GARBIKETA ETNIKOA UKRAINAN: AIPATU GABEKOAK

Guda (ia) guztietan ematen den gertakaria da populazio garbiketa deritzotena. Estatu edota indar batek konkistatu edo bereganatu berri dituen lurretan, populazio hostilak dakartzan eragozpenez libratzeko, populazio hori kanporatu eta “aldeko populazioaz” ordeztea da konponbide erraz(etako) bat; horrela helburu militarrak bilatzen ditu (gudak irauten duen bitartean) eta are politikoak ere (guda bukatutakoan, “bake” garaian, irabazlearen ordena politikoa ziurtatzeko). “Etniko” abizena izan ohi du arrazoi politikoetatik at, populazio kanporatuaren ezaugarri nazionalak edo kulturalak hartzen direlako kontuan zigorra aplikatzeko, armada irabazleak edo “zigortzaileak” ezaugarri horiek berez mehatxu bat direla suposatzen baitu (erreala edo potentziala).
Egunotan bi berri jaso ditugu Ukrainatik. Bata, Errusiako Russia Today komunikabideak eman duena, 730.000 bat ukrainar Errusian aterpe bila omen daudela, Ukrainako guda hasi zenetik. Gehienak, Ukrainako Ekialdeko ukrainarrak dira, Ukrainako Armadak euren hirien kontra daramatzan eraso eta bonbardaketen suntsipenak eta betebeharren faltak emigratutakoak. Beste iturri bat nahiago duenak, badu NBEren datuak ikustea, zeintzuen arabera, 250.000 ziren errefuxiatuak duela hilabete.

errefuxiatuak1
Beste albistea, Slavianskeko tokiko lekukoek emandakoa da. Testigantza hauen arabera, Ukrainar gobernua Mendebaldeko ukrainarrekin ordezten ari da botatako slavianskarrak; alegia, Gobernuaren aldekoagoak (gogora dezagun Euromaidan mugimenduan parte hartu zuten gehienak Mendebaldeko eskualdeetako ukrainarrak zirela). Honela, gatazka inoiz bukatzen bada, etorkizunean Slaviansk ez dadin izan Gobernu honen kontrako foku bat. Hau da: Helburua Slaviansk politikoko “seguru” bat osatzea da, bertako populazioa desagerraraziz, hots Slaviansk garbituz.


