Ekonomia sozial eta solidarioa

Imagen 4

Azken urteotan, oso modu heterogeneoan bada ere, Latinoamerikak aurre egin dio neoliberalismoari, aurreko mendeko azken herenean eskuinerantz gauzatutako aldaketa estrukturala eraldatzeko asmoz. Zenbait estatuetako gobernuek, gizarte erakundeekin batera, ekoizpen eredu berrien bilaketan dihardute, beste harreman mota batzuen bila, neoliberalismoaren paradigmari aurre egiteko. Eredu neoliberala ezbaian jarri nahi duten gobernu eta giza mugimenduek ekonomia sozial eta solidarioa proposatu dute alternatiba gisa.

Horren harira, Susana Hintze soziologo argentinarrak Brasil eta Venezuelako ereduak aztertu ditu, bi herrialde horietan ematen den Estatuaren eta gizarte antolakundeen arteko harreman dialektikoak aukera ezin hobeak eskaintzen baititu ekonomia mota alternatiboak garatzeko. Batean zein bestean sortzen ari diren ekonomia sozial eta solidarioaren adibideak ikertu ditu, “La política es un arma cargada de futuro” izenburuko liburuan.

Ekonomia solidarioa zer den azaldu beharko dugu. Honakoak ditugu adibiderik esanguratsuenak: inbertsio komunitarioak, gizarte erakundeen laguntza duten elkartasunezko inbertsioak, trukean oinarritutako proiektuak eta kiebrak jota egonik langabetuek berriz altxa dituzten enpresak. Ekimen horiek guztiek jabetza kolektiboa eta elkartasunaren eta kooperazioaren baloreak dituzte ezaugarri gisa.

Oso modu ezberdinetan bada ere, Latinoamerika osoan ematen ari dira aipatu ideiatan oinarritutako saiakerak: autoenplegua, mikroinbertsioak… Baina zenbait gobernuren jardunak, kapitalismoari alternatibak bilatzea helburu duen jardunak, borondatez egiten diren ekimenak edo oso eremu txikietan gauzatzen diren esperientziak baztertzen ez baditu ere, aukerak zabaldu egin ditu, txikira jokatzetik handira jokatzera pasatzeko aukera ematen du, era egokian kokatu eta estatu politikek gai honi behar adinako garrantziaz hel diezaioten. Diogun bezala, Susana Hintzek hori guztia aztertu du, ekonomia sozial eta solidarioak praktikan duen eragina azalduz eta etorkizunean nondik joan behar ote duen begiratuz.

Venezuela

Venezuelak Latinoamerikako beste herrialde askok pairatzen dituzten arazo berberei aurre egin behar die. Estrukturaltzat jo ditzakegun arazoak honakoak dira: gobernu ezberdinen arteko jarraitutasun eza, ustelkeria… Urte askotan Venezuelako Estatuak izandako joerak petrolioarekiko mendekotasuna areagotu egin zuen. Petrolioa saltzen zen beste gauza guztiak erosteko, bertako ekoizpena alboratuta. Azken urteotan eraikitzen ari den «guztia» berria da. Dena da berria eta berritasunek ere beren ezagutza behar dute.

Arazo orokorrak aipatzearekin batera, beste sistema bat eraikitzearen alde jokatzen duten faktoreak ere aipatu behar ditugu: kapitalismoaren alternatiba eraikitzen ari dira, nahiz eta Venezuelako Gobernuak oraindik kapitalismoan bizi dela onartzen duen. Denborak aurrera egin ahala, herriaren eta agintearen arteko dialektika modu egokian bilakatzen baldin bada, emaitzak lortuko dira. XXI. Mendeko Sozialismorantz doaz, alternatibak eraikiz eta argi izanda egun ez daudela sozialismoan.

Emaitza praktikoak aztertzea da, inolako ezbairik gabe, Venezuelak azken bi hamarkadetan aurreratu duena ikusteko egin dezakegun gauzarik onena: 1999tik 2007ra, pobrezia %50 jaitsi da, populazioaren %28an ezarriz. Pobrezia larrian bizi zirenen kopurua %20tik %8,5era jaitsi zen epe berean. Langabezia tasa %7an zegoen 2008an, prozesu bolivartarra hasi zenean %14an zegoenean. Arrakasta gehien duen datua irakaskuntzari dagokiona da, bigarren mailako irakaskuntzara jauzia eman baitute oro har gazteek. Hildako haurren kopuruak ere izugarri egin du behera.

