartsurik mamitzeko ezgaitasuna; 2003ko Iraken aurkako erasoa alde batera utziz, hain zuzen ere EBko stablishmentaren sektore batek, hots sozialdemokrazia europeista ofizialak kanpainarekin bat egin zuenean (2). Alliberament99ko sinatzaileek ez dute halako errealitatearekiko batere autokritikarik egiten. Desioan oinarritutako politikaren eredu gorena: gauza batek “hala behar luke” esan, baina hori egiteko antolatzeko gaitasunik ez, eta gainera gaitasun falta hori (auto)kritikatu ere ez. Eta hori soilik hala balitz, gaitz erdi. Baina okerrena ez da hori, baizik eta eurek manifestuan aipatzen duten kausa batzuendako (adibidez, Assad botatzea, Udaberri Arabiarrak eta abar), AEBren partehartzea ondo ikusten dela edo onenean honen laguntza eta probokatutako egoera aldaketa “gauzatutako gertakari huts” soilik ikusten direla. Hau da, halako ezkerrarentzat “aukera –eskenatoki- berri” guztiak praktikoki NATOren erasoetatik datoz, sekula ez honen kontrako erresistentziarengandik (ezker honek ez die uko egiten NATO/AEBren inarrari eskenatoki berriak eraikitzeko). Laburbilduz: euroatlantizismoa eta ezker erradikala berriz ere elkarlanean aritzen dira.

Esandakoa frogatze aldera, azter ditzagun manifestu honen nondik-norakoak:

Manifestu honen egileek behin eta berriz diote eurek defendatu kausak berez direla defendagarriak AEBren babesa eman ala ez. Hala ere, kontrako kasuan (adibidez, Assad boterean babestea, zeina ezker ustez “geopolitikoak” defendatzen duena), dirudienez eta behin eta berriz errepikatzen denez, “interes geopolitikoak” defendatzea omen da (Assadek Sirian duen babes handiari buruz ez dute tutik ere esaten). Beraz hor asimetria batetan kokatzen dute irakurlea; kausa batzuk –sinatzaileek babestutakoa- erabat garbiak dira, nor atzean dagoelarik axola beharko ez gintuenean, baina beste kausa batzuen atzean, sekula ez dago herria, baizik eta NATOren kontrakoa baina hau bezain ankerra den “beste bloke dirigente bat”. Asimetria hori erabat boluntarista da, ez dago egitate enpirikoetan finkatua. Izan ere, manifestuaren ia bukaeran aipatzen dute “(ezkerreko kritikoen) ikuskera politikoa unidimentsionala dela, izan ere faktore geopolitikoa faktore bat bada ere, ez da dena”. Baina lerro batzuk aurrerago, Alliberament99k babestutako kausen inguruan dioten “AEBk manipulatzen saiatzen diren arren, askotan ez dute lortzen edo ez dakite (?) zer nahi duten”. Ez dute xalotasun hori adierazten “beste bloke dirigenteekiko”, hau da, AEB/EB/NATOren kontrako kausekiko; hauei Errusiak edo Txinak babesa ematea nahikoa bait da kausa horren defendatzaileak “ezker geopolitiko” baten barruan barnebiltzeko.

Egia esan, ideia hauek metafisika eta eraikuntza intelektual antidialektiko bat erakusten dute. Hots, gatazka bakarra partikularrean ikusten dute, kanpoko egoerak eurengan edota eurek munduko egoeran batere eragiteko, edota indar lerrokatze berririk eragiteko gaitasunik izango ez balute bezala. Eta modu berean, geografikoki isolatuta agertzen zaizkigun bezala, kronologikoki ere isolatuta agertzen zaizkigu gatazkok. Hau da, gatazka erabat isolatuta agertzen zaigu, beti patroi berdinaren azpian: “Boterea vs antiboterea”, “antibotereak” “botere” bihurtzerakoan nora eramango gaituen ulertu gabe. Honekin, erromantizismo xaloaz bete, paradoxikoki manifestuaren kontrakoei leporatzen zaiena agertzen zaigu: zuri-beltzeko ikuskera. Alde batean “diktadoreak” edota “autoritarioak” eta bestean “antiautoritarioak”, ez dago ideologiarik ezta ere programarik; eta ezta ere batere hausnarketarik gatazkaren formek, planteamenduak, garapenak edota askaerak nora eramango duen, proletalgoaren askapenera edo kontrakora, ez da agertzen. “Gatazka” edota “askapena” etereoa da hemen. Ez da arraroa klase azterketarik apenas ikustea Alliberament99 manifestuan.