Norbaitek esan dezake, halako guda zibil ideologiko batean “etniko” hitza ezartzea ez dela gauzarik egokiena, han borrokan ari direnak gobernu baten edo bestearen alde borrokatzen ari baitira; edo asko jota Ukrainak etorkizunean izan behar duen norabide politiko edo geopolitikoen kontra. Arrazoi parte bat badute, hala ere ikuskera honek ideologia bakoitzaren atzean dauden ezaugarri kulturalak ahaztu egiten ditu (diskurtsiboki ezabatu). Ukraina, gaur egun ezagutzen ditugun mugekin, oso egitate berria da, Sobietar garaian sortutakoa. Ukraina delakoan ibilbide historiko oso desberdinetako populazio-multzoek egin dute topo, lehen aldiz Estatu independente bezala 1991n. Hala ere, Ukrainar Estatuak huts egin zuen ukrainar nazioaren narratiba konpartitu bat eraikitzen. Ondorioz, Ukraina berrian, bi nazio ukrainar aurkitzen ditugu (biek ala biek ukrainartzat dutelarik euren burua); Mendebaldean europarzaleak, antisobietarrak, antierrusiarrak, eta Ekialdean errusiarzaleak (ez errusiarrak), sobietarzaleak eta abar. Hori dela eta, ideologia eta ibilbide historiko desberdinek euren erreferente kultural bereziak garatu dituzte (hizkuntzarena aipatzen da, baina ez da nagusia, izan ere ukrainera nagusi baita Ekialdean zein Mendebaldean ama-hizkuntza gisa; eta kontrara, plazan errusiera nagusi da baita Mendebaldean ere). Batez ere identifikazio historiko-kultural kolektiboa da aldagaia, ukrainartasuna nola ulertu (Ukrainaren historia soilik “Errusiarengandik askatzeko ibilbidea” dela uste dutenei, on egingo die gogoraraztea Ukrainaren nortasun nazionalerako garrantzizkoak izan diren aunitz pasarteetan, XVII mendeko Khmelnitskiren matxinada kosakoan zein II Mundu Gudan, ukrainartasuna errusiartasunarekin anaitasunean hezurmamitu zela). Eta bi identifikazio hauek, hain zuzen ere geografikoki demarkatuta aurkitzen dira (Nafarroan, nafartasuna ulertzeko bi modu antagoniko eta ez konpartitu dauden moduan, biak ere geografikoki demarkatuak dira, nahiz eta ez Ukrainan bezainbeste). Beraz, eskualde ezberdinetako ukrainarrak lekualdatzea, hain juxtu “kontrako” hiri bat eskualde “leialeko” jendeaz betez, kontuan izanik horrek hiriaren identifikazio kolektiboaren aldaketa bat ekarriko duela alor kulturalean, garbiketa izan bada, garbiketa “etnikotik” asko duela argi dago.
Noski, inon ez dugu ikusi gertakari hauek “garbiketa etniko” gisa izendatzen. Izan ere, Jugoslaviako guden kontestuan “garbiketa etnikoa” aipatzen den bakoitzean “serbiarrak” datoz burura. Srebrenica garbiketa etnikoa izan zen, sekula ez Krajina. “Garbiketa etnikoa” eta “Kosovo” aipatzen badira, “Miloševićen asmoak” aipatuko dira, baina sekula ez Kosovo serbiarrez hustua dagoela. Galtzaileak galtzaile suertatzen dira baina ez soilik efektiboki, baizik eta propaganda arloan ere: II Mundu Gudan “gureen krimenak” edota “zuzen zegoen aldeak ere egindakoak” aipatu behar direnean, SESBak egindako krimenak aipatzen dira soilik, nahiz eta Eki Europako alemaniar populazio zibilaren kontrako oldarraldiak gehienetan 1945 eta 48 arteko trantsizio-gobernu alderdianitzen agintaldietan gertatu ziren; 1948an Alderdi Komunistek boterea lortzean oldarraldiok geratu egin zituztelarik. Beste aldean, Jacques Bacque kanadar historialariari “errebisionista” edota “nazismoarekiko hurbila” edo “erlatibizatzailea” deitu diote askok mendebaldeko Aliatuek alemaniar populazioari ezarritako zigorrak ikertu eta salatzearren. “Guk ez dugu krimenik egiten, hori besteek, edota besteen antzekoegiak diren sobietarrek egiten dituzte soilik”. Noski, kontsentsua hain handia bada, salbuespenak eman daitezke. Gaur egun, inortxok ere ez du zalantzan jartzen, hegemonismo eta inperialismoaren fanatikorik eskuindarrenak izan ezik, adibidez Israelek palestinarren aurkako krimen etnikoak burutzen dituenik. Baina salbuespenak salbuespen dira (askotan, biktimaren posizio ahula eta hegemonismoari jada mehatxu ez izateak zerikusia badu, hots “biktima” “biktima huts” izatearekin). “Garbiketa etnikoa”-ren izendapena bera guda tresna bihurtu baita.
Kezkagarria da auzia, izan ere, “irabazle-galtzaile” dikotomia hau Euskal Herriko ezkerrarengan ere nagusitzen ari da. Kieveko Junta kolpistak maiatz bukaeran Slaviansk (oraindik Herri Errepubliken kontrolpean zegoelarik) bonbardatu zuenean, GARAn Joseba Ugartek zioen ez ginela solidarizatu behar; azken finean, Ekialdeko “errusiarzaleen” atzean “Putin homofobo eta islamofoboa” egon dagoelako (nahiz eta Putin gatazka honetan hirugarren mailako pertsonai bat izan, eta erretolikaz at, Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepublikei batere laguntzarik ez dien eman). Hala ere, demagun Hamasen homofobia, ez da batere aitzakia herri palestinarraren aldeko elkartasuna ukatzeko. Hor, arrazoi osoz, “palestinar herriaren sufrikarioa” da elkartasunaren arrazoia, “garbiketa” pairatzen ari baitira. Baina zergatik ez da berdin Novorossijan? Han ez al dira “garbiketa etnikoa” pairatzen ari? Ez. Ez ideologia mendebalzale nagusitzailearen arabera. Hori dela eta, Slavianskekoa ez da sekula “garbiketa etnikoa” izango; galtzaileak dira-eta (militarki ez, baina bai propagandaren arloan; izan ere Guda Hotza izan zen propaganda-guda erraldoi haren galtzaileen seme-alabak baitira). Hori dela eta euskal ezkerraren amore emate ideologikoa. Hemendik aurrera “garbiketa etnikoen” (hots, botereak “garbiketa etniko” gisa onartu dituen) gaineko azterketa kritikoa egingo da, botereari kritikatuko zaio “nola ekidin ahal zituen garbiketa etniko horiek” (kritikatu “nazioarteko komunitateari”, hots, “garbiketa etnikoak” definitzeko ahalmen bakarra duten hegemonisten komunitateari)…baina gatazken inguruko hegemonisten eraikuntza intelektuala eusten duen zutarri intelektual-semantikoa sekula zalantzan jarri gabe (“garbiketa etnikoek” hegemonistek markatutakoak izaten jarraituko dute).
Gibel-oharra: Gogoangarriak dira FEMENen performanceak Ukrainako Euromaidan mugimendu edo Estatu-kolpearen alde. Talde honek bandera “feminista” hauspotu zuen Janukovitxen gobernu demokratikoaren kontra, hain zuzen ere, masazko komunikabideek zilegizko lehendakari hau “Putinen aliatu” zela jo ta ke errepikatzen zuten momentuetan.

femen_burn_the_dictator

Hots, Janukovitx Putin “homofoboaren” aliatuaren kontra abangoardian agertzen zen talde “feminista” bat. Honek, nahiz eta CIA edo EBren estrategen buruetan emakumeen eskubideen aldeko batere eraginik ez izan (eta are gutxiago paramilitar neonazien buruetan) eragina izan du Ukrainako antifaxistekin solidario izan zitezkeen ezkertiarretan; “errusiarzaleak” (=Putin) irudi matxista/homofobo batekin lotuz, hauekiko elkartasuna mugatzeko balio izan baitu. Hala ere, errealitatea bestelakoa da. Donetskeko Herri Errepublikan dagoen Saurovka herrian, Ukrainako Goardia Nazionalak (paramilitar neonazi ofizialduek osatutako erakunde militarra) herria konkistatu ostean, emakume guztiak bortxatu eta bahitu zituzten (eta gizonezko aunitz hil). Ukrainako “feminismoaren aitzindari” bihurtutako FEMENek ez zuen kexarik egin.

lugansk tankeak1 10301351_638818162876809_5005117709022450106_n 10407396_638824639542828_8907297822689381858_n 73701 73699 73698 73694

 

Advertisements