Ikusarazten digutena

Espetxeko patioan denbora laburrean egon denak ere badaki patioko elkarrizketak, normalean, sakonak izan ohi direla. Horrelako elkarrizketa serio batean geundela, nazioarteko politikaz hitz egiten ari ginela, nirekin zegoen kideak begiak ireki zizkidan. Wikileaksi buruz hitz egiten hasi zitzaidan eta bere aburuz, Wikileakseko filtrazio guztiek Ameriketako Estatu Batuetako eta Israelgo nazioarteko politikari mesede egiten zioten. Gai honek gaurkotasuna hartu du Snowden CIAko agentearen filtrazio berriak direla eta. Garai hartan nire patioko lagunak zioen bezala, orain ere ez gara ari benetan gertatzen dena aztertzen, baizik eta AEBek ikusarazi nahi digutena.

Wikileaks

Wikileaks deritzan webgunean azaltzen diren dokumentu guztiek mesede egin diete AEBen eta Israelen nazioarteko politikei. Horien estatuetako benetako afera zikinak atera ez eta, oro har, horien etsaien inguruko informazioak biltzen ibili da Julian Assangek zuzentzen duen webgunea.

Red Voltaire guneak 2010eko uztailaren 27an eta abenduaren 28an argitara emandako datuen arabera, ezagutzera eman diren milaka eta milaka dokumentuek ez dute aparteko informazio berezirik eskaini. Asko jota, Irak eta Afganistani buruz medioetan jasoak ziren hainbat gertaerak nazioarteko komunikabideetan oihartzuna izateko balio izan zuten, “The New York Times”, “The Guardian”, “Der Spiegel” eta “Le Monde”-k publikatu baitzituzten.

Red Voltairek 2012ko uztailaren 13an argitara emandako beste artikulu batek, kartzelan utzitako lagunak aipatzen zizkidan argumentu berberak eskaintzen ditu. AEBetako, Erresuma Batuko, Israelgo, Frantziako edota beste herrialde inperialistetako inork, ez du izan kalte larririk informazio horien publikazioarengatik. Aldiz, CIArentzat etsaiak ziren beste hainbat estatutako agintarien aurka oso dokumentu deserosoak publikatu dira. Tunisiako Ben Aliri, Libiako Gadafiri, Egiptoko Mubaraki, Italiako Berlusconiri, Errusiako Putini, Afganistango Karzairi, Argentinako Kirchnerri edo Venezuelako Chavezi gogor eraso diete Wikileaksek filtratutako dokumentuetan. Aipatutako artikuluak azaltzen duenez, 2006ko gerran Israelek Libanoren aurka egindako gerra krimenak ezkutatu ditu Wikileaksek, Assange jaunak, diru truke, horiek ez publikatzea erabaki omen baitzuen.

Nire lagunak duela hiru urte egindako galdera bera egin dute Red Voltaire sarean. Wikileaksek zergatik ez du ezer esaten Israelgo Estatuari buruz? Netanyahuk esana da Wikileaksen publikatzen den informazioa Israelen mesedetan dela.

Hemen idatzitakoak zalantzak eragiten baditu, irakurleak honako galdera egin diezaiola bere buruari: zergatik ez dute Wikileaks ataria itxi? Eztabaida eta zarata gutxiagorekin ere, badakigu zein erraza den webguneak ixtea edo hedabideak desagerraraztea.

Snowdenen kasua

Jakina denez, Edward Snowden 30 urteko gazte estatubatuarrak AEBetako espioitza zerbitzuen jardueren inguruko zenbait informazio agerian utzi ditu. Baina zer berri du horrek? Munduko ezkerra hor ikusi dugu Snowdenek azaldu duenaren gainean hitz eta pitz, baina, serio jarrita, nor harritu da bertan azaldutakoarekin? AEBek beste estatuak zelatatzen dituztela? Europar Batasuneko estatuak banan bana aztertzen dituztela eta zenbakien arabera lehentasunen mailakatze bat egiten dutela? Alemaniako atzerri politika eta finantzen egoera aztertzen dituztela? G20-koen bilkura batean espioitza lanak egin zituztela?

Irakaspenak

Wikileaksen eta Snowdenen filtrazioen inguruan, bi gauza nabarmendu nahi nituzke. Batetik, informazio hori ez dela kaltegarria suertatu AEBentzat, bai ordea CIAk benetako etsaitzat jotzen zituztenentzat. Gainera, informazioa AEBen ustezko desadostasunarekin filtratzen denez, informazio horrek garrantzi handiagoa hartzen du. Ez omen dute filtrazioa onartu nahi, baina ez dute ekiditen informazioa filtratzea.

