Independentzia eta sozialismoa Europan? Bai, posible da!

[Oxandabaratz]

Gaur egun, 2014an, XXI mendean, Europaren bihotzean, gertakizun oso garrantzitsu bat gertatzen ari da. Estatu berri bat sortzen dabil, Novorossijako Herri Errepubliken Batasuna (1), momentuz Donetskeko Herri Errepublikak eta Luganskeko Herri Errepublikak osatua, baina proiektu gisa Herri Errepublika gehiago barnebiltzeko asmoa duena. 2014ko otsailaren 22an Kieven emandako Estatu-kolpearen ondorioz, edo hobe esanda, honi erantzunez, Estatu berri bat agertu zaigu.

02 Novorrosiya

Zergatik da Novorossijaren sorrera hain garrantzitsua? Zer ekarpen berri egiten ditu gertakizun honek? Ezkerraren aldetik kontutan hartu behar ditugun zenbait ekarpen egin ditu. Lehenik eta behin, Ukrainan, AEBren eta EBren babesaz eman den Estatu-kolpe bati erresistentzia esan nahi du. Baina Novorossija proiektua ez da 2014ko otsailaren aurreko egoerara itzultzea. Izan ere, Ukraina, SESBen desagertzerakoan federazioko Errepublikarik aberatsenetakoa zen, orain berriz SESB ohiko errepublikarik txiroenetakoa da (gogoratu behar dugu 1991an Ukrainako populazioaren %70ek baino gehiagok SESBetik banatzeari ezetz esan ziotela). 20 urtez Estatua oligarkiaren kontrolik gabeko nagusitzapean egon da, kolore guztietako gobernuak gaizkide izan direlarik (forma demokratikoak errespetatu zituen Janukovitxena barne). Hori dela eta, Novorossija proiektua ez da soilik Maidanari emandako erantzun bat, hori baino askoz gehiago da.

Zer gehiago da?

Alde batetik, Novorossijaren politikaren zantzu batzuk baditugu. Lehena, oligarken ondasunak konfiskatzeko eta herriari itzultzeko nahia adierazi izan dute eta baita egin ere. Bigarrenik industria handia “herri-jabetzaren” eskuetara pasako dela adierazi egin dute (Mozgovoi komandantearen hitzak). Novorossijan, horrezgain, osasuna publikoa izango dela adierazi dute bertako buruzagiek, eta lurzorua herri-ondasuna, ez espekulazio-bazka. Ekonomia herriaren zerbitzura eta ez oligarken zerbitzura jarri nahi izanak, modu batean iraultza txiki bat suposatzen du. Beste alde batetik, balio nazionalistak edota eslaviarzaleak ere present daudela ezin ahaztu. Agian ezkerreko norbait urduritu dezake honek, eta normala da. Hala ere, gaur egungo mundu globalistan (are gehiago Errusiaren eta eslaviar munduaren eraso inperialistaren testuinguru batean), aberria edo herria bezalako balore kolektiboak erresistentzia mamitzeko eraginkorrak bihur daitezke; beste alde batetik, eslaviar munduko ezkerreko pentsalari askok, eslaviartasunaren baloreak komunitarismoan oinarrituta interpretatu dituzte. Novorossijako banderak berak ere balore kolektibo sozialisten eta nazionalen arteko bilbatze hori erakusten du.

Oligarken desjabetze honek, SESBen erorketaren ondorioz bai Ukrainan zein Errusian Estatuaren eta ekonomiaren jaun eta jabe egindako klase sozial honen uzkailtzearekin batera, SESBen desagerpena ekarri zuen prozesu politikoaren inpugnazioa dakar. SESB ohiko masa zabalek berez ikusten dute Estatu kapitalista berrien agerpenak ez diela batere onik ekarri. Kapitalismoaren behin-betiko garaipenaren mitoa erautsi egin da. Modu honetan, Novorossijak zerbait berria esan nahi badu ere, aldi berean “itzulera” bat ere planteatzen, du “lapurtu ziguten zerbait” itzultzea. SESB eta bere historia (langileen konkistak eta baita ere Aberri Gudan Handian lortutako garaipena) berriz baloratuak izaten ari dira Novorossijan.

