Hugo Rafael Chavez Frias Komandantea, present!

Hugo Rafael Chavez Frias

Urtebete, Komandanteak fisikoki utzi gintuenetik. Urtebete Venezuelatik mundu zabalera kaleak, ibilbide zabalak, sukalde txokoak eta bazter guztiak Komandantearekiko maitasunezko adierazpen minduz bete zirenetik, doluzko irudiak Caracasetik mila lubaki eta borroka fronteetara. Negar egin genion Euskal Herrian, eta negar Aberri Handian, Palestinan, Sirian, Libian; Chavezen elkartasun militante eta eskuzabala eta zinez ausarta eta esango genuke lotsagabea eta areago burugabea, elkartasun benetakoa, elkartasun kontsekuentea iritsi zen bazter guztietan ikusi genituen geure arima bikiak negar batean, isilik edo kantuz edo burumakur, Afrikatik New York, La Habana, Teheran edo Washingtoneraino.

Chavezen elkartasunak ere osagai gogoangarriak zituelako, (inguratzen gaituen mundu tristean insolitoak izanagatik ere) bere izaerari txertatuak zihoazenak: Maitasuna eta umorea. Maitasuna baztertuekiko, zapalduekiko, txiki eta txikituekiko, jazarriekiko, garbi identifikatzen eta salatzen zuen kapitalismoaren biktimekiko, gosete eta epidemia eta kutsadura eta esplotazio eta umiliazio eta errepresioaren jo-puntuan dauden ume, emakume eta gizonekiko. Maitasuna burkideekiko, munduan barrena sozialismoaren eta askatasunaren alde borrokan gaudenekiko. Maitasuna herriekiko eta haien ametsekiko.

Eta umorez eskaintzen zuen. Barrez lehertzen zen erasotzen zutenean, eta erasotzen ez zuten aukera arraroetan ere barrez erasotzen zituen hark, eta umore hari esker sinistu genuen ze indartsuak izan gintezkeen gu ere, ttikiok, jodittuok, zapalduok. Pedagogiaz, zerion karisma deskomunalari zama ebasteko-edo, bere erraldoi-apaltasun harekin, kantuz edo bere anekdotario xelebreen bidez, handienen aipuak eta pasarteak ekarriz, beti umorez, horrela azalduko zigun zer nolako energia atomikoa gordetzen duten herri determinatu eta kementsuen azpilurrek. Ereduarekin predikatuko zuen ostera, Historiarako geratu diren mugarri politiko, sozial, kultural eta afektibo eta kolektibo mordo ikaragarrian.

Egunen batean beharbada yankiek estatu-kolpe bat emango diote Urkulluri edo Raxoiri edo Barcinari edo Hollanderi eta herri xumeak aterako ditu miserable hauek ziegatik, itzul daitezen eta jarrai dezaten denen ondasunak denen artean banatzen, jendarte bidezko, aske, osasuntsu, hezitu eta zoriontsu baten bidean. Hori da Venezuelako txistea: Herriak atera zintuen Komandante, herriak hautatu eta maitatu zintuen, herriarena zarelako. Gaur inoiz baino gehiago.

 

Belauna lurrean, ez adiorik Komandante maitea!

Hugo Chavezen gutuna Afrikari. Burkina Fassotik omenaldia.

Aguila no caza mosca, diputada!

Discurso del Presidente Comandante Hugo Chávez en la cumbre de Copenhague

AL CARAJO!

Advertisements