Testuinguru horretan sortzen da ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko apustua Venezuelan. Bertako errealitatean bi gauza dira kontuan hartu beharrekoak: batetik, kooperatibismoak duen presentzia Chavez presidenteak eskaintzen dituen diskurtsoetan. Bestetik, dokumentu ezberdinetan kooperatiba sozialaren eta ekonomia solidarioaren beharrak duen garrantzia: Konstituzioaren 3. eta 308. atalak (www.constitucion.ve); 2001-2007 garapen sozial eta ekonomikorako egitasmoa; eta 2008an argitara emandako Herri Ekonomiaren Garapenerako Legea (6.130 Dekretua).

Horrela Venezuelako prozesuan oso garrantzitsua den eraikuntza politiko eta kulturala ematen da, ekonomia sozialak Chavezen diskurtsoetan eta ondoren garatzen diren legeetan baitu oinarri. Ekonomia soziala bietan gauzatzen da, diskurtsoetan zein legeetan. Hintzek dioenez, “Aló Presidente” telebista saioak garrantzia itzela du ideiak barreiatzeko eta herrialdean eman den politizazioa bultzatzeko. Duela gutxi Venezuelara maiztasun handiarekin bidaiatzen duen lagun batek esaten zidan harrituta geratu zela “Aló Presidente” saioak duen dinamikarekin. Telebista saio hori ministroen kontseilu moduko bat bihurtu da, non herritarrek, herritar guzti-guztiek, ikusi ahal dituzten gobernuko kideen arteko eztabaidak, Chavezen aginduak… Demokraziaren ikuskera berri bat ikusi zuela esan zidan lagunak.

Ekonomia sozial eta solidarioa Konstituzioan bertan jasota dagoen arren, 2007ko abenduan aipatu testuaren lehen erreforma balioztatzeko egindako erreferenduma galdu ostean jaso zuen bultzada nabarmenena kontzeptuak, 3R deitu zuten prozesuaren baitan: gainbegiraketa, zuzenketa eta ordezkapena zehaztu ziren (hau da, gaztelerazko hiru “r”-ak: revisión, rectificación eta reemplazo). 2007-2013 aldirako garapen ekonomiko eta sozialerako planak herritarren ekoizpen unitateak sortzea eskatzen zuen, herritarren elkarguneei garrantzia berezia emanez.

Herri ekonomia bultzatzeko Chavezek 2004an sortu zuen MINEP ministerioa 2007ko martxoan eraberritu zuten (MINEC da berria, “popular” hitza kendu eta “comunal” jarrita), aldaketa dialektikoa izan bazen ere. MINECek, prozesu bolivartarrean hain ohikoak bihurtu diren hiru misio jarri zituen martxan: “Vuelvan caras”, “Che Guevara” eta azken bertsioa, “Che Guevara misión socialista”. Carlos Lanz idazlearen esanetan, hiru misio horiek garrantzia izan dute herritarrek zuten ikuspuntua aldatzeko lagungarri izan baitira, batez ere garapen endogenoaren beharra agerian utzi dutelako. Lanzek uste du herri mugimenduaren esku utzi behar direla eskuduntzak, instituzioek sortzen duten burokraziatik kanpo.

Ekonomia solidarioaren garapenean akatsak izan diren arren, milioi eta erdi pertsona baino gehiagok ekonomia mota hori oinarritzat duten ekoizpen ereduaren inguruko formazioa jaso dute. Venezuelan guztiz garrantzitsua den faktorea kultura aldaketarena da, indibidualismoa baztertu eta talde bezala pentsatu eta garatzearen bidean baitaude. Ekimen kooperatiboak hobeto moldatu dira herri mugimendutik sortu direnean Estatuko estrukturak bultzatu dituenean baino, nahiz eta joera aldatzen ari dela ere esan genezakeen. Denbora politikoak, denbora teknikoak eta denbora sozialak bat egin behar dute. Venezuelakoa etenik gabeko garapena bizi duen prozesu politiko baten historia da, non oinarri neoliberalak egunero alboratzen diren eta ekoizpen eta erlazio berriak garatzen doazen.

Eduardo Galeanoren “Las venas abiertas de América Latina” berrirakurri dut. Liburuko lehen zatiko azken atalean, idazle uruguaiarrak Venezuelaren deskribapena egiten du. 1970. urtekoak dira liburuan jasotako gertakizunak. Ondoren jakin izan dugun bezala, neoliberalismoaren eta Chicagoko mutilen aroa zabaldu zen orduan, hiru hamarkada iraun zituena. Lerro horiek irakurrita, Chavezek eta Venezuelako herriak azken hamahiru urteotan aurreratu duten guztia onartu behar da. Chavezen zenbait iritzik, edota nazioarteko gaietan askotan nabaritu zaion norabide ezak, ezin ditu ezkutatu eman diren aldaketa erraldoiak. Herritar txiroengan pentsatzen dugunean ikusten dugu Gobernuak egindakoa. Bidezkoa da Gobernua herritarrentzat irtenbide justuak topatzen nola egunero saiatzen den aztertzea.