Rafael Poch kataluniar kazetariak esaten zuen Euromaidanaren mobilizazioen arrakastaren klabe bat (kanpo interbentzioaz gain), “ametsa saltzeko” gaitasuna zela; EBk Errusiak baino erakargarritasun handiagoa zuelako populazioaren sektore zabalentzat (batez ere gazteentzat). Eta ametsa, denok dakigunez, mobilizazio faktore garrantzitsu bat da. Baina zergatik Novorossijako Herri Errepublikek lortu dute ez soilik jendeak Europar Batasuneko ametsa errefusatzea, baizik eta Errusiarekin identifikatzea; eta gainera armada askoz ere boteretsuago baten kontra gudan mobilizatzeko prest egotea?

Alde batetik, EB eta bere politikak ditugu, Maidanaren Estatu-kolpearen ondorioz Ukrainan ezarri direnak. Maidana, gogora dezagun, Ukrainako aurreko gobernuak Europako Mendebaldean integratzeari ezezkoa eman zionean abiatu zen. Eta Maidanen ikusi ziren banderak EBrenak izan ziren, EBren politikarien laguntza osoa izan zutelarik. Beste alde batetik, Maidanaren txoke indarrak eskuin muturreko alderdi eta talde paramilitarrak izan dira, gaur egun Donbassen kontrako erasoan ari diren batailoiak elikatzen dituzten alderdiak beraz. EBk Gobernu maidanistari ezarritako politikek hain zuzen ere, langileen babes-falta handiagoa egin dute: izan ere gastu publikoa eta gastu soziala (garraioa, nekazaritza, erretiroa, farmazia-produktuak) murriztu egin da. Industria nazionalari jarritako mugek, hain zuzen eskualde industrialduak, Ekialdekoak, Novorossijako Estatuaren jaiotza ikusten ari direnak kaltetzen ari dira. Eta bukatzeko, garai beltzetako oligarka bat, Petro Poroxenko ezarri du presidente gisa Maidanek. Maidanaren gauzatze honek, Ukrainako oligarkak indartu egin ditu eta langile-klaseak ahuldu.

Bestetik, Novorossijan orain “Errusia” aipatzen denean, ez dira aipatzen ari Kremlinaren politikekiko atxikimendua, eta kasu askotan ezta ere (gaur egungo) Errusiar Estatuan sartzeko nahia. Eurentzat “Errusiak” beste sentimendu eta esanahi bat du: Euro-integrazioari eta honen programa politiko eta ekonomikoari (Donbassen industrietan eragin oso negatiboak izango dituenari) erresistentzia, Errusiarekiko anaitasuna, “errusiar munduaren” (zeinaren esanahia “Errusia” edo “errusiar Estatua” baino zabalagoa den) parte sentitzea; eta guzti honen tradizio historiko gisa adibidez 1917ko iraultzak eta batez ere 1941-45 arteko Aberri Guda Handia oso gogoan hartuak dira Novorossijako masen artean. “Errusia” esaterakoan ez dira hainbeste ari Kremlinaren gaur egungo politikez (estatalismoa eta kapitalismoa bilbatzeaz, nolabaiteko zantzu kontserbakor batzuekin) baizik eta “ez Mendebaldea”. Eta Mendebaldeari alternatiba, gaur egun “Errusiaren ideian” edo “errusiar munduan” topatzen dute. Ez dira ari Errusiar Federazioaz, baizik eta “Errusiaren izenean” eratuko den proiektu berri batez. Aldi berean, Estatu kolpearen ondorioz sortutako “post-Ukraina” honen ukazioa adierazi nahi dute. (2)

