“ERRUSIAREN INBASIOA UKRAINAN”: SHOCKAREN DOTRINAREN ENEGARRENA?

kontuz

[Oxandabaratz]

Abuztuaren bukaerako egun hauetan, egunkari guztien azalean, berri nagusi gisa gertakizun bat eta bere ondorioak agertu izan dira: Errusiak bere tropekin Ukraina inbaditu izan du; eta beraz, NATOk eta EBk Errusiaren kontrako jarrera gogorragoa eskatu dute, Poroxenkok NATOren tropak Ukrainan sartzea eskatu du eta abar. Eztabaida horra kokatu da, ea EBk, AEBk edota NATOk “inplikazio handiagoa” izan behar duten Ukrainan; baina jada, gertatutako egitatetzat ematen da Errusiak Ukrainan bere militarrak sartu dituela.

Zertan datza salaketa horren oinarria? Alde batetik errusiar soldaduak eta ibilgailu militarrak Ukrainan egon direla salatu izan dituzte. Beste alde batetik Donetskeko Herri Errepublikako lehen ministro Alexander Zakhartxenkoren adierazpenak, zeintzuen arabera “3 mila edo 4 mila” errusiar militar egongo ziratekeen bolondres bezala Herri Errepubliken aldeko borrokan. Bi horiek osatuko lukete salaketaren muina.

Errusiatik ibilgailu militarrak Ukrainan sartzea inbasioaren frogatzat hartua litzateke… baldin eta helburu militarretarako erabiltzen badira Estatu burujabearen baimenik gabe. Horretarako erabili ahal dira? Lehenik eta behin Errusiak aitortu egin du Ukrainaren mugan ariketa militarrak egin dituela, eta halako soldadu batzuk (10, Ukrainako telebistan agertu direnez) konturatu gabe muga pasa dutela. 10 omen dira guztira, gehiago ez omen dira atera Ukrainako komunikabideetan. Hala ere, komunikabide hauek zein Mendebaldekoek, soldaduak atera ez badituzte ere, ibilgailu militarretan oinarritu dute euren argudiaketa: hots, Ukrainan ibilgailu militar errusiar askotxo daudela.

Lehenik eta behin agertu diren frogen artean, halako mundu mailako mapa interaktibo batean (Digital Globe delakoan) agertutako irudiak agertu dira ; hots kalitate txarrekoak, ezer argitzeko ez modukoak (Google Maps programaren antzeko apa batetakoak). Errusiak “barregarritzat” jo ditu froga horiek. Hamar ibilgailu ikusten dira hor, gehienak kamioiak. Bestalde, Ukrainar Gobernuaren mapak ez ohi dira oso fidagarriak izaten, hemen adibidez bat, abuztuaren 29koa (jada muga osoa Novorossijako Herri Errepubliken esku zegoenen hala aurkezten dute mapa Donetsketik Novoazovskera nola iritsi ahal den azaldu gabe). Bigarrenik, Errusiak orain gutxi giza-laguntzako konboi bat bidali du Herri Errepubliken lurretara, Ukrainarekin adostua). Konboi horretan ibilgailu militarrak erabili daitezkeela suposagarria da. Azken honek indarra hartzen du, ustezko “10 ibilgailutako zutabe militar inbaditzailean” tankerik edota hegazkinik ikusten ez dugun bitartean (inbasio bat aire-laguntzarik eta tankerik gabe?). Hirugarrenez, kontutan izan behar dugu munduan, errusiar teknologia militar gehien erabiltzen duen armada, Errusiakoaren atzetik, Ukrainakoa dela . Hots, errusiar ibilgailuak badaude Ukrainan, Errusiako armadaren parte-hartzea kasuistika horretarako beharrezkoa izan gabe. Hain zuzen, desertzioak arazo bat dira ukrainar militar eta paramilitarrentzat: uztailean Ukrainar Zerbitzu Sekretuetako buru Valentin Nalivaitxenkok Petro Poroxenkori bidalitako memorandum batean esan zionez “aurreko astean 3.000 bat izan genuen, aste honetan 5.000 bat (…). Hurrengo asteetan unitateen bi heren desagertu egin daitezke arazo honengatik”. Hau Novorossijako tropen ofentsiba hasi baino lehen gertatu zen; izan ere, ofentsiba horrek desertzioen zein preso egindako soldaduen kopurua handitu egin du (askotan desertoreak materialarekin ere aldez aldatzen direlarik edota preso egindako soldaduen materiala konfiskatzen delarik). Ukrainar tropa askok posizioak utzi egin dituzte (materiala ere bai askotan) edota posizio batzuetan inguraturik (honi “eltzea” deitzen zaio jerga militarrean) gertatu izan dira; Iloviask eta Stila hirietan, adibidez. “Eltzetan” inguratutako militarrak gehienetan atxilotuak izaten dira, edota tratu bazuen ostean “aldatuak” (baina materiala atxilotzaileen esku geratzen da. Abuztuaren 23 eta 28 arteko mapa militar honetan “eltzeak” ondo ikusten dira. Eta link honetan ere bai. Abuztuaren 21eko berrian ikusten da errebeldeek Kieveko Gobernuaren tropei hartutako materialaren zerrenda bat. Beraz, halako errealitatearen aurrean, ez da oso azkarra izan behar errusiar fabrikaziozko teknologia militar ukrainarra Herri Errepubliken armadaren eskuetan nola ager daitekeen.

