Venezuelako egiak eta gezurrak

Xabier Arozenari erantzunez (II)

Apirilaren 15ean Berria egunkarian Xabier Arozenaren artikulu bat irakurri genuen, eta horri erantzuteko beharra sentitu ondoren, hona hemen Venezuelari buruz eman nahi dugun iritzia, Berriak ere adeitsuki argitaratu diguna:
inperialismoa
Venezuelan, 1998. urtetik hona, XXI. mendeko sozialismoa eraikitzen saiatzen ari den prozesu politiko bat dago abian. Urte horretako abenduaren 6an, Hugo Rafael Chavez Frias aukeratu zuten presidente gisa, hautesleen %56ren bozekin. Chavismoa esaten zaion mugimenduak herri galdeketa eta hauteskunde guztiak irabazi ditu, bat izan ezik. Venezuelako zenbait estatutan, unean une, oposizioak hauteskundeak irabazi eta zona horiek gobernatu ditu, Caracas hiriburuan esaterako. Hugo Chavez iaz hil zen, eta haren lekua Nicolas Madurok hartu zuen; tarte txikiarengatik, baina botoen erdiak baino gehiago lortuta,Venezuelako presidente hautatu zuten.

Venezuelari buruz asko idatzi da, asko entzun da, asko hitz egin da azken urteetan. BERRIAn ere makina bat artikulu irakurri dugu; norabide batekoak batzuk, beste norabide batekoak besteak. Horregatik harritu gaitu Xabier Arozenaren gezurrez betetako artikulu bat irakurtzeak 2014ko apirilean gaudenean. Hamasei urte bete dira iraultza bolibartarra martxan jarri zenetik, eta gezurretarako tartea agortua zela uste genuen xaloki.

Nazio Batuen datuen arabera, Venezuelak azken urteetan giza indize ia gehienetan aurrera egin du. Analfabetismoa atzean utzi du; medikuak auzo txiroenetara heldu dira; hezkuntza klase sozial guztiei eman zaie eta ematen zaie; janaria inoiz jateko ezer ez zutenei iritsi zaie; etxebizitza publikoak eraiki dira etxe eskasetan bizi zirenentzat; herriari politikan parte hartzeko tresnak eman zaizkio; kirol eta kultura proiektuetara sekulako dirutzak bultzatu dira; munduko musikaren etorkizuna Venezuelan dagoela diote munduko musika adituek, eta abar, eta abar. Nazioarteko politikan munduko harremanak aldatzeko pauso izugarriak egin ditu Venezuelako Gobernuak. Hego-hego harremana bultzatu du chavismoak hasieratik, eta pauso izugarriak eman dira horri esker, herrien mesedetan: ALCAren amaiera; ALBAren sorrera; Unasur; Telesur; Alba TV. Mundua beste modu batera egiteko tresnak sortu dira, klase sozialen arteko diferentzia murrizteko pausoak. Hauek dira Venezuelari buruzko zenbait egia. Badira beste batzuk.

Herriaren zati inportante batek ez du prozesu hori sostengatzen. Herriaren zati hori goi eta erdiko klaseek osatzen dute oro har. Kexu dira arrazoizko zenbait eskari egiten dituztelako baina baita ere ezin dutelako onartu ere egin jende xehearen zutitzea, txiroen errebeldia, Chavez bezalako beltzaran baten gobernua, Maduro bezalako txofer bat nazioko presidentea izatea. Kalera atera dira ehunka ikasle, dirudunen seme-alabak gehienak. Caracaseko kaleak itxi dituzte hamar edo hamabost lagunez osatutako taldeek. Zenbait autobidetan suzko barrikadak jarri dituzte. Mediku kubatarrei su ematen saiatu dira. Maduroren familiari eraso diote. Urtegiak pozoitzen saiatu dira. Eta estatuaren erantzuna zein izan da? Xabierrek gezurra esaten du Madurok indarkeriaz erantzun duela dionean. Gezur borobila! Telesur-en bidez ikusi ditugu oposizioarekin izandako eztabaida publikoak, non da biolentzia? Nork eragin du indarkeria hori guztia? 39 hildako egon direla dio Xabierrek, baina zenbat hil dira Gobernuko indar polizialen eraginez?