Novorossija sortzen ari da, eta esan bezala, ekonomia herrikoi antioligarkiko batean eta eslaviartasunean oinarritutako proiektu bat da. Momentu honetan, konposizio anitza izaki, zaila da hartuko duen forma konkretua zein izango den aurreratzea. Izan ere, liderren artean ere nolabaiteko desadostasunak daude; adibidez, Igor Strelkov errusiar nazionalistagoaren edota Aleksei Mozgovoi edo “Motorola” gorriagoen artean. Agian beste 1917 bat gerta daiteke. Edo sozialismo identitario eslaviar bat atera daiteke, sozialismoa eslaviar balore komunitarioekin lotzen duena. Modu batean edo bestean, 1991ko liberalismoaren garaipen-segida puskatua izango da. Izan ere, liberalismo indibidualistaz edo kapitalismoaren estilokoaz bestelako Estatu bat sortuko da. Gaur egun, Mendebaldeko inperialismo ezberdinek (AEB zein EB) indibidualismoa eta liberalismoa santifikatu egiten dituzte. Munduko Estatu subirano edo anti-atlantistek (ideologia anitzetakoek), burujabetasunaz gain, nolabaiteko ideokratismoa garatu dute, hau da, ideia-gidari bat dute eta horren arabera jardute (bolibarzaletasuna, nazionalismoa edo islamismoa); honek atlantizismoari eta globalizazioari eusteko balio dielarik, baina baita aldi berean gizartea amankomuntasunaren printzipioetara biratzen duelarik (3). Gauzak honela, Estatu “komunitario” berri bat sortzea, politikoki, ekonomikoki eta geopolitikoki liberal-kapitalismoaren porrot bat izanen da.

Karl Marxek 1848ko europar iraultza-segidaren ondoren (non proletalgoa lehen aldiz subjektu politiko gisa azaldu zen, nahiz eta garaipen politikorik ez izan) ondorioztatu zuen burgesiak iraultza burges-demokratikoen programa, hau da, bere iraultzen programa sekula osorik betetzen ez zuela; proletalgoaren garaipena zela burgesiaren programa demokratikoa betetzeko modutik onena. Maidaneko altxamendua, ukrainar oligarkia “liberalak” erabat babestua zein Europako “liberalek” hauspotua, “demokrazia”, “independentzia” eta “oligarkiaren boterea bukatu!” kontsignen inguruan bilakatu zen masiboa. Altxamendu horretan, ukrainar Estatu eta gizartearen noraezari konponbidea bilatu nahi izan zioten milaka pertsona desesperatu egon ziren, eta noski herriaren parte handi bat identifika zitekeen. Baina Euromaidanak ez zuen bere esloganetan azaltzen zen programa bete; nola bete ahal tuen kanpoko eta barneko oligarkek finantzatutako/babestutako eta eskuin muturreko paramilitarrek boterera eramandako mugimendu batek? Paradoxikoa badirudi ere, Maidanaren programaren hiru puntuak; demokrazia (tokiko agintarien aukeraketa, Ekialdean ultraeskuineko gobernadoreak jartzearen ordez, alderdi aniztasuna alderdien debekuaren ordez), subiranotasuna (ekonomia herriarentzat, eta ez oligarkentzat edota Bruselarentzat) eta oligarken uzkailtzea (eta ez boteretzea, Maidanek ekarri duen bezala) Novorossijan bete dira. Novorossija al da Maidanaren programaren benetako ondorioa? A zer paradoxa! (4) Hala ere, paradoxa hau bi giltzarrirengatik uler daiteke: alde batetik Euromaidan mugimenduak uzkaili behar zuen Estatua eta Euromaidan bera, klase berdinak eusten zituen, oligarkiak. Ez zen izan 1848an bezala, liberalismoa aurreko feudalismoa uzkailtzen, baizik eta oligarka talde bat beste oligarka talde bat uzkailtzen 1991ko ondorengo egoerari segida emateko. Ez zen izan “iraultza burges” bat (1789-1848), baizik eta “segida burges bat” eta are gutxiago “demokratikoa”, demokraziaren murrizketa ekarri bait du. Bigarrenik, programa betetzeko erabilitako ideologia mobilizatzailea. Maidanen banderismoa (5), antikomunismoa eta ukrainar ultranazionalismoa izan ziren; ukrainar langile askorentzat, 1941-45eko guda oroimenean dutelarik, erabat iraingarria da hori. Novorossijaren mobilizaziorako ideia zentrala, sobietar tradizioa eta lorpenak izan dira. Ideologia mobilizatzaile parekide gisa, sobietar sozialismoa askoz ere egokiagoa da faxismo banderista baino.