Bestetik, ALBAko estatuek amua jan eta arazoetan nola sartu diren nabarmenduko nuke. Assangek Erresuma Batuan Ekuadorrek duen enbaxadan jarraitzen du aterpe bila. Snowden kasua Evo Moralesen 13 orduko nazioarteko bahiketarekin amaitu zen. Snowden eta Assange ALBAko eragin lekuetatik urrun egon arren, zeharkako kalteak ALBAko herriek pairatu dituzte.

Nekez ulertu daiteke Assange jaunari Ekuadorrek eman dion babesa. Nekeza da ulertzea nola eskaini dioten Snowdeni aterpea Venezuelan, Ekuadorren, Nikaraguan eta Bolivian. Interneteko eztabaida foroetan, asko dira Venezuelan, Maduroren aldekoak izanda, Snowdeni aterpea eskaintzearen aurka azaldu direnak.

Amaitzeko, egoera horien aurrean jaso beharreko zenbait irakaspen ere aipatu nahi genituzke. Lehena, Evo Moralesen hegaldia oztopatu zutenen artean frantziar eta espainiar gobernuak zeudela. Berriz ere gure herriaren garapen osoa ukatzen duten bi estatuek, nazioarteko legediaz trufa egin, eta Immunitate Diplomatikoari buruzko Vienako Hitzarmenak estatuko agintarientzat zehaztutako protokoloak ez zituzten bete. Hollande eta Rajoy, Rajoy eta Hollande, berriz ere nazioarteko legedia urratzen.

2006an, Giza Eskubideen Behatokiak “La quiebra de las reglas del juego en el mundo y en la Unión Europea. La Experiencia Vasca” izenburuko txostena aurkeztu zuen, Kuban (interesa duenak www.behatokia.info webgunean topa dezake). Bertan aipatzen da II. Mundu Gerraren ostean zehaztutako giza eskubideen nazioarteko legedi osoa etengabe bortxatzen dela, eta XXI. mende hasieran atzeraka goazela, emakume eta gizon askeagoak izan beharrean, gero eta handiagoa dela emakume eta gizonezkoek gure gainean dugun kontrola, gure askatasuna gero eta mugatuago dagoela. David Choquehuanca Boliviako Atzerri Ministroak uztailaren 7an esan zuen nazioarteko hitzarmenak eta haien eraginkortasuna aztertu beharrean zeudela, «kapitalismoak krisi instituzionala eragin duela-eta». Nazio Batuen aurrean Boliviako enbaxadore den Sacha Llorentik antzekoa esan zuen uztailaren 4an.

Baina bada beste irakaspen garrantzitsu bat honen harira. Zergatik lerratu ote dira ALBAko herriak Snowdenen alde? Zergatik esan dute asilo politikoa emango lioketela? Rebelion webgunean irakurri dugunez, Alfonso Sastreren mailako pertsona eta intelektual batek nola definitu dezake Snowden «honorable ciudadano» edo ohorezko herritar bezala? Are gehiago, zergatik onartzen dugu ezkerreko prentsan ere CIAko agente «ohia» dela? Nola dakigu «ohia» dela?

GARA egunkariak, berriki, Rene Gonzalez espioi kubatarraren historia kontatu du. Kubako inteligentzia zerbitzuen jokaldi aparten adibiderik aipagarrienetakoa da. Angolako gerran heroitzat hartua, Kubatik ihes egin zuen abioi bat lapurtuz. Miamin, Kubaren aurkako talde terroristek besoak zabalik hartu zuten Rene Gonzalez eta horrela lortu zuen horien artean infiltratu eta Sobietar Batasuna erori ostean Kubak bizi zituen eraso terroristak etetea. Snowdenek munduari kontatu diona, edozein pertsonak sumatu zezakeena da, zehaztasunak zehaztasun. Baina egun, Edward Snowden heroi moderno bihurtu nahi dutela dirudi, espektakulu berri bat.

Wikileaks eta Snowden kasuak, ALBAko herrialdeak estutzeko baliatu dira beste helburuen artean. Horrekin batera, munduko atentzioa desbideratzea lortu dutela iruditzen zait, hatza eta ilargiaren kontakizunean bezala, hatzari begira gaudela ilargira begiratu beharrean. CIAk, Sirian eta munduko beste bazterretan egiten eta prestatzen dituen sarraskiak aztertu beharrean, espioitza masiboekin harritzen eta asaldatzen gara. AEBetako belatzek ikusarazi nahi digutena ikusten dugu, benetan ikusi beharrekoa ikusi beharrean.

Advertisements