guarinberoak

Provea aipatzen du Xabierrek iturri gisa. Beheko sinatzaileetako batek salatu zuen, Marino Alvaradorekin batera, Chavezen gobernua Washingtonen kokatua dagoen Amerikako Giza Eskubideen Auzitegian, Bittor Galarza eta Sebas Etxanizen legez kanpoko atxiloketa eta kanporaketengatik. Marino Alvarado abokatu kolonbiarra laguna dugu, eta euskaldunen alde beti aritu da bertan. Baina Marinok ez du inoiz maite izan Chavezen gobernua. Bandera Rojako kidea da, eta haiek Chavezen kontra egin dute hasieratik; ezkerreko banaketa omen dena, oposizioaren alde buru-belarri dabil prozesu honen hasieratik.

Badira Venezuelan hainbat egoera kezkagarri prozesuaren alde gaudenontzat. Oposizioak antolatzen duen zenbait elikagairekiko blokeoari aurre egiteko ezintasuna Gobernuaren aldetik; inflazioa; dolarrak eskuratzeko dauden zailtasunak, eta horrek dakarren arrisku ekonomikoa, dibisen trukea hain gaizki dagoenean. Venezuelako ekonomiaren arazo latza da azken urte luzeetan dibisekin negozioak egiteko dagoen zailtasuna. Ez da libre utzi nahi, negozioen mozkinak Venezuelan inbertitzeko bultzatu nahi baitira, baina horrek enpresa pribatuen motibazio eza sortzen du; eta Cadivi zein gaur egun dauden programa berriak inork ustelkeriarako ez erabiltzea zaila da, eta ALBAko ekonomistek urteak daramatzate egoera bideratu nahian. Egia da, halaber, prozesuaren aldeko venezuelar asko ere kexu direla Kubatik etorritako aholkulari askoren erabakiek duten pisuaz.

Baina egia eta gezur hauen guztien gainetik, hara zein den azken boladetako guarinben atzean (gaizki) ezkutatzen den mamia eta funtsa: Amerikako Estatu Batuetako belatzek jomugan dute Venezuela betidanik. Berdin ALBAko herriak. Mundua merkatu handi bat da, eta herriok bizkarra ematen diete oro har AEBei, nahiz eta harreman komertzialak mantentzen dituzten (16 urte hauetan Venezuelako petrolioa erosi dute AEBetako agintari guztiek, Clinton, Bush edo Obama izan). Filosofia jakin bati eraso nahi zaio, herri subiranotasunak etengabe bortxatuz, denak balio baitu horretarako. Oraintsu frogatu da zientoka milioi dolar bideratu dituela USAID agentzia estatubatuarrak guarinben antolatzaile eta ekintzaileentzat. USAIDek finantzatzen du «Erail ezazu chavista bat» aldarrikatzen dabilen JAVU erakundea. Maria Corina Machado oposizio-buruak ez ditu euren helburu kolpistak ezkutatuko; publikoki onartu behar izan zuen Washingtonera joan ohi direla interbentzio militar bat eskatzera; ostera chavistekin ez dutela errukirik izango. CNNk hilabeteak daramatza «Krisia Venezuelan» azpiatalarekin hango albiste guztiak oposizioaren ikuspegitik zabaltzen. Caracaseko kaleetan azken asteetan ibili garenok badakigu zer diren kontzentrazio horiek: talde txikiak, baina oso ondo jantzitakoak. Maduroren aurkako publizitatea daramatenak Venezuelako autorik onenak dira, SOS Venezuela eta antzeko lelo lizunekin. Mundua alderantziz.

guarinbak oposizio baketsua2

Venezuelan klase borroka da nagusi. Madurok bakerako deia egin die bere militante sutsuenei, ez daitezela probokazioetan sartu. Aberatsenak dabiltza kalea protestetarako erabiltzen, eta zilegi da eskariak egitea. Zilegi ez dena zera da, gezurretan aritzea, atzean dagoen estatu kolperako saio etengabekoari ez ikusiarena eginaz.

Advertisements