Ukraine

Novorossijaren jaiotza ulertzeko hainbat modu daude, baina Novorossijak, jada, izatearren, momentu honetan izatearren eta borrokatzearren, munduko ezkerrari hiru ekarpen garrantzitsu egin dizkio. Hauek dira ekarpenok:

Langile elementuaren garrantzia. Novorossija batez ere Donbasseko meatz-gunean sortutako Estatua da (momentuz). Donbasseko meatzariak dira Estatu berriaren bizkarrezur soziala. Estatu berriaren borrokalariek zein liderrek behin eta berriz aipatzen dituzten ideiak izan dira “langileen duintasuna” berreskuratzea, zein “oligarkek herriari lapurtutako ondasunak itzultzea”. Herri-ekonomia mota baten berreskuratzea (nolabait SESBen garaietan egon zenaren modukoa edo behintzat garai haietako eskemen modukoa) da Estatuaren lehen kezka; 1991eko oligarken usurpazio erraldoia itzularaztea. Kontutan izan behar da Maidanak batez ere oligarkak boterean indartu dituela, eta euren programa ekonomikoa EBrekin bat egitea eta Ukrainako subiranotasun ekonomikoa galtzea eta gastu publikoa murriztea dela, zeinek Donbasseko industrien etorkizuna zalantzan jartzen duen. Hots, Europan proletalgoa subjektu politiko (nagusi) gisa hilda zegoela, eta subjektu berrietan (hiritarrak, “prekarioak”; “gazteak” eta abar) subsumitu behar zela uste zutenak oker daudela frogatzen du honek.

Europan bertan ematen ari da, ez Latin Amerikan, Afrikan edo Asian. Hau da, ez urrutiko lurraldeetan, berez kapitalismo liberal sendo bat egon ez den lurraldeetan (edo mendebaldeko propagandista kolonialen arabera, “populismoari berez emanak diren lurraldeetan”); baizik eta kapitalismoa erabat garatutako kontinente batean, hots, kapitalismo “borobila” (liberala, nolabaiteko jarraikortasun oparoa izan duena) alternatiba gisa existitzen den lurralde batean. Novorossijak kapitalismoa oparotasunerako edo demokraziarako bidea ez dela frogatzen du.

