Gadafiren heriotzaren 3. urteurrenean

Idazteko ohitura handiegirik ez duenarentzat beti da ariketa nekeza orri txuriaren parean jartzearena. Gehiago, urteurren mingarri baten atarian joandakoaren omenezko hitzak zintzurrean trabatzen direnean.

 

Gaddafi

Gadafi koronelaren kasuan, galerari berari erantsi behar zaizkio erailketaren basakeria; torturatu hil-hurren baten irudi lazgarri haiek behin eta berriro medioetan ikusi beharra; eta nola ez, berari eta libiar iraultzari buruz argitaratu diren faltsukerien eta irainen zerrenda amaigabea. Ezaguna da Historia garaileek idatzi ohi dutela, eta horregatik paratzen gara gaur orri honen aurrean, sikiera beren burua ezkerrekotzat daukaten kazetari, kronista eta iritzi emaleek lotsa pixka bat ager dezaten, genozidioen eta garbiketa etnikoen bozgorailuek, lapur kriminal guztien ordezkariek diotena loroak bezala errepikatzeko tentaldian erortzen direnean.

 

Gadafiren Libian demokrazia parte hartzailea zegoen indarrean. Antolaketa oso deszentralizatu baten baitan, herriak hartzen zituen erabakiak, Herri Batzarren, Herri Kongresuen eta Komite Betearazle Iraultzaileen bidez. Organu hauetan libiar guzti-guztiek har zezaketen parte. Herriaren erabakiok askotan Gadafiren gobernu zentralaren proposamenen kontrakoak izaten ziren, adibidez gobernu zentralaren beraren desegitea proposatu zuenean, edota petrolioaren salmentaren etekin guztiak zuzenean familia bakoitzari entregatzearena.

 

Antolaketa-sistema honetan, mila bider esan behar bada mila bider esango dugu, Libian Afrikako bizitza-kalitaterik altuena erdietsi zen: Munduko herririk pobreena zena, Afrikako aberatsena izatera pasa zen.

-Hidrokarburoak nazionalizatu zituen.

-Argindarra ia doakoa zen.

-Libiar bat, etxe bat, eskubidea zen eta helburua ia lortu zen.

-Petrolioaren etekinak herriarentzat ziren. Libiar bakoitzak hilero 500 dolar jasotzen zituen.

-Osasun eskubidea doakoa zen.

-Hezkuntza doakoa zen, haur-eskolatik unibertsitateraino. Alfabetatze tasa %10etik %87ra igo zen.

-Baserria landu nahi zutenei gobernuak lurra, tresneria, ganadua eta haziak oparitzen zizkien.

-Libiako Banku Zentrala libiarrena zen, eta ez nazioarteko putreena. Prestamoak interesik gabekoak ziren eta hemen egunero ikusten ditugun banku-praktika okaztagarriok (usura, desjabetzeak…) penalki zigortuak zeuden.

-Afrika guztiarentzat moneta propioa sustatu zuen (urreak babestutako dinarra), euroa eta dolarra nazioarteko salerosketatan baztertuz; Afrikako herri guztiek -bat izan ezik- pozarren hartu zuten iniziatiba. Sarkozy txikiak ‘mundu finantzentzat mehatxu’ gisa kalifikatu zuen.

-Gadafik, Afrikako telefono deiak munduko garestienak zirenean, Europak sateliteen alokairuarengatik urtean 500 milioi dolar kobratzen zizkionean gainera, Afrika osorako satelite bat erosteko diruaren hiru laurden jarri zituen (300 milioi dolar), soberania teknologikoaren aldeko lehen pausuak emanaz. Kontinentearen bizimodua izugarri hobetu zuen horrela, Nazioarteko Diru Funtsaren, Europar Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen amorrurako.

-Irrigazio-sistema ikusgarri baten bidez, ingeniaritza obra erraldoi baten bidez (askok erokeritzat hartu zutena), basamortura ura iritsi zen.

-Libiak ematen zuen laguntza humanitarioa, G-20eko herriek batuta ematen dutena baina askoz handiagoa zen.

‘Ezkerreko’ kazetari-loro lotsagabe batzuek jarraituko dute esaten Libiatik errege kolonialista tiraniko bat bota zuen Iraultza Arabiar Sozialistak, mendebaldeko neokolonialismoa 42 urtez duintasunez distantziara mantendu zuena, tropa inbaditzaileak ostikoka bota ostean, herri zapaldu asko eta askorekiko elkartasun konprometitua erakutsi zuenak, NATOaren eraso bereziki brutal bat nozitu ostean odolusten dagoen herrian Iraultza horrek eta bere gidak, Gadafik duela Libiako ‘desestrukturazio sozial eta politikoaren ardura’. Atzetik etorriko gatzaizkie, patraña atlantista guztiei muturren parean egiaren ispilua jartzeko, ikus daitezen diren miserableak bezala.

Ez adiorik Koronel!

Chavez: Viva Libia! Viva Muammar Al-Qaddafi!

Advertisements