MAF-ean dituzten euskal preso politikoen oharra

Kaixo,

Gutun honen bidez, Fleury-Mérogiseko espetxean bahituta gauzkaten kideok bizi dugun egoeraren berri eman eta azken hilabeteetan jazotako gertaerak azaldu asmoz zuzentzen gatzaizkizue.

MAFean (emakumezkoen espetxean) 6 preso politiko gaude momentu honetan. Gainontzeko militanteek bezalaxe urte asko igarotzen ditugu espetxe prebentiboetan; azken hauek espetxe zigor murritza dutenentzat edota epaitu gabeentzat izaten dira. Geure kasuan ordea, instrukzio epea 4 urteraino luzatzen digute, ondoren epaitu arteko epea eta epaiketa ondoren zigorra betetzeko espetxeetara eraman arteko denbora tarte luzea gehitu behar zaie. Denbora guzti honetan egunerokoan gure eskubideak gorde, oinarrizko bizi baldintza duinak bermatu eta batez ere, gure Kolektibo politikoa errespetatua izan dadin borrokatzen dugu.

txakurra

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa 530 kidek osatzen dugu, 81 espetxeetan eta 5 herrialde desberdinetan sakabanatuta gauzkatelarik: Gutariko 400 lagun espainiar estatuko 50 espetxeetan daude, eta beste 125 kide frantziako 28 espetxeetan. Bataz beste, gure etxetik 844 kilometrora.

80. hamarkadan abian ipini zuten sakabanaketa politikaren helburuak askotarikoak dira, hala nola presook sorterritik urruntzea, herritik datorkigun elkartasuna eragoztea, Kolektiboaren izatea ukatzea, gure senideen sufrimendua areagotzea astero gu ikusi ahal izateko milaka kilometro egitera behartuz. Sakabanaketa politika indarrean denetik 16 senide hil eta ehunka zauritu dira errepideetan. Honi, kostu ekonomiko neurrigabea erantsi behar zaio (bataz beste 1500€ hilero, familia bakoitzeko)

Estatu espainiar eta frantziarraren helburua gu mindu eta ahultzea da, eta bide horretan estrategia basati bezain gordina darabilte: Isolamendua, zigor luzapenak, zigorra amaitzear dutenen eta gaixo larrien askatasuna ukatzea, baldintzapeko askatasuna lortzeko xantaiak, isekak, erasoak…

Barne-araudiari dagokionez, espetxean pairatzen ditugun baldintza mespretxagarriei, zehazki gure ezartzen zaizkigun neurri errepresibo zehatzak gehitu behar zaizkie. Gau eta egun kontrolpean bizi gara eta gure mugimendu guztiak kaier batean apuntatzen dituzte; norekin gabiltzan, zer egiten dugun, patioan norekin hitz egiten dugun…Dibisioak batzen diren biribilgunean, koaderno horrez gain euskaldun guztien argazkiak dauzkate. Honez gain, urteak daramazkigu gauetan bi orduro kontrolak pairatzen. Kontrol bakoitzean argia piztu eta begitxuloa klikatzen digute. Kasu batzuetan atea kolpatzen dute loa izorratzeko. Ikustaldietara eta patiora joateko ukimen bidezko kontrolak eta segurtasun arkuak pasa behar ditugu derrigorrez. Bestelako mugimendu batzuk egiterako orduan ere saiatu izan dira ukimen bidezko kontrolak egiten baina ukatu egiten ditugu. Honez gain, ikustaldietatik bueltan biluztera behartzen gaituzte, baita irteera bakoitzean (ospitalera, epaitegira…) edo ziega miaketetan ere. Hamaika aldiz salatu diren derrigorrezko biluzte hauek zeharo iraingarriak dira preso gaudenontzat, areago modu sistematikoan aplikatuz gero. Bestalde, kiroldegi eta aktibitaterako sarbidea mugatua dugu eta ikasketa alorrean ere Unibertsitateak eskaintzen dituen kurtsoak gauzatzeko oztopo ugari izaten dugu.

MAF1

Halaber, urteak daramatzagu MAFeko arduradunei gure errealitatea zein den azaldu nahian. Horretarako eskura ditugun baliabide desberdinak erabiliz, patioan kartelak jarriz, esku-orriak banatuz, jaki errefusarekin, salaketa edo protesta ekintzekin, elkartasun egunak eginez, erasoei ekintzekin erantzunez…

Horrela, espetxeak inposatzen dizkigun gehiegizko neurriak salatzeko jarrera intsumitua adierazten dugu. Gure bozeramailearen bidez, eguneroko arazoak konpontzeko, espetxearekiko etengabeko interlokuzioa mantentzen saiatzen gara, posible den heinean behintzat.