NATO

Salaketaren beste oinarria Zakhartxenko lehen ministroak aipatu militar bolondresak dira. Denek eman dute egitatetzat hauen presentzia Ukrainan inbasio bat dela. Baina hausnarketa txiki bat merezi du ekuazio honek. Militar horiek Errusiak bidali al ditu bere helburu pertsonalak betetzeko, edo euren gogoz joan dira? Ez da alferrikako galdera, gero arituko hortaz. Momentuz, Putinen gobernuak Ukrainan gehiegi sartzeko keinurik ez du egin: Poroxenko kolpista Ukrainako lehendakari gisa aintzatetsi du, hots, Maidan ondorengo Ukraina aintzatetsi du, Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepublikekin egin ez duena. Zergatik bidaliko ditu orain 3.000 eta 4.000 soldadu artean Ukrainara, aholkulari batzuk bidali ordez? Hala ere, badugu aitortutako kanpo inplikazio bat: NATOko herrialde bik, Poloniak eta Lituaniak Ukrainarekin bat, unitate militar misto bat eratuko dute. Norbaitek esan dezake hori ez dela inbasioa, Ukrainako Estatu “burujabeko” “zilegizko” Gobernuaren adostasunez hartutako erabaki bat dela eta. Halere, kontutan hartu behar da Gobernu hori boterera eramandako mugimendu zibiko-militarra (Euromaidan izenekoa), hein handi batean kanpo inplikazioaren ondorioz gailendu zen (indar paramilitarrei NATOko herrietan emandako instrukzioa barne, Estonian adibidez). Orain, Novorossijako Herri Errepublikako tropek Donetskeko aireportuan atxilotutakoen artean militar poloniarrak daudela ematen du. Hori ez al da “inbasioa”?

Bigarren hipotesia, atzerriko bolondresak, bolondres gisa soilik ari badira ere, beste Estatu batean aritze soila “inbasio” gisa hartzea izango litzateke, bolondres horien jatorriko Estatua (kasu honetan Errusia) izan beharko zatekeelako hauen erantzule. Hala ere, argudio honek badu “ahuldade” bat. Izan ere errusiar bolondresak Novorossijako Herri Errepubliken alde aritzea “inbasio” bezala deskribatzeak, bolondresen ekintzak definitzeko alor honetan salto koalitatibo-terminologiko bat suposatzen du. Inork ere ez du “inbasio” britainiar edo alemaniar inbasio gisa hartu britainiar edo alemaniar herritarrak Sirian jihadisten alde eta Baxar Al Assaden Gobernuaren kontra aritzea (izan ere jihadista horiek Britainia Handiaren eta Alemaniaren helburu politiko baten konkordantzian ari dira gudan: Assaden uzkailtzea lortzeko). Are gehiago, inork ez zuen “inbasiotzat” hartu britainiar, frantziar edo katariar elite-komandoak Libiako guda zibilean parte hartu izana, hiru Estatu horietako batek ere Libiar Jamahirijaren kontrako gudarik aldarrikatu ez bazuten ere. Eta azkenik, Estatuz edo gatazkaz aldatu gabe, Ukrainar ari diren errusiar bolondresak ere aipa genitzazke. Aspalditik ari dira errusiar bolondres batzuk ukrainar lurrean; hain zuzen ere Ukrainako Goardia Nazionalaren (hots, Maidaneko indar paramilitarrak izenez aldatuta) barruan, bereziki Azov eta Donbas Batailoien barruan. Batailoi honen ideologia nazia (eta “kanpoko boplondresena”, errusiarrena barne) aski ezaguna da. Hauek ez al daude Ukraina inbaditzen? (Gogora dezagun Goardia Nazionaleko soldaduen artean, kopuru gehiena biltzen duen nazionalitate ez-ukrainarra, errusiarra dela).