Manifestu hontan, egia ez diren hainbat baieztapen daude, gustu oso txarrekoak gainera. Horietako bat dugu adibidez, Assad 200.000 siriarren heriotzen erantzule dela esatea, edota amnistia legearen bitartez ISISen sorrera erraztu zuela adieraztea. Gogora dezagun manifestu honetan ez zaiela soilik Rojavako kurduei babesa ematen (noski, hauen eta Baath alderdiaren akordioak alde batera utzita), baizik eta Siria arabiarrean Assaden kontrako aldea hartzen duela (ez Assad ez ISIS diote, beraz, FSA eta hau zuzentzen duen Al Nusra Frontea –“errebelde moderatuak”- babesten dituztela ondorioztatu beharko dugu… berriz ere desio hutsen esparruan kokatu nahi ez badira). Hori dela eta, Sirian gertatutako oro Assadi egozten diote (200.000 hildakoak adibidez), edota asko jota “oposizio demokratiko eta laikoa” zapuztu duen ISISi. Azterketa honetan ez dira existitzen “errebelde moderatuen” gutxiengo etnikoen kontrako krimen beldurgarriak edota hauei Mendebaldeak emandako armak. Horrela erraza da “geopolitikak eta NATOk ez dute zerikusirik” esatea. Eta ezta ere, “oposizio demokratiko eta laikoarekin” Assadek negoziazioak, zeinaren ondorio amnistia bat izan zen (manifestuaren eragileen arabera “Assadek ISIS sustatzeko erabili zuena”), eta emakida politikoak, hauteskunde alderdianitzak eta Konstituzio berri bat (ordezkarien erdiak langileak edota baserritarrak izan behar direla esaten duena). ISISen sorrera, Ekialde Hurbilean interes pixka bat duen orok dakien bezala, Iraken dago Mendebaldeko potentzien eskutik (eta Barzaniren alderdi kurduaren laguntzaz egin du aurrera). Berriz ere “oposizio demokratiko eta laiko” bat asmatzen dute manifestuaren egileek (lehen protestetan Assadekin negoziatu zuen oposizio laikoa ez dena); 200.000 hildakoak Assaden bizkar jarriz gainera, kanpoko interbentziorako lurperatze-zelai teorikoa zabaltzen da: “Gelditu ezazue ero genozida hori!”

Aurrez aipatutako asimetria hau gaur egungo ezkerraren beste dogma batekin osatzen da: boterearen kontzeptu negatiboa eta “ahuldade betierekoaren” goraipamena. Arraroa izango da edo ez da, baina manifestu honen sinatzaileek duten eredu propio konkretua ez dute aipatzen, ez da existitzen, ez dute Estatu edo errealitate enpiriko bat ere aipatzen eredu gisa funtziona dezakeenik (Latin Amerikako prozesu bolibartarrei egindako aipamen ez oso argia dugu salbuespen). Eta hemen europar ezkerrak duen konplexu frantziskotarrarekin egiten dugu topo berriz: “ezinduarekiko xarma”. Hala ere, ezinduaren boteretzearekiko erabateko gaitzespena edo mesfidantza erakusten dute (“botereak zikintzen du” axioman laburbildurik). Hala ere, konplexu frantziskotar hau eta inperialismoarekiko konplizitatea lotuta ez daudela badirudi ere, lotura nahiko nabarmena da, izan ere, halako kausei ematen zaien irtenbide praktiko bakarra, kanpoko interbentzioaren defentsa da (tokiko botere independentea, Assad edo Mugabe, jada gaitzetsia denez, hauekiko aliantzak deskartatuta geratzen dira).

Manifestu honetan ezkerraren diagnosia “nortasun politikoen” arabera eraikitzen dugula aipatu izan dugu lehen; eta halaxe da. Adibidez, ezkerraren balio unibertsalak diren feminismoaren edota nazio berdintasunaren (gutxiengoen defentsa) erabilera dugu horren adibide; “erabilera” diogu manifestuon hauek “kontrakoen” ustezko inkoherentziak salatzeko erabiltzen bait dira: adibidez, Putin eta Mugaberen “homofobia eta matxismoa” aipatzen dira, baina baten batek galde dezake zein diren txetxeniar wahabitek, Siriako “errebelde moderatuek” edota Udaberri Arabiarreko islamistek feminismoarekiko edota emakumeenganako duten errespetua. Edota “gutxiengoak” aipatuz, “errebelde moderatuek” Alepon edo Latakian eginiko sarraskiak edota Irakeko kurduek ISISekin duten konplizitatea (honetaz ahaztu egin dira “Estatu guztietako –beraz, baita ere Irakeko- kurduak” sostengatzen badituzte ere). Kontraesanak nabarmenak dira, edo hobe esanda, nabarmenak dirudite, baina ez dira hain nabarmenak: izan ere, manifestuaren sinatzaileek, esan bezala, aurretik aukeratu dute zein kausa babestu eta beste guztia honetara subordinatzen dute.