Duela bost bat hilabetetik hona, zuzendaritza berria dago MAFean. Zuzendari berria (Mme. PERROT), atxiloketa arduradun berria (M. NKOUKA), giltzari-arduradun berriak…Aldaketa honek barne-politika eta funtzionamenduan eragin nabarmena izan du, finean gure bizi baldintzek argiki okerrera egin dutelarik. Aspaldidanik indarrean genituen hainbat akordio urratu dizkigute, eta urteetako borrokaz eskuratutako minimo asko zalantzan daude. Zuzendaritza berri honek urteetako akordioei bizkar ematearekin batera, elkarrizketarako jarrera itxia agertu digu, MAFeko Kolektiboarenganako errepresio jarrera azalduz.

Zuzendaritza aldaketa hau baliatuz giltzari talde batek gurekiko presioa areagotu du, euren aldarrikapenei bide emateko: Segurtasun eta kontrol neurri gehiago, alegia. Ohikoak bihurtu dira euskaldunen aurkako diskurtsoak, ‘pribilegiatuak’ omen gara, aginduei uko egiten diegula, espetxe barne araudia ez dugula errespetatzen, arau-hausteengatik zigorrik ez dugula jasotzen…‘Abantaila’ horien baitan dira, espetxean presoak identifikatzeko erabiltzen den dokumentua (karta urdina) egunerokoan ez erabiltzea, ziegetan onartua dugun arropa kupoaz gaindiko arropak izatea, espetxe barruko mugimenduak isilpean egiteari uko egitea…Zuzendaritzaren hitzetan zerrenda oso luzea da, baina aitzitik ez dizkigu zerrenda horren zehaztasunak eman nahi izan. Badirudi gu garela MAFeko arazoen iturri nagusia eta ziegan kupoaz harago 2 niki izateak ‘eraikin honen segurtasuna larriki aztoratzen duela’ (?)

Hemen jasan beharreko bizi baldintza krudelak ez dira eurentzat arazo. Gutxi batzuen artean aipatu genitzake: lizunez betetako dutxen garbitasun eza; patioan eseri nahi izanez gero zikinkeriaz jositako lurrean jesarri beharra; eguneroko jaki errepikakorrak, hotzak eta kantitate eskasekoak, lurretik bi zentimetrora darabilten karroetan narras zerbitzatuak; aukera urriko erosketa mugatuak, hozkailurik eza; oinarrizko beharrak asetzeko egokitutako produktu sorta eta arropentzako garbitegi zerbitzua kendu izana; gauetan esnatzen gaituzten eta pasilloetatik oihukatzen gaituzten giltzari batzuen errespetu falta; formaziorako aukera eza; egunero sufritzen dugun presio itogarria: Ukimenezko kontrolak, miaketak…dutxara goazenean miatzen gaituzte! Arazoa gure ‘pribilegioak’ omen! Zein pribilegioz ari dira? Makurtuta ez bizitzearen pribilegioaz akaso? Ba jakin dezatela ez dugula etsiko!

Tentsio mailaren areagotzea eta errepresio giroa dira guzti honen emaitza. Orain gertaera edo arau-hauste txikiena diziplina komisio baterako aitzakia da. Azaldu moduan, egun giltzari batekin izandako tirabira eta desadostasuna inzidente informe baterako aitzakia da. Eta informe hau espetxe arduradunarengana iristean zuzenean diziplina komisiorako arrazoi. Prozedura bera ere errespetatzeari utzi diote, gertatutakoaren inguruko gure azalpenei muzin eginez.

Hau da espetxeko zuzendariak abian jarri duen sorgin gurpil errepresiboa. Eta ez hau bakarrik, aurrera begira neurri errepresibo berriak aplikatzeko asmoa duela aurreratu baitu. Ez omen du euskal presoen kolektiboa errekonozitzen, ez omen dago elkarrizketa edota akordioetarako aukerarik. Aurreratzean arazoak konpontzeko bide bakarra barne araudiaren zorroztea izango omen da.

Zigor-eraso bakoitzari erantzuten hasi baginen ere, horrela jarraitu ezkero bide errepresibo honek bukaerarik ezingo ez duela ikusirik, egoera bere osotasunean hartu eta erantzutea erabaki dugu. Abian jarriko dugun borrokaldiak guganako duten jarrera aldatu eta baretuko duela espero dugu.

Alta, gure kezka eta kexua zuekin konpartitu nahi izan ditugu. Aurrerantzean ere egingo dugun ekimen eta irakurketa oro bideratzen saiatuko garen konpromisoarekin agurtzen gara.

Borrokaz eusten diogun presook besarkada bero bat bidaltzen dizuegu.

irabazi arte

MAFeko euskal preso politikoak

Fleury-n, 2014ko martxoaren 28an.

Advertisements