Zergatik eraman da orduan “inbasio” hitza egunkari eta berri-agentzia guztien azal edota izenburuetara? Praktikan, laugarren belaunaldiko gudak (hots, guda asimetrikoak, non komunikabideen paperak paper garrantzitsua jokatzen duen) mugiarazten dituen erresortearen enegarren erakustaldiaren aurrean gaude: shock-dotrinaren erakustaldi baten aurrean. Izan ere, “inbasio” hitza lehen orrialdetara ekartzeak, halako “urgentzia” bat sortzen du munduko iritzi publikoarengan; izan ere guda zibil baten paradigman (herri edo Estatu baten bi alde elkarren kontra borrokan), kanpoko faktore bat ezartzen da (Estatu boteretsu bat, ondoko Estatuaren ahuldade egoeraz baliatuz, bere tropak han sartzen ditu, egoera baldintzatzeko edo lur berrietan hedatzeko). Hots, iritzi publikoaren joera moralista, ustez inbaditzailea den Estatu baten kontra paratzen da. Honela, iritzi publikoak bizkarra ematen dio Estatu horri eta bere argudioei, kasu honetan Errusiari. Hala ere, ikusi dugun bezala ez da inongo “inbasiorik” gertatu; ez da gertatu Mendebaldeko estatuek beste gatazketan egin ez duten ezer. Hala ere, berdin da gertatu den ala ez, laugarren belaunaldiko guden logikak ez du hainbeste egia bilatzen, baizik eta zurrunbilo mediatikoa; hots zurrunbilo soziala bihurtzen dena, honela jada eraikita dauden plan inperialistak zilegiztatuz, edo are okerrago; plan hori existitzen dela jakin gabe ere, “espontaneoki” exekutatzeko eskatuz: “Gelditu ezazue inbasioa! Guda gelditzeko geldi ezazue inbasioa!”.

 

Hots, inperialismoak hainbestetan egindako maniobra propagandistiko baten aurrean gaude, eta ez da kasualitatea Novorossijako Herri Errepubliken ofentsibaren erdian izatea (Azov Itsasora iritsi eta Mariupol askatzear daudenean. Ezagutzen dugu adibidez 2013an, Sirian, Baxar Al Assaden Gobernuak posizioak sendotu zituenean, Goutako “eraso kimikoari” buruzko berria agertu zen (nahiz eta laster, diplomaziaren bitartez, Siriaren kontrako erasoa ez zen gertatu). 2011ean “Gaddafik Bengasin bere herria bonbatu du” esaten zuten, eta horrek eraman zuen inbasiora: “Gelditu dezagun bere herria bonbatzen duen ero hori!”. 1994an Sarajevoko Markale auzoaren kontrako ustezko bonbaketak ahalbideratu zuen NATOk serbobosniarren kontra esku hartzea. Eta hain urruti joan gabe, 2014ko otsailaren 18an Kieven bertan gertatutakoa dugu (orduan Janukovitx boterean zegoen): tiroz hilda agertu ziren hainbat manifestari (orduan sueten bat zegoen indarrean). Publikoki egin zen bai Ukrainan zein mundu mailako komunikabideetan “Janukovitxen poliziak” eragin zuela masakre hori; eta horrela manifestarien animoak asaldatu egin ziren (eta zilegizko Gobernuak “zilegitasun morala” galdu zuen). Emaitza denok ezagutzen dugu: otsailaren 21ean Euromaidan mugimenduak Estatua konkistatu zuen Ukrainan.

Shock-dotrinaren erakustaldi honen aurrean, herritarrok gure kritikotasuna zorroztea besterik ez dugu, Malcolm Xen esaldia berriz ere egia bihur ez dadin.

 

Advertisements