Brasil

2011. urtearen hasieran Brasil munduko ekonomien sailkapenean zazpigarren postuan bazegoen ere, urte horren amaieran Britainia Handia atzean utzi eta seigarren lekua erdietsi zuen. 200 milioi biztanle. 2010ean %7,5eko igoera izan zuen herrialdearen barne produktu gordinak. Dilma Rouseff presidentearen herrialdea Latinoamerikako garrantzitsuena da, zonalde osoko biztanleen %34 bizi baita bertan eta bere barne produktu gordina Latinoamerika osoarenaren herena baita. Munduan duen pisu estrategikoa izugarri hazi da.

Brasileko errealitatea aztertzeak bere zailtasunak ditu. Venezuelan gertatzen denaren aurka, Brasilek sistema estatistiko egokia du. Ekonomia solidarioaren saiakera Lula Da Silva presidentearekin eman da. Pobrezia hamarkada batean %50etik %30era pasa da, eta pobrezia larrian bizi zirenen kopurua %23tik %8,5era. Langabezia tasa 2008an %8koa zen. Soldata errealak %3,2ko igoera izan du. Venezuelan bezala, eskolara doazen haurren kopuruak gora egin du nabarmen eta hildako haurren kopuruak behera, nahiz eta Brasilen kasuan datu hori oraindik oso altua den ondoko herriekin alderatuta.

Gehien eta gutxien irabazten dutenen arteko desberdintasuna ikaragarria denez, Lularen Gobernuak gastu publikoa handitu zuen. Horrela lortu zuen gutxieneko soldata igotzea, gizartearen babeserako kobertura handitzea, Pertsona Helduen Estatutua egitea eta ustelkeriaren aurkako planak garatzea. “Fome Zero” eta “Bolsa Família” planak ere nabarmendu behar dira, elikadura hobetzeko saiakeren artean.

Ekonomia solidarioa aztertzen hasita aipatu beharra dago Brasilek ez duela lortu diskurtso mailan Venezuelak lortu duen garrantzia. Lulak ez du ekonomia solidarioa bere diskurtsoan horrenbeste txertatu, eta egin duenean mikrokredituekin eta kooperatibismoarekin lotu izan du.

2006an, Ekonomia Solidarioaren Lehen Konferentzia egin zen Brasilen, ondorio gisa honakoak jasoz:

1) Ekonomia solidarioa ezin da izan kapitalismoaren krisia «konpentsatzeko» sistema.

2) Estatu eraikuntza baten parte izan behar du.

3) Garapen orekatua bultzatu behar du, herritarren esku hartzearekin.

4) Protagonista diren subjektuen aniztasuna beharrezkoa da, bai erakundeena bai eskariena.

5) Langileen elkartasun berri bat garatu behar da.

Konferentzian hainbat lehentasun finkatu ziren, elkartasunezko ekonomia horren sostengurako: hezkuntza egokitua eskaintzea, ekoizpenetarako azpiegiturak erraztea, produktuen eta kontsumoaren komertzializazio justua helburu izango duten kanalen eratzea, ekonomia solidarioan dabiltzan erakundeen onarpen juridikoa, eta abar. Horrela, konferentziak herri mugimendu eta ezkerreko sektoreen aldarrikapen nagusia bere gain hartu zuen: ekonomia garatzeko modu horri Estatu izaera ematea. Hori egikarituko balitz, garapen estrategia egoki bat burutu ahal izango litzateke: endogenoa, autogestionatua eta solidarioa.

Venezuelan bezala Brasilen ere, diskurtsoetatik harago gauzatu da politika hori, Lan eta Enplegu Ministerioaren barruan dagoen Ekonomia Solidarioaren Nazio Idazkaritzaren bitartez (SENAES/MTE portugesez). SENAESek aipatu ditugun ezaugarriak jasotzen ditu ekonomia solidarioaren ezaugarri moduan.

Brasilen, gainera, Ekonomia Solidarioaren Brasilgo Foroan biltzen den (www.fbes.org.br) gizarteak sekulako garrantzia du garapen horretan. Munduko Gizarte Foroaren lehen topaketan, gaiari buruzko lantalde berezi bat osatu zen; handik bi urtera hirugarren bilkura egin zen eta Borrokarako Plataforma eta honen Printzipioen Karta sortu zuten. Printzipio nagusien artean honakoak nabarmendu zituzten: finantza solidarioen sistema, elkartasunezko kate produktiboen gauzatzea, eta Estatuaren babesa izango duen politika publiko sendo bat eraikitzea.

