Frankotiratzaileak Kiev-en, gerra inperialisten ohiko osagaia.

Kerry berak hildakoen omenez

Otsailaren 20an berrogei lagun suertatu ziren hilik Kieveko Maidan plazan, teilatuetatik zetozen tiroen ondorioz. Mendebaldeko hedabideek Ukrainar gobernuaren doilorkeriaren lagin gisa aurkeztu zigutena baina, (errepresioa, kaosa, deskontrola, odola!) ohiko osagaia da gerra inperialista garaikideetan: Nazioarteko komunitate bezala auto-izendatutako horrek barbaroen artean bakea, demokrazia eta bizikidetza ordenatua ezartzeko behartua ikusiko du bere burua (Nazioarteko Diru Funtsaren pakete ekonomikoak inposatzeaz gain, esan gabe doa), interesatzen zaionari erabateko babesa eskainita, eta jo-puntuan duenaren kontrako neurriak ezarrita (santzioak, eraso beliko irekiak, okupazioa, dominazioa eta txikizioa).

Frankotiratzaileen agerpena klasiko garaikide bat da gerra-eskema honetan: Indar inperialistek jo-puntuan duten herriko oposizioa identifikatu, sustatu, erruz finantzatu eta gidatuko dute (propio sortuko ez dutenean), erasoa herri horretako barne arazo gisa aurkeztu ahal izateko. Barne arazo horiek komunismoarekin zerikusia edukitzeari utzi zioten Sobietar Blokearen eraisketaren ondoren; egungo txatxara mediatikoek enfatizatuko dituzten kontzeptuak ‘jasoagoak’ dira: Giza eskubideak, demokrazia, zapalketaren kontrako borroka askatzailea…eta Venezuelaren kasuan, komuneko papera edukitzeko eskubidea (sic) behin zernahi esaten jarrita, inspirazioak emango diena.

Gearóid Ó Colmain kazetariak artikulu honetan dokumentatzen duen gisan, mendebaldeak sustatutako gobernu aldaketen tentsionamendu fase gogorrenean agertu ohi dira eurak entrenatutako eta gidatutako frankotiratzaileak: Beren hedabide-talde erraldoiek kanpo interbentzio ireki edo deklaratu baten beharra azpimarratuko digute mundu mailako eskala mediatikoan, hildakoen irudiek sortzen duten inpaktu emozionalaz baliatuz; bidenabar, herritarrei mezu garbia helaraziko zaie datorren gobernu motari eta bere mendebaldeko aitabitxiei buruz: Gureak horrela tratatzen baditugu, pentsa zer egin genezake zuekin.

Kasualitatez bezala ikusi ditugu teilatu eta leiho urrunetan mertzenariook Errumanian, Errusian, Tailandian, Kirgizistanen, Tunisian, Egipton, Libian edo Sirian, gobernu horiek erasotzeko aitzakia izan direnak. Lerro hauek idazten ditugun egunean hiru lagun erail dituzte Venezuelan eta hogeita bi dira guztira hil dituztenak azken asteotako kolpe-eskaladan, oposizio faxistak, CIAren, USAIDaren eta Europar Batasunaren babesaz antolatutako guarinba edo iskanbilatan.

Euskarara ekarri dugun bideo honetan ukrainar ‘opositoreen’ kontrako eraso batzuk agertzen dira. Norberak aterako ditu bere ondorioak.

Beste albiste honetan jasota geratzen da Urmas Paet estoniar kanpo arazoetako ministroak eta Catherine Ashton baroisak, Europar Batasuneko diplomazia-buruak, ederki dakitela ukrainar frankotiradoreak ‘oposizioak’ kontratatutakoak zirela. Interesgarria da zeinen interesgarria iruditzen zaion Ashtoni bere mintzakidearen indiskrezioa.  Horrela erortzen dira maskarak, wikileaks-en batere beharrik gabe.

Advertisements