Novorossija

Novorossijari buruz egiten duten aipamena, ezin okerragoa eta zitalagoa da. Izan ere, bertan aipatzen dutenez, Ukrainan “oligarkia guztien eta inperialista guztien kontra gaude. Ukrainaren independentzia jarraikorra defendatzen dugu, bere aniztasun osoa aintzat hartuz, (…) mendeetako errusiar nagusikeriaren aurka. Kieveko faxistak zein Donetsken goi-karguetan nazi errusiar askok duten paper erabakigarria gaitzesten ditugu. Sektore oligarkiko bik erdibitu duten ukrainar langileriak batera bere interesen alde borrokatzea espero dugu”.

Bukaerako “espero dugu” hori oso sintomatikoa da manifestu honen inguruan, errealitatea gustatzen ez zaienez, eurak gustoko duten zerbait gertatzea espero dute. Hala ere, parrafo honetan euren desiratutako errealitatearekin bat egiteko zenbait gauza oker, edo zuzenago esanda, gezur, aurkitzen ditugu.

-Alde batetik, bi aldeetako inperialistak aipatzen dira, maila berean jarriz, edota gatazka hau alde bateko eta besteko maila bereko eskusartzeek eragingo balute bezala. Egia esan, Maidanen protestak talde bakar batek sustatu zituen, beste aldeak elkarrizketarako joera erakutsi zuenean. EBrekiko Atxikimendu Ekonomiko Ituna sinatzerakoan, EB berak Ukrainari bere industria pikutara bidaltzea ekarriko zion ituna proposatu zion (Errusiak ez zuen halakorik egin). Maidana boterera ekarri zuen Estatu-kolpeak ere EBko herrialdeen babesa izan zuen. Ez da halakorik gertatu Errusiarekin; errusiar diplomatikoak ez dira Ekialdeko protestetan egon, eta Herri Errepubliken sorrera ezin da Kremlinarekin lotu, honekiko independenteki emandako gertakari bat bait da (Kremlinak independentzia ez aldarrikatzeko gomendatu zien). Ez dagoen inperialismo bat asmatzen dute, benetan dagoena zuritzeko.

-4.000-6.000 hildako eta II Mundu Guda osteko Europako populazio-lekualdaketa handiena gertatu ostean (EB eta NATOren oniritziarekin) bi aldeak maila berean jartzea edo “zatiketa” bezala irudikatzea gezur zinikoa da. Manifestuaren sinatzaileek diote “espero dutela bi aldeetako ukrainar langileek batera ekitea”. Nola ekingo diote ba masakre horien errudunak eraitsi gabe? (Donbassen eraitsi dituzte). Novorossijako zenbait komandantek, Aleksei Mozgovoik eta Igor Bezlerrek esaterako esan dute pozik egongo ziratekeela Kieveko erregimena uzkailtzean eta Ukrainaren desnazifikatzea ematerakoan ukrainarrekin bat egiteaz. Baina jada eurek, Novorossijan egin dute. Hori gaitzestea edo “maila berean” jartzea iraingarria dela deritzogu.

-“Mendeetako errusiar dominazioa” aipatzen da. Ez dakigu honen barruan SESBeko urtean sartzen diren, baina artikuluaren doinu inplizituko “antistalinista” kontutan hartuta, pentsatzekoa da baietz. Hala ere, kasu horretan ere oker egongo ginateke, Ukraina ez zen “SESBen parte zen eskualdea”, “SESBen fundatzailea zen subjektua” baino (Errusiaren maila berean), SESBen garaian loratu zen ukrainar kultura eta literatura, kodifikatu eta estandarizatu ukrainar hizkuntza, eta herrialde moderno bihurtu Ukraina ukraineraduna. 1945ean NBEko fundatzaile izan zen Ukrainako Errepublika Sobietarra.

-Ukrainako ezkerreko erakunde guztiek edo ia guztiek Donbasseko erresistentzia babesten dute. Donbasseko erresistentzia hori ez zen programa independentista batekin hasi, baizik eta programa federalista batekin, Maiatzeko bonbaketek ikusmoldea aldatu zuten arte. Autodeterminazioa babesten duen manifestu batek, Ukrainako Ekialdearen independentzia ukatzea eta espainiar sasi-“federalisten” antzera “aniztasuna” eskatzea independentzia prozesua de facto gertatzen ari denean, guztiz tokiz kanpokoa iruditzen zaigu. Zein dira “Ukraina anitz eta antikapitalista” baten alde ari diren indarrak? Allberament99 mugimenduak ez dizkigu erakusten…

-Kontutan hartu behar da, Kieveko gobernu berriak eta hau boterean jarri duen mugimenduak II Mundu Gudako kolaborazionistak eta hauen ideologia “sozializatuko” ez balute, Ukraina anitza errealitate bat izango zatekeela (edo litekeena zen hori). 1991ko Ukrainaren oreka ez da Donbassen puskatu. Alliberament99n ez dugu egitate honi buruzko aipamenik topatzen. Berriz ere alde baten zama zuritzen dute.