Ekonomia mota hori honako eremuetan gauzatu da: %48 nekazaritza eremuetan, %35 hirietan eta %17 gune mistoetan. Nagusitzen diren sektoreak arrantza eta nekazaritza dira (%41), elikagaiak eta edariak (%17) eta artisautza (%17). Antolakuntza ereduari dagokionez, elkarteak (%52), talde informalak (%36) eta kooperatibak (%10) bereizi dituzte. Eredu horretan parte hartzeko arrazoien artean, langabezia eta soldata arruntaz gain, sari gehigarria lortzea dira. Soldatak baxuak dira eta barne produktu gordin osoaren %0,34 osatzen du oraindik ekonomia solidarioak, baina, gutxienez, horretan ari diren enpresa ezberdinen %72 zorrik gabe daude.

Brasilekin amaitzeko, bertan izandako zailtasunak ere aipatuko ditugu. Ekonomia kapitalista ez dago ezbaian Brasilen. Paradoxa sortzen da kapitalismoa ordezkatzea helburu duen eredu ekonomikoa Estatuak berak martxan jartzen baitu, sektore eta eremu jakinetan bada ere. Horrek kontraesanak eragiten ditu Gobernuan, PT alderdian zein giza mugimenduetan. Beste zenbait kritika ere jaso dira: batzuk diotenez ekonomia solidarioak Brasilen izan duen gauzapena, «izan behar» duenetik aldendu egin da; ekimenak baliabide falta izan duela diotenak ere badaude, alegia, pertsonak, azpiegitura eta tresneria falta direla ekonomia berritzaile horrek aurrera egin dezan. Susana Hintzek bere ikerketan ondorioztatu duenez, arazorik handiena Gobernuko maila ezberdinetan ematen den goitik beherako artikulazioaren kudeaketa desegokia izan da. “Beste Estatu bat” eta “beste ekonomia bat” kontzeptuak bultzatu behar dira ekonomia solidarioak bere leku osoa izan dezan.

Bi esperientziak oso ezberdinak diren arren, baldintza aniztasuna azaltzen dute batak zein besteak. Kapitalismoa nagusi den ekonomia mistoa ematen da bi herrialdeetan; ekonomia solidarioaren ezaugarriak ematen dira. Eredu mikroekonomikoan elkartzen dira gero eta langile gehiago, sistemikoa bihurtu nahi den bilakaera gero eta iraunkorrago batean. Venezuela eta Brasil funtsezkoak dira politika ekonomiko hori instituzionalizatzeko eta iraunkortasuna lortzeko.

Azken hamarkadetako bilakaerak lagunduta, Latinoamerika osoan eta bi herrialde horietan zehazki, baldintza objektiboak eta subjektiboak ematen dira ekonomia solidarioa martxan jarri eta garatzeko. Euskal Herrian gertatzen den bezala, ezkerreko sektoreek botere instituzional itzela dute aztertutako bi herrialdeetan eta Estatuko erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte mugimenduaren arteko lotura guztiz erabakigarria da ekonomia kapitalistari amaiera jartzeko bidean. Ekonomia sozial eta solidarioak ezin du kapitalismoak eragiten dituen hutsuneen osatzaile izan. Eredu berriak martxan jarri behar ditu, egungo harreman ekonomiko osoa eraldatzeraino.

Argentinan 2001-2002 aldian bizitakoa eredu da gaur egun alor ezberdinetan. Esanguratsua da aztertzea nola eratu ziren truke harremanak, nola langileek kiebran jauzitako enpresak altxatu zituzten kooperatibak sortuz…

Bolivian Red Electricaren eta Argentinan YPFren desjabetzeak eman ostean, lagun batek nabarmendu zidan nola aldatu diren gure pertzepzioa eta denboraren kudeaketa, urteak behar izaten baitira duela 30 urte ezinbestekotzat jotzen genituen aldaketak egiteko. Agian horrela da. Urteetako menderatzeak eta zanpaketak pauso bakoitzaren tempus-a ondo neurtzera daramatza aktore guztiak. Nahi baino motelago bada ere, sistemaren egungo krisia aukera aparta da sistema berriak eta eredu berriak martxan jartzeko. Hemen urruneko adibideak diruditen arren, zer ikusia eta zer ikasia badugulakoan nago.

P.D.: Ezin du beste modu batean izan. Artikulu hau espetxean ezagutu eta bertan utzi ditudan lagun eta senide guztiei eskaini nahi diet, bereziki Santiri, Garrastatxori, Xabiri eta Olatzi.

Advertisements