Gure esku dagoela benetan sinisten al dugu?

GURE ESKU DAGO herri ekimena ospatuko da Durango eta Iruñea arteko giza katearen bitartez. Milaka eta milaka lagun borondate onenaz aritu dira ekimena prestatzen eta ziur gaude egun arrakastatsua izango dela. Hala bedi!

Halere, hurrengo egunetik aurrera bultzatuko diren dinamikekin kezka edo ardura azaldu nahi dugu.

90ko hamarkadatik aurrera, munduan barna borroka armatua indarrean zegoen zenbait herrialdeetan, bi aldeen arteko negoziazio eskema klasikoa agortua zela ikusi zen (egun tesi nagusitzat jotzen dugun honen salbuespentzat jo daiteke Kuban FARC-EP eta Kolonbiako gobernuak daramaten elkarrizketa saioa). Euskal Herrian, hausnarketa sakon baten ondoren, ezker abertzaleak KAS alternatiba agortutzat eman zuen eta Alternatiba demokratikoa bere estrategiaren oinarritzat hartu zuen. Euskal Herria zanpatzen duten bi estatuekin negoziatzea ez zen baztertzen, baina benetan landu beharrekoa euskal orubea zen, euskaldunon hitza eta erabakia gauzatzea lagunduko zuen prozesu demokratikoa.

Teorizazio guzti honetan, ezker abertzalea urteetan nazioarteko ereduak aztertzen ibili zen. Ipar Irlandako prozesua erreferentzia nagusitzat hartuta, Hegoafrikara iritsi zen. Eta aurrez Quebeceko prozesua, bere galdeketekin. Egun espetxean duten Rafa Diezek esana da, euskaldunok Stormont eraiki behar genuela Quebecera iristeko.

Ipar Irlandan eta Hegoafrikan, gatazka armatuak konpontzeko saio gogorrak eman ziren, herri zapalduontzat garaipen historiko bezain partzialak lortzea ahalbidetu zutenak, hala nola preso politikoen kaleratzeak, apartheid sistemaren eraisketa formala, edo gatazka armatuan zeuden bi aldeen arteko harreman zubien sorrera. Baina ondorio onak aipatzearekin batera, prozesu horiek izan dituzten mugak eta kontraesanak ere agerian utzi behar dira. Izan ere, bi prozesuok nazioarteko inperialismoaren baitan kateatuak geratu baitziren. Ikusi besterik ez dago Martin McGuiness-ek egin berri duen ridikulua Britainia Handiko erreginaren jauregian afari berezi batean parte hartuta edota Sinn Féinek AEBtako Alderdi Demokratarekiko duen lotura, prozesu horren bilakaera arriskutsuaz ohartzeko. Edota Hegoafrikan, non komunismoaren helburuei bizkarra eman zitzaion Apartheida formalki amaitzearen truke. ANCko buruzagietako batzuk ederki aberastu dira gobernuan direla baliatuz (egun ANCko presidenteorde Cyril Ramaphosaren adibide okaztagarria dugu horren adierazlerik makurrena) eta beltz azaleko gehienak kapitalismoaren eta esplotazio basatiaren azpian geratu dira, bazterketan eta txirotasunean, hamarkadetako borroka kartsuen ostean.

Nazioartekoa errealitate konplexua eta dinamikoa da eta beste prozesu batzuk agertu dira ostera ere. Katalunia, Eskozia, Kosovo (gezur-estatua), Faroe Uharteak, Montenegro eta Serbiaren arteko banaketa, eta beste. Eskozia eta Kataluniako prozesuek gure errespetu osoa dute, herri bakoitzak erabakitzen baitu bere etorkizuna nola gauzatzen duen eta ñabardurak ñabardura, herri horietako prozesuak osoki errespetatzea dagokigu internazionalistak garen aldetik.

Azken garaiotan, Eskozia eta Kataluniako prozesuak bolo-bolo ditugu, aurten egingo omen diren bi erreferendumakdirela eta. Oro har, Euskal Herrian independentzia helburu dugun guztiok txalotu ditugu prozesu hauek. Are gehiago, giza katearen ekimena gurera ekartzeko ahalegina ere egin da, aurrez Katalunian egin baitzen.1

Azken asteetan aldiz, Ukrainan Europar Batasunak, AEBek eta NATOak sustatutako, finantzatutako eta gidatutako estatu kolpe faxistaren ondotik, Krimea, Donetsk eta Lugansk-eko prozesuak ikusi ditugu. Herritarrak Kiev-eko junta faxistaren inposizio-paketeei muzin eginda antolatu egin dira eta herri galdeketa demokratikoak deituta, beren destinoa erabaki dute; parte hartze masiboa izan da, faxisten tiro artean gertatuta ere. Independentziaren aldeko bozak %95etik gorakoak izanda, besteak beste Donetsk eta Lugansk-eko Herri Errepublikak sortu dituzte, eta Ukrainia egun gobernatzen duten faxisten eta beren aliatuen bonbardaketak jasaten ari dira bertan. Euskal Herrian, gure uste apalean, egokiak ez diren hainbat irakurketa egin dira prozesu hauen inguruan, autodeterminazio ariketa azkarrak eta benetakoak izan direnean, goitik behera txalotu eta babestu beharrekoak (1)

Euskal Herrian prozesu asko ditugu ikusgai eta aztergai, eta independentzia lortzen ez dugun artean, ikusi eta aztertuko ditugunak oraindik ere. Baina, orain arte ikusi ditugunetatik, zenbait irakaspen hartzea ez legoke gaizki. Lehena da guri dagokigula gure etorkizuna lantzea eta eskuratzea, ez beste inori. Mehatxuak, oztopoak, etsaiak eta lagunak topatuko ditugula bidean, baldin eta bideari ekiten badiogu. Baina ekin egin behar diogula, inoren zain geratu gabe.

Bigarrenik, erne ibili behar dela nazioartean sortuko diren amaraunekin, prozesu demokratikoa babesteko baino, lotzeko ez ote diren! Nazioartearen babesa bilatu behar dela dudarik ez, edozein estatuk bere errekonozimendua erdietsi nahi badu, baina erne. Aieteko adierazpenaren sinatzaileen artean munduko boteretsuenetako batzuk ere baitaude, eta kontuz hor sor daitezkeen loturekin.

Azkenik, benetan sinetsi behar dugula gure esku dagoela Euskal Herria askatzearen ardura. Alternatiba Demokratikoaren garapen logikoena da euskaldunak bere lur eremu osoan estatu bat bezala aritzea, eta hori gure esku dago erabat. Horretarako bizkar gainean daramatzagun zenbait zama kendu behar baditugu ere.

amnistiaindependentziasozialismoa

(1) Kataluniako eta Euskal Herriko giza-kate hauen artean, Slaviansk hiriko Andréevka herrixkan beste giza-kate bat egin zen, Eskuin Sektore faxistaren mertzenarioak bertara sar ez zitezen. Giza-katean parte hartzen ari ziren hamar lagun hil eta berrogei zauritu zituzten naziek

 

Advertisements