Argentina putreen esku

Berriki, Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Paul Singerrek zuzentzen duen ELLIOTT ASSOCIATES enpresari, Argentinako gobernuaren aurka duen zorren bonoa osorik kobratzeko. Honek Argentinako estatua hondoratu dezake, ondorio ezin larriagoak eraginez. Baina nola gertatu da hau?

Argentinan 2001ean krisi ekonomiko latza egon zen. Zor publikoa ezin ordaindu eta peso argentinarraren debaluazioarekin, De La Rúaren gobernu ultra-liberalak “corralito” bezala ezagutzen dugun neurri-paketea hartu zuen. Zientoka milaka lagun kalera atera ziren, ordura arte Nazioarteko Diru Funtsaren errezeten jarraitzaile eredugarritzat hartua zen herrialdean pobrezia tasak biztanleen %53a hartua zuenean. Gobernuak errepresio basatia abiatu eta hamarnaka hildako eragin ondoren, 2003ko hauteskundeak Nestor Kirchnerrek irabazi zituen. Kirchner presidenteak zor publikoa zuten hartzekodunekin negoziazioak zabaldu zituen helburu jakin batekin: zorraren %100a ordaintzea ezinezkoa zenez, zorra negoziatzea; hura gutxitu eta Argentinak ordaindu ahal izango zituen kopuruak onartu beharko zituzten hartzekodunek, zordunak ordaindu ezin dizunean beti baita hobea gutxiago kobratzea, baina zerbait kobratzea!

Corralito

Baina kapitalismoaren mundu globalean badira enpresak eta lapur profesionalak, horrelako krisi egoeretan kiebran dauden enpresak erosteko prest daudenak (ondoren zatika saltzeko, enpresa hondoratuz baina enpresa horren aktibo guztiak bereganatuz); edota kiebran dauden herrien zor publikoaren bonoak dituztenei, haiek oso merke erosi eta gero osorik kobratzeko saiakera egiten dutenak. Enpresa edo erosle hauek, holdouts bezala ezagunak direnak (zorraren bonoak dituztenak baina zorraren berregituraketatik kanpo geratu direnak), “funts putreak” bezala ere ezagutzen dira. ELLIOTT ASSOCIATES enpresa “putre” horietako bat da eta Argentinako zor publikoa erosia zuten hartzekodunei oso prezio baxuan erosi zien, ondoren epaitegietan zor horien “osoa” kobratzeko intentzioarekin.

Jarduera hau oso arriskutsua da, baita sistema kapitalistarentzat ere. II. Mundu Gerra ostean, Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa sortu ziren gerrak kaltetutako estatuei diru maileguak emateko. I. Mundu Gerra ondoren gertatu zena ekidin nahi zen, non Alemania ekonomikoki hondoratzen utzi zuten eta horrek ekarri zuen ondorengo faxismoaren garaipena. Ondoren, petrolioaren krisiaren ostean eta honek erakarri zuenean dolarra eta urrearen arteko parekotasunaren amaiera, aipatutako bi instituzioek zerbaitetan lagundu bazuten, hortik aurrera dirua lapurtzeari ekin zioten, Amerikako Estatu Batuen hegemonia bermatzeko tresna huts gisa. Hirugarren munduko herrien zorrak finantzatu dituzte hamarkada luzez, maileguen gaineko interes tasa itzelekin dirua lapurtuz hainbat herrialde itoaz.

elliotassociates

Horregatik, herri bat zor publikoa ordaindu ezin geratzen denean –kontuan hartuta ordurako dirutza itzela ordaindu duela–, zor publikoa berriz negoziatzen da eta hartzekodunak gutxiago jasoko duen arren, zerbait jasotzearen mesedetan bere eskaera gutxitzen du.

Argentinak azken urteetan bere zorraren %93a berriz negoziatua zuen. Baina zorraren %7a holdouts hauen esku zegoen, putreen funtsetan alegia. Azken hauek, AEBtako epaitegietan salaketa jarri zuten eta bertako Auzitegi Gorenak arrazoia eman berri die, Kirchnertarrek irekitako negoziazio bidea hankaz gora jarriz. Baina kapitalismoak ere ez du hau dena maite, eta horregatik atera da Obama sententziaren aurka hitz egitera. Egun, zor publiko hau AEBtan ordaintzen da hartzekodunek hala eskatuta, baina auzitegiek ez badute ahalmentzen zorraren negoziaketa berri bat, hurrengo batean nork nahiko du bere kanpo zorra AEBetan ordaindu?

AEBtan ere tentsio itzelak daude, baina funts putre hauek beti nagusitzen dira, lobby oso indartsua baitira.

Irtenbide zaila du Argentinak, zorra ordaindu behar baitu. ELLIOTT enpresari ordaintzen ez badio, ELLIOTTek beste zorraren ordainketa eten baitezake, Argentinako gobernutik AEBtara doan diru trafikoa etetea eskatu baitezake judizialki. Horrela beste arazo bat zabaltzen zaio gobernuari, izan ere: zorraren kitatze partziala onartu zuten hartzekodunen %93ak zer egingo du orain, Argentinako gobernua ELLIOT enpresa putreari zorraren %100a ordaintzera behartuta badago?

Cristina Fernandezek, ohi bezala, abertzaletasunez hanpatuta erantzun dio gainean duen arazoari, baina txintxo eta otzan-otzan ordaintzen jarraituko du kanpo zorra –ahal duen bitartean–, hamabost milioi argentinar pobrezia latzenean bizi arren.

Cristina Fernandez

Guzti honengatik, kanpo zorraren iruzurra salatu nahi dugu, azken hamarkadotan bezala, egun ere Amerikan eta Afrikan indarrean dagoen estortsio-sistema doilor huts eta herrien subiranotasuna bortxatzeko tresna besterik ez dena. Bidenabar, Argentinako benetako ezkerrak egiten dituen planteamenduekiko elkartasuna erakutsi nahi dugu, Gizarte Askerako Nazio Biltzarrak egin berri duen bezala.

Advertisements