Txiolariak eta ehiztariak.

diarioVasco

Ohituak gaude eta gure ohitura kezkagarria da. Gure bizitzetako ohiko osagaitzat ditugu faxismoaren ohiko ostikoak eta zaplatekoak. Lagun bat eraman digute pankarta bat zintzilikatzeagatik. Beste bat, preso baten argazkia jartzeagatik. Beste bat nazioarteko atxilotze agindupetik ihesean daukagu, aurrera bolie esan omen zuelako, (ozar halakoak!) Lagunak, senideak eta ezagunak eraman dizkigute beraien irizpide politikoak azaldu izanagatik, bilera batean parte hartu izana leporatuta, halakoren laguna, abokatua edo sendagilea izateagatik. Euriak bustitzen duelako y cierra españa. Denetarik ikusten dugu eta ohitzen gara, barneratu egiten dugu, naturalki.

Laidoak zenbatzerakoan antsietate moduko bat sartzen zaigu; konparazioetan jarrita, guri bezain begi bistakoa gerta dakion hurkoari zer nolako txiruka puska daukagun lepoaren erdian iltzatuta. Terrorismoa nola goratzen den edozein kontroletan ikasi baikenuen ttiki-ttikitatik, horretarako daudela, izuaren ikastaro trinko pedagogiko askoak. Terrorismoa goratzen baino ez ditugu ikusi eta ikusten, odolez blai egindako piperpotoa inposatzen digutenean, gure hildakoei zakur trataera ematen dietenean, gure hizkuntza erasotzen dutenean, gure behar eta nahi kolektiboak erdeinatzen eta iraintzen eta manipulatzen eta gainera debekatzen eta kriminalizatzen dituztenean.

demokrazia

Gerrari gatazka deitzen zaio hemen. Eta gerra-munstro likitsa ehizara ateratzen denean ondorioen argazkiari so geratzen gatzaizkio, zurtuak bezala: Beste 21 lagun eraman dizkigute. Baina munstroa bere estoldetan usna dabilen bitartean bake garaiez hitz egin nahi dugu. Piztiak gure komunikazio guztiak entzun, irakurri, grabatu, artxibatu, gurutzatu, kontrastatu edo gorde ditzakeenean, eta ohiko praktika horri esker norbanako guztion pribatutasuna eta intimitatea sakonenean ezagutu eta bortxatu; giza-taldeen dinamikak kontrolatu, disidentzia delakoaren barne-logikan sartu eta baldintzatu. Ohiko lizunkeria eta zigorgabetasunaz. Eta unea iritsita beste hamaikatxo bat lagunen etxeetan sartu, estolderietara eraman, katapulta ahalik eta urrunera bideratu eta ziega banatara jaurti, tradizio onean.

Carrero Blancoren txantxen atzamarrari begiratu diezaiokegu, edo faxismoaren ilargiaren distantzia eta borobiltasuna neurtu. Egin ditzakegu testuinguru analisi partzialak, hauteskundeak direla, nolabaiteko erantzun edo erreakzio bat direla. Edo barneratu dezakegu hemen eztabaida politikoa goitik behera baldintzatua dagoela espetxe mehatxuarekin. Hemen, hitzen esanahien bortxaketaren tokian, non borrero kuneta-zaleak demokratak diren, non zapalduok terroristak garen, non torturatzaileak biktimak diren, non manipulazio lizunena araua eta arnasa delitua diren, ezin direla iritziak nahi gisa plazaratu. Hemen, gaur, atzo eta herenegun eta beti bezala, guztiak aldez aurretik piztiaren baimena behar duela hitzetan formulatua izateko, gainerako guztia espetxearekin ordaindu daitekeenez. Hemen ez dagoela eztabaida politiko publiko errealik, hemen isiltasunera derrigortua bizi den herri bat dagoela, batzuetan kontrakoa sinetsi nahi bagenu ere.

saresozialak

Besarkada terriblea atxilotutako azken lagunei.

Advertisements