FRANTZIAR ESTATUKO KRISIA ETA MUNDU MAILAKO EGOERA

Abuztuaren amaiera honetan, Frantziar estatuan sekulako krisi politikoak eztanda egin eta Hollande presidente eta Valls lehen ministroaren gobernu osoak dimisioa aurkeztu du. Arnaud Montebourg Ekoizpena Sustatzeko Ministroak zuzendutako desadostasunek, gobernua lehertu arazi dute, eta egun Europa osoan alderdi sozialista klasikoek dituzten arazo estrukturalei aurre egin ezin dietela erakusgai utzi du.

valls-hollande


Europar Batasuneko Banku Zentralak (EBZ) eta Alemaniak zuzentzen dute Europar Batasuna deitzen den katastrofe hori. Honela, bera osatzen duten estatuen autonomia edo independentzia maila guztiz baldintzatua dago. Espainiar estatuan Zapateroren gobernua nola erortzen zen ikusi genuen bezala, orain Frantziakoa ikusten dugu arrazoi antzekoengatik, PSFren baitan ageriago geratu diren arren barne desadostasun ideologikoak. Alde batean Hollande eta Valls, EBZak markatutako irizpide neoliberalak txintxo bete nahian, eta beste aldean krisi ekonomikoaren irtenbidea  sozialdemokraziaren arauak bete eta estatu inbertsioa murriztu ordez handitzean dagoela diotenak. Azken hauek, ez dira ohartu ez Espainian ezta Frantzian ere sozialdemokraziarentzat tarterik ez dagoela Europar Batasuna deitzen den barku kapitalista honetan.

draghi
2007an krisi ekonomikoak eztanda egin zuenean Sakozyk, Frantziako presidente eskuindarra zenak, kapitalismoa kontrolatzeko arauak jarri behar zirela esan zuen, eta ekonomia produktiboa eta espekulatzailearen arteko desoreka neurtzeko intentzioa atzeman ahal zitzaion behintzat. Noski, halakorik ez zuen egin eta bere ezkerrera omen zeudenak etorri ziren Frantzian aurreikusi zitekeen krisiari aurre egitera, baina hori ere ez dute lortu PSF izenarekin politika kapitalista gogorrenak aplikatzen hasi diren Hollande eta Vallsek.

Mundu mailako krisi sakon honek, kapitalismoaren krisi oso sakona denak, hainbat irakasgai utzi ditu. Baina irakasgaiak ez dira tamalez ez ulertzen, ez ikertzen, ez barneratzen. Ea ba ondo azaltzen garen.
Lehen irakasgaia da ezin dela bide beretik jarraitu. Kapitalismoak azken urteetan sortu dituen finantzetan espekulatzeko tresnak bertan behera utzi behar dira behingoz. Estatuek jasotzen dituzten maileguengatik ordaintzen diren interes tasak ezin dira nahierara finkatu. Krisitik gutxiago gastatuaz aterako garela pentsatzea ere ez da zuzena. Zerga zuzenak igo ez, eta zeharkakoak igotzen ere ez gara irtengo. Aipatu ditugun neurri hauek eta beste batzuk, egunero hartzen dira eurogunea bezala definitzen den eremu horretan eta behin eta berriro, “Chicagoko mutilek”, Milton Friedman ekonomistaren eskolakoen aginduak jasotzen eta betetzen jarraitzen dugu, zuzenean mundu mailako hondamendi batera goazenean.
Eskola neoliberalaren errezetak eta aholkuak jarraituz, ez ditu sekula ezein estatuk bere arazo ekonomikoak gainditu. Inoiz ez. Ez dago adibide bakar bat ere. Beraz, neurri hauen kontra matxinatu beharko ginateke eta matxinatu behar gara, etengabe, gaur bai eta bihar ere bai, bide honetatik herritarrak ez baizik eta elite ekonomiko batean kokatuak diren pertsona gutxi batzuek jasoko baitute onura.

casino-royale-mit-merkel-und-draghi-ezb-frankfurt
Ezkerrak lanean jarraitu behar du, amets bati edo utopia jakin bati uko egin gabe: Sozialismoa eraikitzeari. XXI. Mendeko sozialismoan sakontzen jarraitu beharra dago, sozialismo errealak izan zituen akatsak ikertuz eta lorpen ikaragarriak eredutzat hartuz, eta zenbait herrietan ekonomia misto bat aplikatzeak izan dituen onurak aztertuz. Askotan esanagatik ere, ezin gara nekatu ALBA osatzen duten herriak aipatzeaz, Bolivia eta Ekuadorrek dituzten Barne Produktu Gordinaren igoerak aztertu gabe, Venezuela eta Kuban herritarrak nabaritzen ari diren hobekuntzak aipatu gabe, Ukrainia ekialdean nazien aurka matxinatutako herritarrek dituzten aldarri sozialak aipatu gabe, Siriako eredu ekonomiko eta erreforma politikoen abiatze prozesua aipatu gabe…
Estatuek inbertsio publikoa egin duten lekuetan, beste aldagai ekonomikoen kontrola egonda, herriaren bizi kalitatea hobetu da eta nabarmen gainera. OSCE osatzen duten estatuetan, bizi baldintza kalitate altuena duten estatuak inbertsio publikoa handien dutenak dira.
Funtsean, krisi ekonomikoa deritzanak hein handi batean beldurrezko ke-gortina baten sortzearekin ere badu ikusirik: Beldurra pizten da, zor publikoaren inguruko eztabaida eta ezina eragiten dira, estatuek babes sozialeko gastua murriztu eta ekonomia liberalizatu ditzaten; baina estatuek polizia lanetan eta ortodoxia ekonomiko honen txakur zaindari lanetan jarraitzeko behar dituzten dirutzak inbertitzeko mugarik ez dago.
Frantziak egunotan bizi duen krisi instituzionalak hau guztia erakusten digu eta ezinbestean bestelako politika ekonomikoen beharra agertzen digu.

Komandante

 

Advertisements