-Bukaeran “Kieveko faxistak eta Donetsken goi karguetan dauden errusiar naziak berdin gaitzesten” dituela dio Alliberament99 Manifestuak. Kieven faxistak Estatuaren posizio handietan eta Estatuaren ideologiaren mamitzaile direla nahiko argia egiten zaigu. Eta segituan “Donetsken ere badaude” aipatzen dute. Hemen nahiko argi ikusten da “biak dira berdin” axioma dogma bihurtu nahi dutela edo bestela esanda “faxistak vs antifaxistak” paradigma gezurtatu nahi dutela. “Frogak” hemen jartzen ez badute ere, David Karvala sinatzaileak bere blogean (http://davidkarvala.blogspot.com.es/2014/08/ucrania-contra-el-fascismo-bajo-todas.html) jarri zituen. Hala ere, Karvalaren idatzi hori okerrez eta desitxuraketaz betea dago. Lehenbizi handizkatze estrategian errotzen da, Karvalaren arabera bolondres ultraeskuindar ezdeus batzuek Novorossijako zuzendariek egin dituzten adierazpen ofizial eta ez-ofizial guztiak (eta horietan argi uzten da SESBen desegiketaren eta hauen ondorioen gaitzespena eta Guda Antifaxista direla oinarri ideologiko novorossijar nagusiak) alde batera utziko lituzkete eta. Boluntario urri horiek Novorossijaren joera ideologiko nagusiarekin edota Kieven faxismoak duen indarrarekin berdintzea manipulazio galanta iruditzen zaigu. Karvalak ez digu ematen Novorossijako ustezko zuzendari nazien frogarik: soilik Gubareven aspaldiko argazki bat, frogatu gabekoa, aspaldiko militantzia bati (eta ez gaur egunekoari) erreferentzia egiten diona, eta Igor Strelkov komandantea nazionalista eta monarkikoa dela esatea (eta honek pertsona bat nazi egiten al du?). Eta bigarrenez, errusiar nazien artean (errusiar gizartearen baitan gutxiengo ñimiño bat direnak), gehiengoa, ez dago Novorossijaren alde, euren “anai ideologiko” bezala hartzen duten Maidanaren alde baizik. Azken Martxa Errusiarrean (bide batez, Strelkovek, Novorossijako buruen artean kontserbakorrenak babestu ez zuena: http://euskalherria-donbas.org/2014/11/11/igor-strelkov-ni-ez-naiz-nazionalista-ez-nago-errusiar-martxaren-alde/) argi geratu zen gehiengoa Novorossijaren kontra zegoela:http://www.youtube.com/watch?v=jHd0otQ5x3A (3). Beraz, Novorossijan eskuin muturrak predikurik ez duela argi geratzen da. Karvalak aipatu eta Alliberament99k biltzen duen “eskuin muturra” Novorossijaren alde dauden boluntario batzuetara mugatzen da, egia esan. Eta boluntario apur horiek Novorossijaren kausa osoa anulatzeko argudio badira, filtro berdina erabili behako genuke munduko kausa guztien inguruan (adibideak ez ditut jarriko, hau ez bait da eztabaidagaia).

Zer nolako zitalkeria hain lerro gutxitan Novorossijaren inguruan… Zergatik?

Ezker langile, abertzale, herrikoi, antiinperialista eta serio bat eraiki nahi badugu, gauza batzuk, analisi materialista konkretua barne, kontutan hartu beharko genituzke, eta horretarako halako manifestuak, ezker erradikala inperialismoaren apendizea bihurtzen dituztenak, kontra-eredu bezala hartu beharko genituzke.

(1) Erantzun hau ez da alderdi horien aurka kokatzen, izan ere sinatzaileek ez dute euren alderdien izenean sinatzen. Egilearen asmoa ez da alderdi horien “politika orokorraz” eztabaidatzea edota berau kritikatzea.

(2) Eta bide batez, zenbait artista, intelektual edo politikariri “aurrerakoi” edo “pazifista” irudia emateko aukera eman zien, nahiz eta beste gudetan NATOko edozein belatz baino modu inperialistagoan jokatu.

(3) Martxa Errusiarraren parte-hartzaileen artean egin zen inkesta baten arabera, gehiengoak Maidanaren aldeko posizioa adierazi zuen: http://wotanjugend.info/wp-content/uploads/2014/10/rmvote1.jpg

Advertisements