Gobernu aldaketa eta matxinada tresna eta ikono bezala berriz ere ezkerrarentzat, sozialistentzat, herri-soberanistentzat berreskuratzen ditu. 2000 urtetik hona, “matxinadak” eta “herri mobilizazioak” George Sorosen eta bere kumeen tresna bihurtu dira: “koloreen iraultzen” segidak izan dira horren adierazgarri. “Koloreetako iraultza” horietan (non bizkarrezur soziala erdi-mailako klaseetako populazio gaztea izaten zen), “utopia” ebokatzen zuten, “etorkizuna”. Ikur antikapitalistak ere erabiltzen ziren (ez diskurtso ezta praktika antikapitalista, baina bai honi lotutako ikurrak edota bisibilitate-keinuak). Antikapitalismo ikoniko hori eskuin neoliberalaren belaunaldi berriek bereganatzea (eta erabiltzea) lortu izan dute, ezkerra nahastuz eta ezker antiinperialista pasibitate egoera batetara kondenatuz. Azken hamarkada honetan “iraultza” bezalako hitzak erresistentzia eta subiranotasunaren kontra erabili izan dira, eta “herri boterea”  herri-klaseen kontra. Honela, ezkerra (baita ere “ezker erradikala”) nahastea lortu izan da, eta kasu batzuetan agenda inperialaren alde jartzea. Novorossijako herriaren matxinadaren ondoren, ezkerrak bere kabuz proiektu berri bat mahaigaineratu du “statu quo” (maidanzaleen eta oligarken boterea) delakoa hautsiz. Iniziatiba politikoan aldaketa bat eman da (antikapitalismoaren artsenal ikonikoari lotutako ikurrak, “utopia”, “etorkizuna” edota “protesta soziala” bezalako armak, jada ez daude kapitalista neoliberalen edota globalisten esku). Antikapitalismoak eta antiinperialismoak iniziatiba politikoa eta ideologikoa berreskura ditzakete, statu quo “zenbat eta hobea” defendatzera mugatu beharrean.

Novorossijako Estatua “guztiz sozialista” ez dela esan dezake norbaitek, marxismoa %100ean defendatzen ez dutela, balore nolabait nazionalistak edota are tradizionalistak ere present daudela, edo euren sozialismo mota ez dela gure eredukoa. Baina sozialismoa edota antifaxismoa hain zentrala izanik gauza bat harrigarria egiten zaigu: Europako ezkerraren aldetik jaso izan duen hain babes txikia.

Oharrak:

  1. Hemendik aurrera Estatu berriari (bai materializatutako parteari, zein proiektu-parteari) “Novorossija” deituko diot, laburtze aldera. Izen alternatibo gisa “Novorossijako Estatu Federala” ere erabili izan da.
  2. Ukraina lehen aldiz Estatu gisa SESB barnean sortu zen (eta SESB barruan konfiguratu zen 2014 arteko mugekin), eta Estatu independente gisa 1991an. Ukraina horren barruan historia ezberdineko eta balore ezberdinetako populazio multzoak aurkitu ziren; Ukraina Mendebaldean eta Ekialdean banatuta egonez. 1991tik aurrera, ukrainar Estatuak bi aldeen artean orekak egin arren, narratiba konpartitu bat sortu eta sozializatzerik ez zuen lortu. 2014ko otsaileko Estatu-kolpeak Ukrainaren Estatua eta ideia alde batek, Mendebaldeko aldeak, monopolizatzea ekarri izan du; Ekialdekoak “Ukraina berri” horretatik lekutu direlarik.
  3. Artikulu honetan erabiltzen dugun Estatu ideokratiko kontzeptua ez da nahastu behar Estatu antikapitalista kontzeptuarekin (kategoria honetan sartzen ditudan hainbat Estaturen ekoizpen-moldea kapitalista bait da). Kategoria honetan sartzen ditudan Estatuen gutxiengo amankomunak a) 1991ko Guda Hotzaren bukaeraren “garaipen kulturaren” oinordeko gisa ez aldarrikatzea; b) balore kultural gisa hegemonikoak ez diren beste batzuk, komunitarioak, izatea; d) Estatuaren eta gizartearen arteko harreman-definizio ideologiko nagusia “merkatu askea” (eta honen aldaerak) ez izatea eta e) aurreko hiru arrazoiei eusteko borondatea dela eta, geopolitikoki jarrera independentea izatea dira.
  4. Novorossijako hainbat buruk, adibidez Aleksandr Zakhartxenkok edota Aleksei Mozgovoi komandanteak ideia honekin bat egiten dute.
  5. Stepan Bandera (1909-1959) ukrainar buruzagi faxistari erreferentzia eginez. Bandera II Mundu Gudan Alemaniarekiko kolaborazionista izan zen, eta gaur egun ukrainar faxisten eta antikomunisten idoloa da.
Advertisements